«Benetako buruzagiek bakarrik lor dezakete bakea Ekialde Hurbilean»

NDMzMQ==

«Palestinarrentzat tragedia da beren kausak historian inoiz baino herri-babes global handiagoa daukan garaian beren eskubideak lortzeko mugimendu politikoak halako nahaste egoera ahulgarrian egotea. Horixe da Al Jazeera-k eta The Guardian-ek kaleratu duten ezkutuko dokumentu sortaren mezu argienetako bat. Kontua ez da negoziatzaile palestinarrek eskaini eta Israelgo mailakideek doan onartu dituzten alde bateko kontzesioen tamaina bakarrik –errefuxiatuetatik hasita, legez kanpoko kokaguneetaraino–. Etsipen zuriaren etengabeko leloa, neurri batean, harrigarriagoa da. Israelgo Tzipi Livnik Jerusalemgo zati handiak entregatzeko eskaintza nahikotzat jotzen ez zuelako baztertu –‘baina asko estimatzen dut’ gehituz–, eta Condi Ricek [AEBetako Estatu idazkari ohia] errefuxiatu palestinarrak Hego Amerikan kokatzea aztertzen zuen bitartean, Palestina Askatzeko Erakundeko negoziatzaile buru Saeb Erekaten jarrera parra-hosto baten eske ibiltzera mugatu dute [..]. 

Erekatek The Guardian-en idatzi duenez, ‘ezer ez da adostuko dena adostu arte’ eta akordioren bat lortuz gero, horri buruzko erreferenduma egingo da, baina Palestinako dokumentuen bidez jakin dugunez, berak pribatuan argi utzi zuen palestinar gehienak, bereziki errefuxiatuak, bozketa horretatik kanpo geratuko liratekeela. Eta AEBetako agintariei iaz esan zienez, duela hiru urteko eskaintza sorta bera ‘oraindik hor’ dago, norbaitek onartzeko zain.

Baina hatzarekin buruzagi palestinarrak bakarrik erakusteak zertaz ari garen ez ulertzea esan nahi du. Dokumentuek nabarmendu dutena ez da benetako negoziazio baten eta konpromiso baten irudia izan, bakerik ekar ezin dezakeen botere desoreka izugarria baizik (justizia ez aipatzearren). Are gehiago, Mendebaldeko buruzagiek behin eta berriz balantza gatazkaren biktimen aurka jartzeko esku hartu izan dute [..].

Hau iruzur bilakatu ziren 20 urteko bake negoziazioen istorioa da; agindutako irtenbidea, bi estatu sortzearena, bete ordez statu quoari eusteko bidea [..].

Benetako buruzagitzaren porrota eta Palestinako Aginte Nazionalaren erakunde disfuntzionalak ekarri zituen bake prozesu bera da [..].

Palestinako Aginte Nazionala 1993ko Osloko Akordioan diseinatu zen, estatua sortu arteko bost urteko trantsizio aldi baterako behin-behineko gobernu gisa. 18 urte geroago, epe jakinik gabeko quasi-estatu autoritario bihurtu da, eta ordezkatu behar zuen Israelgo okupazioaren segurtasun beso azpikontratatu gisa jokatzen du, Ameriketako Estatu Batuek, Britainia Handiak eta Mendebaldeko beste gobernu batzuek finantzatuta.

Buruzagien agintaldia duela bi urte bukatu zen eta agintaritza gero eta errepresiboagoa bilakatu da: Palestinako hauteskundeak irabazi zituen Hamas talde aurkariaren aldeko ekintzaile zibilak zein armatuak espetxeratu eta torturatu ditu [..]

Eta erretorika ez hain nabarmenarekin bada ere, AEBetako eta Britainia Handiko gobernuek Al Fataren [PANen buru dagoen alderdia] eta Hamasen arteko zatiketa bultzatzen jarraitu dute. Izan ere, adiskidetzea oztopatu dute eta PANen segurtasun makinari baliabideak emateaz gain, entrenatu egin dute, Palestinako mugimendu islamistaren aurka jo dezan [..].

Tunisiako gertaera iraultzaileen eta mundu arabiarreko beste toki batzuetan liskarrak zabaldu izanaren mezuak nahikoa argia izan beharko luke. Mendebaldeak eskualdean bere aldeko erregimen diktatorialak babestea, jendeak aukera izanez gero nor hautatuko lukeen beldur, okerra da eta, gainera, ez du funtzionatzen, eta eragotzi nahi dituen erreakzio bortitzak sorrarazteko arriskua dakar.

Horrek okupaziopean 44 urte daramatzaten lurralde palestinarretan are eragin handiagoa dauka. Israelen errefusa eta PANen segiziozaletasuna bultzatzen duten gobernuek taktikaz aldatzen ez badute, gatazka indartu eta zabalduko dute.»    

Jatorrizko testua

Irudia | Olmert eta Abbas | Dlisbona | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Zer duzu buruan “«Benetako buruzagiek bakarrik lor dezakete bakea Ekialde Hurbilean»”-ri buruz

  • Mendebaldeko potentzien demagogia salagarria bezain interesgarria da hona ekarri duzun artikulua, Ainara.

    Dena dela, sionisten okupazioak ez ditu 44 urte (1967ko Sei Eguneko Gerratik zenbatuta), gutxienez 63 baizik. Izan ere, 1948. urtetik dituzte sionistek palestinar lurrak okupatuta (tarte batez, 1948-1967 artean, Egiptok Gaza eta Jordaniak Zisjordania delakoa menpean izan zituzten). Sionismoa salagarria da, baina baita agintari arabiar gehienen jarrerak ere.