Bilderberg Taldearen hautagaiak, bai edo bai irabazle?

Bilderberg Taldearen hautagaiak, bai edo bai irabazle?Gainean ditugu hauteskundeak eta gure arteko solas/hedabide askok heldu diote gai mamitsuari. Esan izan da inoiz baino zabalago daudela Espainiako gobernurako aukerak, eta ez da oharkabean joaten hor dagoela Podemos gaztea, ezkerreko kaleko protestetatik sortutakoa, baita Ciudadanos ere.

Badira beste batzuk, baina Espainiako informazioaren korporazioek egin dute hautua: UPyD-ren traba alde batera utzi, eta Ciudadanoseko belaunaldi berriei bidea zabaldu. Euskal aukera politikoak, baztertuta ohi bezala, ezker abertzalea lehenik eta behin (noski), baita katalanak ere (areago une honetan, prefosta). Berdin dio (edo horregatik) azken hamarkadetan bi nazioak Espainiako politikaren eztabaiden eta tentsioen erdigunean (eta giltzarri) egon izana. Beraz, tabuak (nazioak) behin finkatuta, demokraziaren festa delako honetan, A3 Media korporazioak lautan utzi du hautagai-kopurua edo Espainian existitu behar den errealitatearen mugak.

Presidente izateko hautagaien profil psikologikoetan oinarritutako kanpainan, Estatu Batuetan ohi den legez, profilei erreparatu behar. Nik ez dakit oso psikologikoa izango naizen hala ere, ezta oso objektiboa ere, baina bai hemerotekario samarra.

Aurreko batean aipatu nuen, eta berriz hari horri helduko diot. Hedabideen korporazioen aukeraketa honetan, badugu Sanchez eta, badakigunez, Bilderberg Taldearen goi-bilkuran izan zen bera duela hilabete batzuk. Handik indarberrituta, Paton jeneralaren eskuliburua (tira, edo antzeko zerbait) besapean hartuta itzuli (kaskoa etxean utzi) eta piperpoto kolore bizikoa gibelean zabaldu zigun.

pedro_sanchezSanchez bakarra ez da, ordea, eta hor dugu Saenz de Santamaria, izenez Soraya. Soraya izan dugu A3 Mediaren telebistako debatean (abenduak 7), eta ez txapapote-galipotaren lorratzean puztutako Rajoy, eserlekuan telebistari begira okupatuta egon da. Saenz de Santamaria politikari profesional hau Bilderberg Talde esklusiboaren bilkurara bertaratu zen 2012an. Estatu Batuetako Chantilly-Virginian izan zen handikien eta aberaskiloen zorione(ra)ko topaketa hori. Sekretuak dira bilkura horiek, ez kazetaririk, ez konturik eman.

Hala ere, zeozer argitaratu da 2012ko bilkura horren gainean. Kritika zorrotzak eta salaketak jasan behar izan zituen bertan gure Saenz Andramarikoak, benetako datuak zituzten bilkura-kideengandik: Espainiaren zor publikoa % 109 zela, Frantzia edo Alemaniaren bikoitza, eta adierazgarriago: eraikuntza-sektoreko mailegu ordainezinak BPGaren % 40 zirela benetan, eta ez Espainiako gobernuak ozen (eta ahobero) aireratutako % 20.

Noski, Chantilly-Virginiakoak ez ziren kritika poetikoak, pragmatika hutsa baizik. Alemaniak, kulturaz, kezka handiz hartzen ditu finantza-munduko datuen manipulazioak. Utzidazue ahotan hartzen (aireportuan, merke erositako) Michael Lewis Estatu Batuetako kazetariaren Boomerang liburu saritua. 2008ko krisiari buruzko liburu horretan, idazleak nolabaiteko harriduraz aipatzen du alemaniarrek finantzetako erregelei buruz erakutsitako fedea: benetan fio ziren Merryl Lynchez (PriceWater Cooper’s eta Lehmanez) eta Estatu Batuetako auditore-konpainiez eta beren AAA-rating distiratsuez, hara! (Inozoak!)

Hori aitzaki hartuta, baina kontua da bilkura horretan alemaniarrek purrustada beroa egin bide ziotela Sorayari, “zuen banku-sistemak ez du ezer balio” eta, beraz, espainiarrek ezin omen zuten Alemaniaren finantza-laguntzarik espero. Bestela esateko, mezua argi zegoen: Espainiak, kontu sakratuenetan ere, diru-gaietan, ez du sinesgarritasunik. Hala ere, herrenago edo zuzenago, laster ikasten duen karrerako politikari ernea izaki, Saenz de Santamariak lasterketan jarraitu du nola edo hala hesia gaindituta, bilkuratik onik ateratzea lortu zuela alegia. Ezin esan bere karrera politikoari buruz irmo sinetsita ez dagoenik, handikien Taldekoei oso estimatzekoa zaien egonarria du neskak.

albet-riveraHirugarren hautagaia Ciudadanoseko gaztetxo jakobino (santiaguino) lerdena dago, Albert Rivera, argazkien kuttuna. Gaztetxoak askorako denborarik ez, baina IBEX35ko ordezkariekin biltzeko astia bai behintzat, haiekin harreman lotesle bat sortzeko beste.

Besoa altxata (eguzkiari begira eta alkandora urdinez beharbada) ateratako gazteagotako argazki batek ere bere alde kokatzen du, hara! Argi utzi du ere: inolaz ere ez du aliantzarik egingo Rajoyrekin.

pablo-iglesiasAzkenik, antagonista dugu: Pablo Iglesias. Nekez sar daiteke Bilderberg Taldearen planetan, haren bilkuretan ez da egon ere (atzeko ateko katazulotik trebe-trebe sartu ez bada behintzat), baina mezua ere denboraren poderioz leundu egin du, zer gerta ere, aliantzetan txertatua izateko modua ez galtzearren.

Txapapote-galipota zaila da kentzen Rajoyren barneko jantzietatik, galipotak sorgortutako, estilo zaharreko gure galiziarraren zama astunegia da Bilderberg Taldearen begietan. Afera publikoetan sinesgarritasun gutxi edo batere ez izan, taldekide zintzo bat izango da Espainiako presidente, beste norbaiten laguntzaz noski. (Pare bat aukerako) kinielak, artean, zabalik!

Bilderberg Taldearen hautagaiak, bai edo bai irabazle?

Bilderberg Taldearen hautagaiak, bai edo bai irabazle?

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.