Bakearen Nobel saria: “Osamaren hilketarekin justizia egin da”

obamaHala zioen Barack Obama AEBetako presidenteak maiatzak 2ko goizaldean Etxe Zurian eskainitako diskurtsoan: “Hiritar estatubatuarrei  eta mundu osoari esan diezaieket Amerikako Estatu Batuek Osama Bin Laden, Al Qaedako liderra, hil dutela”. Eta jarraian, Bakearen Nobel  Sariaren irabazleak “azkenean justizia egin dela” esan du.

Bai, jaun-andreok, 2009ko urrian Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen gizonak, beste gizaki baten heriotza –are gehiago, hilketa! – justifikatu ez ezik, justiziatzat hartu du. Ez noa orain eztabaidatzera Bin Ladenek heriotza merezi zuenik ala ez, hori beste gai bat da. Baina benetan harrigarria iruditzen zaidana Nobel Sari bitxi honen inguruan dantzan egiten duten mamuak dira: armada, indarkeria, borroka, heriotza, gerra… Hamar urte iraun duen jazarpena, historiako atentatu terrorista odoltsueneko ustezko buruari txanpon berarekin ordaintzeko. Hori ez da bakea, presidente jauna.

Beraz, bi aukera ditu Obamak orain: AEBetako presidentziari uko egin edo Bakearen Nobel sariari; odolez zikindutako eskuek ezin baitute halako saririk eutsi, eta bakearen alde egitea eta AEBetako  presidente izatea bateraezinak direlako.

Hona hemen Obamak emandako diskurtsoa: