Berriro Europa?

Berriro Europa? –

Berriro Europa?Argazkian, Zoom pantaila bat; eta bertan Michael Keating zientzialari politikoa. Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeek atzo, gaur eta bihar antolatu duten nazioarteko jardunaldian ari da, Europako subiranotasun gatazkak konpontzeko praktika onen bila. Ekimena mardula da oso, eta gurean merezi baino oihartzun txikiagoa izan du. #EsanBeharNuen

Beste aipamen askoren artean, politika eskoziarra irakasten duen Keating profesoreak aztertu du Eskozian independentzia nahiak izan duen bilakaera. 2014ko erreferendumean % 45 inguru izan ziren independentzia zaleak, eta maila horri eutsi egin zioten ondoren, nahiz ezetza gailendu. Baina Brexit-arekin, independentzia nahia indartzen ari da nabarmen. Keating-entzat arrazoia Europa faktorea da: “2014an independentziari erantsi zitzaion Europatik kanpo geratzeko arriskua, eta Bretainia Handian segitzeak bermatzen zuen babes europarra. Orain aldiz,  Bretainia Handia badoa Europatik eta berme europar hori independentziak ematen du. Gaur erreferenduma aise irabaziko luke baietzak”

Subiranotasun gatazkak eta demokrazia, marko europarrean. Nire nerabezaroan Europa paradisu amestua zen, gerora zapuztuz joan dena. Baina oraindik ere joko-zelai garrantzitsua da eta, antza,  hurrengo urteetan berriro aukerak sortu ditzakegu bertan. Ea gai garen!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 12koa]

Berriro Europa?

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.