«Barack ‘Nobel sari batengatik hilko nuke’ Obama»

«Orain, Ameriketako Estatu Batuetako lehenengo presidente beltzak Afrika inbaditu du. Geratzen al da Barack Obama George W. Bush presidentea baino hobea dela pentsatzen duen inor? Segur aski, horrela pentsatzen duten bi jende mota daude: 1) Koloreari garrantzi handia ematen diotenak; eta 2) Gramatikalki zuzenak diren esaldiak elkarlotzeko gaitasunagatik harrituta daudenak.»

Blumen arabera, Obamak esan dituen gauza asko Bushek esan izan balitu, komunikabide nagusietan bere kontura barre egingo zuten. «Adibidez, Bush eta Cheney gerra krimenengatik ikertzeko eskatu zaionean, presidenteak behin eta berriz errepikatu duen ‘Nahiago dut aurrera begiratu atzera baino’. Imajina ezazue akusatu bat epailearen aurrean, argudio horretan oinarrituta errugabetzeko eskatuz. Horrek legeak, legeen betearazpena, krimena, justizia eta egitateak hutsal bihurtzen ditu».

Mexikoko Golkoan petrolio isuria gertatu baino 18 egun lehenago, halakorik gertatzeko arriskurik ez zegoela esan zuen Obamak, Washington Postek 2010eko maiatzaren 27an jaso zuenez. «‘Horretaz ari garela, kontua da, gaur egun, normalean, petrolio plataformek ez dituztela isuriak egiten. Teknologikoki oso aurreratuta daude’».

Egipton boterea hartuko duten indarrek AEBen eta Israelen aldekoak izango direla ere adierazi du Obamak, eta Blumek kontraesan argi bat nabarmendu du. «Imajina ezazue Bushek hori iradoki izan balu; hau da, AEBen milaka milioi dolarreko laguntzak –besteak beste, herritarrak zapaltzeko eta torturatzeko– jasotzen zituen gizon baten aurka ari ziren Egiptoko protestari arabiarrek, zalantzarik gabe, AEBen alde jokatuko zutela, baita –Jainkoak babes gaitzala– Israelen alde ere».  

Martxoaren 10ean, Estatu Departamentuko eledun batek esan zuen Wikileaksi informazio ezkutua eman zion Bradley Manning soldadua itsas armadako espetxe batean atxikitzea ‘barregarria, kaltegarria eta inozokeria’ zela. Biharamunean, «esperantza beltz handiak» adierazi zuen Pentagonoaren arabera konfinamenduan aplikatutako prozedurak egokiak zirela, eta oinarrizko giza eskubideak errespetatzen zituztela. Jarraian, Manning atxikita edukitzearen arrazoietako bat haren segurtasuna bermatzea zela gaineratu zuen. «A, bai, noski, Manning bere onerako ari dira torturatzen», ondorioztatu du William Blumek.

«Arazoa da gizonak [Obamak] ez duela benetan ezertan tinko sinesten. [..] Aspaldi ikasi zuen iritziak nola adierazi ezeren alde jarri gabe. [..] Obama marketin produktu bat da».

Obama, Nobel sariaren diploma eta domina jaso zituenean, 2009an

Irudia | Obama, Nobel sariaren diploma eta domina jaso zituenean, 2009an | Etxe Zuria (Pete Souza) | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...