Biela hutsa artzain

Biela hutsa artzain –

Idoia Zengotitabengoa Lakak, Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Zerbait gaizki egiten ari gara. Ba omen daude pobreziak lotzen dituen bi mutur: soinean dudan kamiseta josten ibili denarena, eta erosi duenarena. Bakoitza mundu txoko ezberdinetan. Baina pobrezia ez da han nonbait dagoen zerbait. Eta erdian, erdian zapaltzailea, behar bi horiek lotzen dituena, etekinez eta garapenaren izenean.

Biela hutsa artzainBa omen, osasun beharrei aurre egiteko sendagaiak ezin eskuratzeak. Asteotan nire gorputza apaltzera eta pausatzera eraman nauen horren aurrean «pilula hauek sendatuko zaituzte baina garesti dira, edozeinek ezin ditu erosi ahal» ahotsa, eta mina edo amorrua, ez nago seguru. Baina ezintasun hau ez da han nonbait dagoen zerbait.

Ba omen Josefa, baina baita Christelle, Moussa, Ehsaan, Nadeem… edo soinuz aparteko diruditen 559 –soilik zenbatu ahal izan diren–  gorpu itsaso txiki eta sakonean. Behinola amets izan zuten gorpuak, maitatu zutenak, irakurri, lan egin edo abestu. Baina izen guzti horiek ez dira han nonbait daudenak.

Guzti hau bada han noski, baina bada ere hemen, bada nigan eta zugan. Bada gehiengoarengan. Kalean gurutzatzen garen guzti horien begiradetan, egunetan, keinuetan… Nor izatearekin du zerikusia, eta beraz, nor ez-izatearekin ere bai halabeharrez. Eta batzuk, gehiengo batzuk, inor ez izatera kondenatuak gara. Jaio, hazi, hezi, hil . Ez da izan denontzat berdin. Anonimotzan ahaztuak dio kantuak.

Eta zer eta… geroz eta indibidualistago eraikitzen ari garen ingurune honetan, badirudi guztia, norbere arrakasta den guztia noski –ez utzi zilborra begiratzeri!–, esfortzu pertsonal amaiezinaren neke gainean eraikitzen dela. Eta ondorioz, logika honi jarraiki, porrota ere bai. Funtsezko ideia kapitalista: lan egin eta lortuko duzu. Eta beraz, lortu ez baduzu, zeure burua nahikoa esplotatu ez duzulako izango da. Berdintasun faltsua. Nazkatzen nauen berdintasun faltsua, ekintzailetasuna eta garapena. Berdintasun hitz berritan ezkutatzen diren eredu zaharrak. Zerren arabera neurtzen duzue baina zuek – poltsikoak diruz beterik dituzuen gutxi horiek– gizarte garapena eta arrakasta? Enpresekin zenbat milioitako inbertsioa sinatzen denaren arabera? Zerren arabera oka egiten duzue hemen hobeto bizi garela? Nor bizi da hobeto –eta zeinen bizkar–?

Zenbatetan erosi nahi izan dugu etengabeko gose hori?

Hori gutxi ez eta, denontzat berdin ez izate horren arrazoiak existitu ez balira bezala, naturaltzat edo guretiko kanpokotzat aurkezten zaizkigu behin eta berriz. Sistema logika hau da naturala aizue, naturala eta funtzionatu duen bakarra –ez badu ere gaurdaino inoiz funtzionatu–. Garrantzia kendu gabe norbere ardurari, pobrezia puntu bi horiek elkartzen diren etekin erdigune horri so egin beharko genioke gehiagotan. Naturaltzat den horri kolpe egin. Eraldatu. Geu ahaldundu behar ginateke. Burujabetu. Guretik, txikitik, territoriotik, bestelako zera hori egin.

Ba omen, segundo gutxietako irakaspen labur bat, bizitzaz asko dakien baten pentsamendutik, tiempo de vida-ri buruz, erosi ezin daitekeen gauza bakarraz, bizitzaz beraz. Ez da zilegi ezer ez egitea, ez da zilegi ez hautatzea, ez da zilegi ez amestea, ez da zilegi ez ekitea. Bestela, sistema bera birsortzen ariko naiz. Eta zerbait gaizki egiten ari gara, zerbait baino gehiago.

Ba omen pinguino bat ere guzti hau azalean marraztua duena, munduan zehar pajarita berde baten bila. Oihal amestu horietako bat opari ederra, baina egun batzuk aurreratzea litzateke.

Biela hutsa artzain Biela hutsa artzain Biela hutsa artzain Biela hutsa artzain

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.