Biek galdu, guztiek irabazteko aukera izateko

Biek galdu, guztiek irabazteko aukera izateko

“Kazetaritza okerrena iragarpen kazetaritza da. Etorkizuna dakitela uste duten kazetariena”.

 David Remnick

“Espekulazioaren balioa ez da iragarpena, hausnarketa baizik”.

Humans CCCB

Sinistu ezinezkoa da Junts pel Sí-k eta CUP-CC-k in extremis lortu duten legebiltzar itun politikoa. Inork ez zuen horrelako akordio akrobatikorik iragarri. Eta tinta asko isuri da gaiari buruz. Prozesuaren Dragon Kahn-ean beti gehitzen da loop berria. Paradoxa izan da prozesuaren bidelaguna, baita oraingoan ere, are biderkatuagoa.

“Mas o Març”, dilema hiperurratua zakarrontzira bota dute azken minutuko negoziazio xelebre, nabarmen, arraro, bitxi hauetan. Aristotelesek esana omen da: “Politika posible denaren artea da”. Ezinezkotik hatz erdira zegoen indar subiranista katalanen artekoa. Posible zen beraz.

“Zer emateko dago Junts pel Sí, Mas presidente izan dadin?”, hortik, “Zer emateko dago CUP Artur Mas presidente izan ez dadin?”, galderara pasa dira negoziazietan.

Irailaren 27tik hona gertatu eta esan direnetan sakontzeko denbora izango da. Zaku bete ikasgai eman ditu politikan eta politikaz ari direnentzat. Kontraesanen itsasoan daude horiek denak. Usteak, erdi ustelak, zirenak eta litekeenak.

Independentisten gehiengo parlamentario ezinbestekoa lortu dute, bidean asko utzita Junts pel Sí-k zein CUP-CC-k. Haiena eta haien jarraitzaileena izan da hiru hilabete pasako herioa. Hobe zatekeen ibilbide neketsua aurreztea, baina ez du bueltarik. Gauzak konplikatzeko baldarkeria ikaragarria, itun aparta eskuratzeko abileziak besterik ez du gainditu.

A priori, egindako negoziazioen planteamenduan CUP atera da berearekin, Artur Masek presidente izateari uko eginda. Mas, galtzaile. Bestetik, ordea, antikapitalistek JxS indartu dute, beraien bi parlamentari de facto haien zerbitzura jarrita. JxS eta bereziki CDC irabazle (hauteskundeei bakarka aurre egin behar gabe). Hitza CUPek bete du, baina garesti ordainduta. Trukean eman duenak balio politiko handia du, hein batean galdu egin du Junts pel Sí-ri bidea egonkortuz. Biek galdu dute, elkarrekin irabazteko aukera izan ahal izateko. Batek daki ez luketen cupaire denek hobe Artur Mas presidente izendatu eta presio egiteko gaitasunari eustea; tira, fikzioa da hori.

Ikuskizun tamalgarria eman dute hiru hilabetean. Emaitza azken ordukoa, ahal zenik hoberena. Biek hauteskundeetan agindutako puntu garrantzitsuenari eutsi diote: estatu independentea sortzea.

Carles Puigdemont presidente. 74 parlamentari urriaren 27an onatutako bide-orria babesteko gehiengo absolutua osatuz. Prozesu honen gaitasun narratiboa ez du HBOko seriegile onenak ere gaindituko. Aurrera doa, 18 hilabete dituzte konstituzio bat onartu eta Katalunia estatu independente bihurtzeko. Hori zen funtsezkoa irailaren 27ko biharamunean, eta baita bihartik aurrera ere. Funtsezkoak irabazi du. Ezohikoak egiteko trebetasuna gailendu da, akrobazia ikuskizunaren saio zailenean. Bihartik aurrera, enegarren kapitulua.

Biek galdu, guztiek irabazteko aukera izatekoBiek galdu, guztiek irabazteko aukera izateko
independentzia, Katalunia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude