Bozkatuko dute

Bozkatuko dute –

Bozkatuko dute

Luzea da Kataluniako urriaren 1eko erreferendum independentista galarazteko Espainiako estatuak hartutako neurrien zerrenda. Baliteke ezer berririk ez esatea: legez kanpokotzat jo zuen Auzitegi Nazionalak Erreferendum Legea. 10 milioi boto-paper harrapatu zituzten. Ehunka milaka kartel atxiki. Hauteskunde mahaietako kideei bidali beharreko 45.000 jakinarazpen konfiskatu. Kanpainako ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu. Fiskaltzak aginduta Generalitatearen 14 goi kargu atxilotu zituzten. Hautes eskoletako zuzendariak mehatxatu. Sedizioa egotziko diete ANC eta Omnium-eko buruzagiei. 144 webgune itxi dituzte. Hauteskunde Batzordeko kideei egunero 12.000 euroko isuna ezarri diete. Istiluen aurkako 8.700 polizia eraman dituzte Kataluniara, estatu osoko %75. Mariano Rajoy presidenteak hamaika aldiz errepikatu du: “Ez da erreferendumik egingo”. Espainiako prentsak desegintzat eman du erreferenduma antolatzeko antolakuntza.

Eta hala eta guztiz ere, adi Iñaki Gabilondo kazetariak –bada nor– igandetik hiru egunera esandakoari: “Erreferendumak jada ez dirudi hain etsia. Eta deusezteko gaitasunak ez dirudi hain gai”. El Pais-en gainbeheran, Gabilondoren bideoak babestu beharreko espeziak dira.

Kataluniak beldurra galdu du. Independentistek ez diote estatuari beldur. Ez behintzat honek nahi duen izu mailaren hamarrena ere. Egoera emozional honek gogoratu dit ikusi berri dudan ‘It’ filma, Stephen Kingen pailazo hiltzailearena (adi!spoilerra). “Zuen beldurrarekin elikatzen naiz”, dio Pennywise gaiztoak. Ikaraz bizi diren haurrek, baina, une baten haien burua ahaldundu, beldurrak gainditu, eta pailazoa akatzen dute. Konparazio bat da. Ez naiz hain inozoa: agerikoa da estatuak sortzen den beldurra oso erreala dela. Isunak, espetxeratzeak, kaleratzeak… beldur apurra izatea ez da soberan, kontrara, baliogarria izan daiteke, paralizatzen ez zaituelako. Epaitegien zigorren ajeak etorriko dira seguruenera, baina hori, beste baterako alboratu dute.

Milioika lagun aldamenean dituzunean, emozioa eta irmotasuna bor-borka dagoenean, Alaitz Estobank ZuZeun ondo azaldu bezala, garaitezin uste zara. Ez zara, baina uste duzu baietz. Hor sortzen da pentsamendu magikoa, oztopoak, benetakoak, ez ikustean. Pentsatzea: “Gure esku dago”. Arrazoi izatea nahikoa dela irabazteko. “Demokrazia beti da garaile”, zioen Joan Tarda ERCko diputatuak, ebidentzia historiko guztiak zakarrontzira botaz. Jarrera honen ifrentzua da Katalunian ikusten ari garena: matxinada herritarra. Inteligentea. Malgua. Eskoletako zuzendariek Hezkuntza Sailburuari eskatu diote haien kargua bertan behera uzteko, eskolak zabal ditzaten zigorrik gabe. Kontraesan eta efizientziaren malabareetan maisu demostratu dira prozesistak.

Erreferenduma ez da gauzatuko behar bezalako moduan. Hori hala da. Oztopoak sortu dira; konponbideak duda-mudakoak: bozkalekuak interneten begiratu behar dira. Boto-paperak, badaezpada, etxetik eraman. Oraindik gainera, erroldaz ezer gutxi dakigu, ezta hautestontziak nondik aterako dituzten ere. Lardaskeria dirudiena baina salbuespen egoeran baliagarri bihurtzen da. Ala ez. Igandean ikusiko da: 3 milioi bototik hurbil beharko luke zenbaketak arrakasta benetakoa izan dadin. Espainiaren eragozpen guztiek independentzia akaso zaildu dute, baina, prefosta, trukean, nazio katalana neurrigabe indartuz.

Igandearekin, badirudi, –aitortzen dut “Bozkatuko dute” esatea profezia hutsa dela– Mossoek ez dutela botorik galaraziko, “hiritarren segurtasunaren” izenean. Broma dirudi. Egurra zirt eta zart eman duten Mossoak bakezale plantetan jartzen. Baina legearen bihurguneetatik ateratako aitzakia hori da; Joaquin Forn kontseilariak agindutakoa. Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren esku dago beraz bozkaketa galaraztea, behin New York Times-eko argazkiari beldurra galduta. Legeari atxikiz baina, gerrara doazenak bezala agurtu dituzten poliziek atzo baino aukera gutxiago dituzte. Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak fiskaltzaren aginduak leundu ditu. Ez du aurrerantzean debekatzen hauteskunde eskoletan eta lokal pribatuetan bozkatzea. Zirrikitua ez da edonolakoa.

Mediterraneoko itsaso barean olatua sortu da, tsunami historikoa. Esajeratu gabe nabil. Ikasleen greba eta mobilizazio erraldoia da azken ikurra. Gezurra badirudi ere, katalanena izango da hitza. Itsu izan eta besteak mutu nahi dituztenek errealitate paralelo gisa gutxiestu dutena, sudurren aurrean gertatzear dago. Itsu eta gor. Donald Trumpen aurrean gezurra zion Mariano Rajoyk, edo ezjakin hutsa dela erakutsi du enegarrenez: “Edonork daki ezingo dela erreferenduma egin. Ez dago boto paperik, ez mahairik, ez jendeak ezagutzen dituen lokalik”.

Sasi guztien gainetik, amestu baina apalago, urriaren 1ean bozkatu egingo dute. Amesgaiztoa baina Madrilen izango dute. Biharamuneakoak, bere momentuan aztertuko ditugu.

Bozkatuko dute

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Bozkatuko dute”-ri buruz