Bi munduren arteko talka (Amazonia)

Bi munduren arteko talka (Amazonia)

Amazonia estrategikoa da, horretan zalantza gutxi. Batek daki zenbait aberastasun pilatzen dituen bere kilometro karratu amaiezinetan, zenbait aire itzultzen dion garbi munduari, bere errekak kontinentean jokatzen duen papera. Oihanak ez ditu Europak marraztu zituen mugak ulertzen, ezta bertan bizi den jendeak ere, ez behintzat modu berean; eta horregatik, mugak, lurra eta bizitza modu ezberdinean ulertzeagatik bi munduren arteko talka bortitza eman izan da beti, gaurdaino.

amazoniaAlberto Pizango, shawi tribuko liderrean zentratzen da, hortik abiatuta Perun gai honen inguruan bizi den gatazka gordinaren berri emateko. 2008an Alan Garcia buru zuen gobernuak lurraren inguruko ordenantza guztiak hautsi zituzten legeak onartu zituen, multinazionalen mesedetan, eta noski, jatorrizko herrien kaltetan, eskubide ugari urratuz. Sekulako iskanbilak sortu ziren, protesta politikoa antolatu zen, eta borroka gogortzen joan zen denbora aurrera joan ahala. Azkenik “baguazo” bezala ezagutzen dugun sarraskia jazo zen.

Lege asko bota zituzten atzera, baina oraindik ere, gaur egun, Peruko gobernuak jatorrizko herrien biziraupena arriskuan jartzen jarraitzen du, onartzen dituen zenbait erabaki politiko zein ekonomikoen bitartez. Beraz, horiek dira talka egiten duten munduak: batetik, garapena ustiapen neurrigabearen pare jarri eta aberastasunak esku gutxietan metatzen dituztenak; bestetik, jatorrizko herriak, lurra denona dela ulertu eta beragatik bizia emateko prest.

Argazkia
Heidi Brandenburg, Mathew Orzel
Edizioa
Carla Gutiérrez
Soinua
Taira Akbar, Mathew Orzel, Heidi Brandenburg
Musika
H. Scott Salinas
Ekoizpena
Taira Akbar
Ekoizpen urtea
2016
Ekoiztetxea
Yachaywasi Films
Bi munduren arteko talka (Amazonia)