Belo osoa esfera publikoan janztea debekatu du parlamentu frantsesak

Mjg3Nw==

Belo osoa ezein espazio publikotan erabiltzea debekatuko duen lege proiektua onartu du parlamentu frantsesak. Hartara, niqab ala burkaren tankerako belo integralak darabiltzaten 2.000 emakume inguruk honakoa esfera pribatuan baizik ez dute jantziko legea indarrean jartzen denetik aurrera.

“Aurpegia esfera publikoan estaltzea” debekatzen duen legearen arabera, “errepublikako baloreen aurkako praktika erradikala” da beloa janztea eta hortaz, “belo osoa beren borondatearen aurka erabiltzera derrigorturik dauden emakumeei babes eraginkorra eskaini behar zaie”.

Nicolas Sarkozyren UMP eta NC alderdietako gehiengo kontserbadorearen eta ezkerreko hogei diputaturen babesa jaso du lege proiektuak. Sozialista, komunista eta berdeek, berriz, boikot egin diote bozkari; hainbat praktika integrista errepublikaren baloreekiko bateraezin izanik, geldiarazi eta debekatu behar direla uste duten arren, lege berriak arrisku juridikoa eragin dezakela deritzote. Ekimena Asanblada Nazionalaren aurrean defendatu zuen Justizia Ministroak ez dio inongo garrantzirik eman betoari eta legearen onarpena demokrazia eta errepublika frantsesaren garaipen bezala interpretatu du.

Kontseilu Konstituzionaleko bederatzi kideek (beren artean Jacques Chirac eta Valery Giscard d’Estaing) parlamentuaren erabakia onartu beharko dute orain, loteslea baita beren iritzia. Eta ezusterik ezean, senatuak ere bermea emango dio lege proiektuari irailan. Hala, beloaren aurkako neurri juridikoa ezarriko duen bigarren herrialdea izango da Frantzia.

belo islamikoa
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Zer duzu buruan “Belo osoa esfera publikoan janztea debekatu du parlamentu frantsesak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude