Bien arteko antzekotasuna aurkitu: pastela jan/jipoia eman

poliziaLiteratura baliabideetan trebea behar zuen izan halako analogia biribila idatzi zuen poliziak: “Gozotegian izan eta pastel zatitxorik ez jatea bezalakoa izan da nirea”. Katalunia plaza husteko saiakeran inor ez jotzeaz errukitu zen gizona Facebooken. Zigor espedientea ireki omen diote denok dakiguna esateagatik: zirraragarria zaie porra atera eta giza azalak belztea.

Sadismo (Elhuyar-Elkar Euskal Hiztegi Modernoa):  Besteei sufrimendua sortaraztean sentitzen den atsegina edo besteen zoritxarrarekin lortzen den gozamena.

Gogoeta sakonik egin beharrik ez dago poliziak sadismoaren atzaparretan erortzeko aukera handiak dituztela baieztatzeko. La Pollaren abesti batek sintesi azkarra egiten zuen honen harira: “era un hombre y ahora es poli”. Biolentzia legitimoaren babeslea, demokraziaren izenean jipoiak emateko eskuak libre dituen instituzioa. Morrosko askoren ametsa! Bizitza hutsalari gatza eta piperra eskaintzen dion droga, edo, bestela begiratuta, giza duintasuna eta demokrazia kontzeptua lokazten duen jarduna.

Zer sentitzen du polizia batek pertsona baketsuak kolpatzean?


Borra, metalezko bota, pistola, ur txorrotada eta gasa tresnak omen dira askotariko helburuak lortzeko: bake soziala, elkarbizitza, legearen inperioa… Gomazko piloten danbatekoak eta noraezeko korrikaldiak hain ezagun diren herri honetan uste hori zalantzan jartzeko arrazoiak daude. Poliziarentzat biolentzia tresna baino helburu bilakatzen da bi oldarralditik hirutan. Hori ikusi eta igarri egiten da.

Biolentzia eta gozamena lotzen dituzten esperimentu zientifikoak soberan dira, esperientziak baieztatu du biolentzia eragiteak gizakiaren egoa elikatzen duela. Hala ez bada, ea noiz asmatzen duten superheroi baketsua. Halakorik ez dut gogoan, bai ordea pistolaren katua sakatzearekin batera eskuarekin potroak heltzen dituen polizia.

121 pertsona zauritu zituzten Bartzelonako Katalunia Plazan, ubeldurak eta odol zipriztinak nonahi. Biolentziaren tresna ederki erabili zuten. Plaza, ordea, ez zuten hustu, ordu gutxiren buruan aurretik egon zirenak baino ehunka gehiago bildu ziren. Pentsatzekoa da polizia operazioa diseinatu zuena ere edo, odolzale sadikoa zela, edo, bestela, ergel galanta.

Profesionaltasuna? Ikusi ez bagenitu haien botere armatuaz harro eta “gizon” sentitzen…

Polizia beharrezkoa dela? Baliteke, baina era berean bortxazko zentzugabekeria hauek sistemaren zilegitasuna amildegi bazterrean jartzen dute.

Bide batez, pastela jatearen eta jipoiak ematearen arteko antzekotasuna aurkitu ez baduzue, ederki. Biolentzia eta atsegina lotu badituzue, frogatua gelditu zaizue edonork izan dezakeela atsegin/biolentzia harremana hor nonbait ezkutatuta.

 

Bartzelona, biolentzia, polizia, sadismoa

3 pentsamendu “Bien arteko antzekotasuna aurkitu: pastela jan/jipoia eman”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-06-01 16:10

    EZ nau batere harritzen polizi batek hori esan izanak. Amorrarazi bai, noski.
    Zenbatetan etorri zaidan burura azken aste hontan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, orain urte bete edo, izan zen neska hura. Bere lana gossoen lana demokratizatzea edo gizatiar egitea omen zen. Askotan egiten dutena egiten badute, nola jokatu ez dakitelako izaten dela argudiatu zuen hark behin eta berriz. Parean Mossoek, GC-ak, Polizia Nacionalak, Ertzainek edo eta kolore guztietako udaltzainek jipoitutako jendea zuen, bere lanaren absurduaz konbentzitu nahian.
    Pagatu egingo nuke neska haren aurpegia ikusteagatik, eserita dagoen gazte batek aurpegia estalita, kaskoa, porra, pistolak, balak, ezkutua eta instituzioak bere alde dituen izaki batek jipoitu ez dezan eskapo egin eta zakurrak “ven aquí cobarde!” ohiukatzen dionean.

  • Neska hura, Amnesty Internationaleko Anneke Osse zen. Bidea helburu taldeak gonbidatua etorri zen Indarkeria ezako 9. jardunaldien barruan.
    Informazioa hemen.

  • Amonamantangorri 2011-06-04 00:08

    Euskal Herrian badakigu mossoek beren lana besterik ez zutela egin. Oraingoan jipoiek Espainiako hedabide handietan oihartzuna eduki dute, eta irudiak sare sozialen bidez zabaldu dira. Hori gauza berri bakarra. Buenafuentek monologo bat eta guzi eskaini zion gaiari.

    Poliziaren jarduteko moduak amorrarazi egin gaitu, beti bezala, baina gertaera hauekin harritu, asaldatu, bat-batean kezkatu direnak, edo “iragan urruneko garaiak gogoratu” dituztenak, horiek, Anneke Ossek bezala, ez dakite zein mundutan bizi garen. Nire inguruan jendea haserre xamar dago aspalditik, 50 orrialdeko liburuxka batek holakorik agindu beharrik gabe.

    Metodo baketsu ez-biolentoek duten akatsetako bat hori da. Herrialde batzutan gutxi gorabehera seguru zaude lurrean eserita zauden bitartean ez dizutela muturra txikituko, eta horrek igual, aizu ba, lagundu egiten du. Espainian ordea… Zoaz zoaz, spanishrevolution, istiluen aurkako polizien aurrean eserialdi baketsu bat egitera, loreak eskuan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude