BozCATu ala AsCATu?

BozCATu ala AsCATu?

Patxi Lopezen (PSE) jaurlaritzan kultur sailburu izan zen Blanca Urgellek, Kataluniari buruzko idatzia eman du Alea agerkarian.

Igandean ETB1 hiru-lau orduz ikusten aritu nintzen goizean, Catalunyagatik begi-belarriak telebistan iltzaturik. Poliziaren kargak, pilotakaden tiro-hotsa, herritarrak ate aurrean, atartean eta eskaileretan gora paratuta, letorkeenari igarobidea oztopatzeko prest, eskuak gora polizia agertzean, begiak zabal-zabalik segurtasun-indarrek indarkeria ez ezik krudeltasuna ere bazerabiltela egiaztatzean. Ilarak, eserialdiak, lasterketa gutxi eta itzulipurdi dexente; 36ko gerla pairatu zuten nagusiak, frankismoan bizi izan ziren haien seme-alabak, horiek zer izan ziren nekez bai nekez dakiten gazteak. Ideia eta irudi kaleidoskopioa.

BozCATu ala AsCATu?ETB1-ek bat-batean lotura moztu zuen, eta horrek gogoratu zidan etxeko lanak ere egin behar nituela. Tarteka, twitter bidez, berriro ere itzultzen nintzen igandeko gazi-gozoez jabetzera: hautes-eguneko pozgarriak eta errepresioaren gehiegikeriak, iritzi orekatu eta desorekatuak, ondorio begi-bistakoak (DUI abian jartzea) eta ondorio ezezagun bezain beldurtzekoak (Rajoyren gobernuarenak, batik bat).

Lehengusuari deitzeko gogoari ezin gehiago eutsi. Hauteslekuan harrapatu nuen oraindik, goizean goizetik han egon eta gero, eta semeak gaupasa eginda. Biok ados gaude: behar bezalako erreferendum bat ezinbestekoa da (ezinbestekoa zen lehenago ere). Baina hori bezain ezinbestekotzat dugu biok herritarrok politika aktiboa aldarrikatu eta praktikatu dezagun, politiko profesionalen esku hutsetan —uler bedi “huts” nahi den adieran— utzi gabe. Bon dia!

BozCATu ala AsCATu?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.