Biladi Hadi: ahaztualitatea eta palesmina

Biladi Hadi

Munduan gauzak gertatzen dira, uneoro, eta aurreko batean itzela iruditu zitzaidan txio batean honakoa irakurri nuen: “jope, gauza gehiegi gertatzen ari dira denbora guztian, ezin dut erritmoa jarraitu”. Bagdadeko enegarren sarraskia, Nizako atentatua, Turkiako kolpea (batek daki nork emana) … Abenduan sortu nuen kontua twiterren, lan kontuak medio, eta konturatu naiz, koiunturaren kontuak kontu, kontuz kontatu behar direla kontatu beharrekoak. Erritmoa biziki azkarra da, unean-unekoa, eta beharbada momentuan interesik ez daukaten txioen artean txio interesgarriek egin dezakete alde, ura eskuekin edaten dugunean hatz artetik ihes egiten duten tantak bailiran.

Munduak bere martxa dauka, egunerokotasunak lez: amak zarama darama; jartzen dugu enpeinua leinuaren diseinuan, erdeinuz; garaiz hoa, eta bat-batean beharrak bultzatuta eskuan aiztoa daukan gaiztoa haiz. To. 

Munduaren lehen lerroko marrak irensten ditugu, baina dominetan bezala, badaude zilarrezko ilarak, eta brontzezkoak, eta kobrezkoak, eta txapazkoak. Aktualitatearekin batera, atzetik baina paraleloan, doan ahaztualitatea. 

Biladi HadiKonstante bat da Palestina. Beti hor dagoen eta sekula konpontzen ez den gatazka; luzerako joko duena, gazamortuan palesmina, Hebron alde honetan edo bestean, Belenen ez da gabon izpiriturik (sekula Santan, Satan); Belenek Nablusi ipurbeltz. Nablusen ez dute bluesik dantzatzen blusek eta neskek. Ein zan lo eta Jan Yunis mehe. Dayr al-Balah herrian beti da Balaren Eguna. Jerusalemgo ekialdea ez da beti ekiaren aldea, hiriko sortaldea bizitza askoren sartaldea baita eguneroko jario etengabean. Gerra, eta aiherra.

Palestina konstante bat da, eta niretzako, Biladi Hadi lana ere bai. Biladi hitzak arabieraz “nire herria” edo “nire lurra” esan nahi du, eta palestinarren ereserkiaren izenburua ere bada. Webgune honetan ikusiko duzun proiektua Biladi Hadi elkartasun brigada kulturalak, Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera, garatu zuen. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada izan zen, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean diharduten euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste.

Ez ditut testu guztiak irakurri oraino. Niretzako sukaldaritza liburu bat bezalako zerbait izan da; errezeta baten bila jo dut beragana maiz, ez dut inoiz irakurri ezker-eskuin. Albistegietan zerbait ikusi eta gero, edo sare sozialetan irakurri, edo brigadista batekin izandako elkarrizketaren ostean bere orriak zabaldu, eta oso ondo definitzen ez dakidan zerbaiten bila hasten nintzen. Epe luzerako erantzun bat edo.

Argazki ederrak atera zituzten brigadistek, eta ondoren hainbat lagunek irudien inguruan idatzi zuten; neronek ere egin nuen idatzi txiki bat. Baina zuzenean hona ekarri nahi dudana beste bat da: Koldo Alzola, Komite Internazionalistetako kidearena. Berea dira bai testua eta bai irudia; eta kuriosoa da, zeren eta paralelismoetara eta bigarren ilara zein dimentsioetara joz, DUT-en “bandera trapu da” (Haize eza) kanta beste era batean entzuten dut orain. “Zure hanka artea da nire aberri bakarra” irakurri nion behin norbaiti, eta kasu honetan “zure kuleroak nire bandera” erantsi behar genioke, cool eroak izan gabe. Checpointaren aurrean esekitokia, askatasunaren Finisterrea, “jende jantzia” kontzeptuari merezi duen esanahia josiz, zarpaildua dena zaildua izan denaren seinale.

MENDERAEZINEN BANDERA

 

Biladi Hadi

“Errepide ertzean asfaltoan irekitako pitzadura batetik ateratzen den bitxiloreak bezala bizitzak gainezka egiten du, zirrikitu bihurrienetik ere agertzen da bizitza, gutxien espero duzunean, zure harritzeko gaitasun zaildua gainditzeko. Baita Gazako Rafah hiriaren azken muturreko azken karrikako azken etxean ere, edo hobeki esanda, garai batean etxea izandako porlan, adreilu eta burdinazko hezurdura hauskor horretan. Azkena da, abangoardia. Harago ez dago ezer, hondakinez beteriko orubea baino ez, Philadelphia korridorea deritzotena, Israelgo armadak, betiere segurtasun arrazoiak tarteko, Egiptorekiko muga eta Rafa artean irekitako eremu hutsa. Garai batean milaka gazatarren bizitokia zen auzo populatua birrindu, eta 200 metroko luzerako eta 10 kilometroko zabalerako txikizio-esparrua sortu zuten Israelgo Caterpiller hondeamakinek. Eta 200 metro horien beste aldean, kontzentrazio eremuaren ertzak mugatu, eta ortzimugaren ikuspegia galarazten duen burdinazko pareta erraldoia. Eta harago Egipto, atzemanezina. Horma zulatu horiek txikizioaren, bonbardaketen, eta auzokoen kanporatzearen lekuko izan dira, eta, hala ere, azkenak izan dira suntsituak izatetik libratzen… Irudiezina da bizitza arrasto bat topatzeko leku okerragorik. Baita hor ere, birrindutako etxeen hondakinen zurrunbiloaren erdian egiten du gainezka bizitzak. Eta bertan irauten dutenen arropa zabaldua bandera bat da, harro, duin, arerioari hortzak erakusten dizkiona. Menderaezinen bandera.”

Baina errezeta liburuaz gaindi, unean unekora jauzi egin nahi baduzue, izan uda honetan bertan dauden brigadisten berri @BRGDPalestine bidez.

Biladi Hadi
bandera, biladi hadi!, brigadak, erresistentzia, internazionalismoa, Palestina, trapua
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude