Balio errepublikanoak

Balio errepublikanoak –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Pere Aragonès Kataluniako president berriak balio errepublikazaleak goretsi ditu karguaz jabetzerakoan, Kataluniako Ezkerra Errepublikanoaren tradizioa gogoraraziz, aurretik izan ziren Macià, Companys eta Tarradellas presidente errepublikarren gomutaz.

Balio errepublikanoakOndo dago Kataluniako errepublikanismoa gogoratzea, baina ez dakit ba nik momenturik aproposena bizi ote dugun egunotan, errepubliken balioak eta onurak, batere ñabardurarik gabe, aldarrikatzeko. Izan ere, azken egunotan Frantziako euskaldunak, bretoiak, okzitaniarrak, korsikarrak eta katalanak asaldatu egin dira errepublikak zenbait hizkuntza-eskubide ukatzen dizkielako. Gutxi, gero, munduan, Frantziakoa baino errepublika peto-petoagorik baina, hala ere, ez ditu, itxuraz, errazten errepublika ez diren beste zenbait sistema demokratikotan bideratzen diren eskubideak.

Edozein modutan, Katalunia ez da, antza, askorik fidatzen Frantziako errepublikaz. Gogoan izan, Puigdemontek alde egin zuenean Espainiatik, ez zuela errazena egin, muga gurutzatu eta Ipar Katalunian geratu, Belgikaraino ihesi joan baino, nahiz Frantzia errepublika izan eta Belgika, ostera, ez. Belgikako monarkia Frantziako errepublika baino seguruagotzat jo ote zuen?

Katalunian urteak daramatzate independentzia dela eta ez dela. Batek daki zer gertatuko den, baina gaur egun dagoen eredurik jarraigarriena Eskozia baldin bada, gutxienez gogoratu beharko, Britainia Handia ere ez dela errepublika. Pere Aragonèsek imajinatzen al du Eskoziaren parekorik Frantziako errepublikaren barruan?

Segurutik errepublikanismoak balio asko eta onak ditu, baina ezin burutik kendu errepublikanorik tipikoena Trump dela, eta oraintsu hegazkin komertzialak eta bere gustuko ez diren kazetariak zeruan harrapatzeari ekin berri dion Lukashenko buruzagi pirata bielorrusiarra ere errepublikanoa dela.

Mundua zelan dagoen ikusita, balioak laudatzen hastekotan, fidagarriagoa iruditzen zait ardatza demokrazian jartzea, errepublikan baino. Demokrazia hiritar guztien gobernu-modua da; errepublika, berriz, sistema politiko bat baino ez. Eta ez, beti, minorien defentsarik amorratuena.

Balio errepublikanoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Balio errepublikanoak”-ri buruz

  • Ados, errepublika edo monarkia baino axola handiago duena forma politiko horien edukia da. Norvegian ere monarkia dago, eta igualean nahiago nuke hangoa.

    Baina Pere Aragonesek Macíà, Companys eta Tarradellas aipatzean, bere garaian ahal zuten gisan, monarkia espainol zentralista-inperialistari aurre egin ziotenak zekarzkien gogora -jakina da Macià armen indarrez ere saiatu zela (1926) Primo de Riveraren diktadura uzkailtzen, eta Katalunia 1936ko uztailetik 1937ko maiatzera arte aski independente izan zela anarkista eta indar ezkertiarren eskuetan-, hots, egun ere Kataluniaren -eta Euskal Herriaren, eta abar-, autodeterminazio erreferendumari uko egiten diotenen aurka borrokatu zirenak, eta bere jardun politikoa haien ildoan kokatuz. Gero zer egingo duen Pere Aragonesek besterik da; jende gehienon ustez bi urtez autonomia kudeatu.

    Espainian monarkia dagoen bitartean, beren indar armatuen bermearekin, katalan eta euskaldunen askatasun politikorik ez.

    Zuretik ateratzen dena da demokrazia dela inportanteena. Bai, baina hemen izen horren pean partidu espainol nagusien aparatuen boterea dago batez ere; eta hauteskundeetako zirku mediatikoa eta eskumenen kudeaketa, eta ez “herriaren” edo herritar askoren parte hartzea politikan. 1978ko Konstituzioak hala kontsakraturik, ekimen politikoa alderdi politiko nagusien buruen esku dago, eta herri-partaidetza oso ere apala da, botere nagusiek hala erabakirik.

  • Amonamantangorri 2021-06-08 14:11

    “bere gustuko ez diren kazetariak…”.
    Roman Protasevich, NAZI bat. Aittu? NAZI puta bat.
    Ez dakit zer gertatzen zaien Europa mendebaldeko politikariei eta hauen tentakulu kazetari eta iritzigileei: beti-beti, Europa Ekialdeari buruz, eskuin muturreko elementu higuingarrienak babesten, hauek Errusiaren eta honen sateliteen kontrakoak diren neurrian. Bitxia.