Barcenas, Mortadelo eta Filemon-en aurkako bilau

el tesoreroBerriak txantxa ematen du, gaur egun sare sozialetan hain ohikoak direnetakoa, baina Ediciones B argitaletxeak iragarri berri du, “El Tesorero” deituko da TIA-ko detektibe famatuenen abentura berria. Ez alperrik, Ibañez marrazkilariak beti esan izan du kaleko gaien ispilu direla “Mortadelo y Filemon”.

Laurogei urte betetzear den Francisco Ibañez-ek orain kasik 60 sortutako Mortadelo eta Filemon baldarrak Joko Olinpikoak zaintzea lako ardura potoloak hartu izan dituzte, eta etsai beldurgarrien kontra borrokatu izan dira. Agentzia, TIA, ez da inoiz baliabidez topera ibili, eta krisialdiak gogor astindu du gainera. Azken albumak “¡Los Espias!” (Wikileaks aferarengatik), “La Litrona… ¡Vaya Mona!” (botilatzarraren arazoa gai hartuta) eta “`¡Tijeretazo!” izan dira, murrizketei buruzkoa azkena. Zalantzarik ez da, umorista bikaina da Ibañez; eta Espainiak laguntzen du, iturri agortezina baita. Patagoniara  jo beharko lukete abenturaren batean, konkistara, eta Nikolas Txikiari ere eskaini beharko lioke komikiren bat.

“El Tesorero (diruzaina)” albumeko bilaua beti trajez jantzita dabilen morroia da. Gizonak ile urdindua du, gominaz orraztua, eta gora begira ibiltzen da, harro. Ez dago zalantzarik, marrazki bihurtutako Luis Barcenas da, komikiko azalean Mortadelori begi bat atera diona.

Barcenas protagonista izango duen komikia berezia izango du bikote kalamidadeak, berrehungarrena izango baita. Editoreak ezagutzera eman duenez, “Gobernuan den Partido Papilar alderdiaren kontuak eramateaz arduratzen den gizonaren kontra egin beharko dute; diru-kutxa uztu duelako susmoa dago-eta”.

Satira politikoa datorren apirilaren 8an plazaratuko da. Bitartean, ETB2-n Juanito Oiarzabal eta  Jose Luis Korta ikustearekin asetu beharko du “Mortadelo y Filemon” zaleak. Berdin du telebista noiz  pizten duzun, hor izango dira-eta  (oihu batean!).

mortadelo eta filemon

barcenas, El Tesorero, humorea, komikia, Mortadelo eta Filemon

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude