Bi errealitate

Bi errealitate –

Oier Llinasek Arabako Alean.

Istiluak hiriburu katalanetan, errepide mozketak, manifestazioak, grebakā€¦ Kataluniako prozesu independentistan orain arte ikusi ez den giroa dago kaleetan. Atzoko liskarrak, gaurkoak eta, seguruenik, hurrengo egunetan emango direnak gizarte handi baten haserrearen neurgailu ezin hobea dira. Baina, zergatik atera da amorrua orain eta ez duela bi urte? Zer gertatu da katalanak egunez egun protestaka ibiltzeko? Arrazoiak arrazoi, badago atentzio berezia ematen didan bat: Gorenaren sententziak katalan askoren egitateari buelta eman dio, pentsaezina zen errealitatea euren begi aurrean kokatu du: beharbada, Estatu espainola ez da pentsatzen zuten bezain demokratikoa.

Euskal Herrian ondo dakigu Madriletik eraikitzen den errealitateak ez duela beti egitatearekin bat egiten. Oso atzera joan gabe, adibidez, Altsasuko auzia daukagu. Gertakizun berari buruzko interpretazio oso ezberdinak daude Ebrotik behera edo gora. Orain ez hainbestera arte, Katalunia, nolabait, “errealitate konstituzionalaren” parte zen. Orain dela bi urteko erreferendumarekin errealitate horretatik urruntzen hasi ziren katalan asko, baina presoei jarritako sententziak urruntze honen bukaera puntua izan dira. Begiak errealitate berriari ireki dituzte eta amorrua sentitzen dute. Alde batetik, Estatu espainiarretik datozen neurriak mendeku bezala ikusten dituztelako. Bestalde, “errealitate konstituzional” horrek hainbeste denboraz “engainatuta” eduki dituelako. Egun hauetan egiten ari diren manifestazio eta protesta guztietan Kataluniako kaleetan bi errealitateen arteko talka ikusi eta entzun daiteke.

Tamalez, hauteskunde orokorrak hemendik hilabete eskasera izango dira eta bi errealitateen arteko talka inoiz baino handiago izango da. Alderdi espainolak Katalunian gertatzen ari denaren irudia euren neurrira eraikiko dute bozen emaitzak hobetzeko. Kasu honetan, eurentzat hobea dena, katalanentzat txarra izango da, argi eta garbi. Izan ere, Euskal Herriarekin batera, eraikitako errealitateak herri hauetatik kanpo boto sortzaile itzela diren heinean, egoera ez da hobetuko. Bitartean, Katalunian errealitate berri batera esnatzen diren pertsonak gero eta gehiago dira. Eta behin ezkutatu izan dutena ikusten denean, ez dago atzera bueltarik. Hor dago gakoa. Horregatik atera ziren atzo kaleetara, eta horregatik aterako dira gaur eta bihar eta etzi: kokoteraino daudelako.

Bi errealitate

Bi errealitate

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.