Boterea eta matxismoa

Boterea eta matxismoa –

Ez ditut boterearen pasioak arbuiatzen. Arrak, bizitzaren bigarren garaiko osagarriak izan arren, beharrezkoak dira, baita haien pasioak ere. Haien mugak, halere, ezagutu behar ditugu. Izan ere, pasio horien korronte bizian arretarik gabe sartuz gero, jarrera eta ohitura matxistak nahitaez areagotuko dira. Botere feminista aldarrikatzea zilegi eta beharrezkoa da, baina boterearen egitura biologiko eta antropologikoa kontuan hartu gabe, boterearen lakioan eroriko dira emakume horiek.

Emakumeak kontraesan batek harrapaturik daudela dirudi. Alde batetik, emakumeek boterea eskuratu behar dute, hau da, botere eremuan gizonezkoak bezain protagonistak izan behar dute; bestetik, botereak gizonezko pasioak bultzatzen ditu. Hala bada, boterea bilatuz gero, gizonezko pasioak —  oldarra, hierarkia, jabetza — bultzatuko lituzkete emakume ausarta horiek. Emakumezko pasioak —  bakea, berdintasuna, elkar laguntza —  babesteko, ginezeoan geratzera kondenatuta daudela lirudike.

Lehentasunean dago gakoa. Matxista izatea ez da botere pasioak izatea;  botere pasioak lehenestea baizik. Botere pasioak lehenesteak, bai, nahitaez gizonezko pasioak bultzatu eta goresten ditu. Botere pasioak lehenesteak, aldiz, emakumeen pasioak azpiratu eta baztertzen ditu. Hor dago emakumeen (eta euskaldunen) erronka. Boterea eskuratu behar dute, baina boterea lehenetsi gabe.

Zer esan Lagarde andrea bezalako feministei buruz? Haiek lortzen duten botereak emakumeen askapena ekarriko al du? Galdera bera egin liteke boterea itsu-itsu bilatzen duten feminista erradikalei buruz. «Botere» hitza ezpainetan dute beti feminista sutsu horiek. «Gora borroka feminista» oihu egiten dute. Baina borroka horrek gizon iraultzaileen «betiko borroka» gehiegi gogorarazten du. Boterea ez da neutroa, maskulinoa da berez; eta «betiko borroka», matxista. Feminista horiek, ezkertiarrak izan arren, Lagarde eta halako emakume boteretsuak bezala, «zakilaren inbidiak» bultzaturik daudela dirudi.

Feministen atxikimendua eta karra bikainak izan dira, baina lorturiko fruituak gazi-gozoak. «Etsaiarentzat lan egiten ari gara?», galdetzen dute kritikoenek. «Aldapan gora eta guztien aurka boterea eskuratuz gero, azkenean emakumeen kontra bihurtzen da botere hori».

Emakumeek nahiz euskaldunok boterea eskuratu behar dugu. Baina, litekeena al da boterea gutiziatu eta eskuratzea haren lakioetan erori gabe?

Boterea eta matxismoa
Galo

FILOSOFO OHIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude