Bake misioa izeneko gerra

Jayel Aheram
Jayel Aheram

1996an talibanek Kabul hiriburua hartu zuten. Berehala alarma piztu zen nazioartean erregimen berriak herrialdean inposatutako muturreko politika islamikoak zirela eta. Baita emakumezkoen zapalkuntza sistematikoarengatik. Baina 2001. urtera arte inork ez zuen esku hartu bertako egoeran.

Irailaren 11ko atentatuek, Afganistanen inflexio puntu bat markatu zuten, handik gutxira AEB herrialdean sartu baitzen, ‘Askatasun iraunkorra’ izeneko operazioa martxan jarrita.

Berehala herrialdea inbaditu eta talibanak hiri garrantzitsuenetan boteretik kendu zituztela esan ziguten. Hortik aurrera egin beharrekoak; herrialdea berreraiki eta bakea ezarri, nazioarteko komunitatearen laguntzarekin

OTANek zuzenduta eta NBEaren babesarekin “bake misioa” martxan jarri zuten, eta bertan sartu zen Espainia ere, tropak bidaliz. Bakea eraikitzeko militarrak bidaltzea, sekula ulertuko ez dudan gauza da, baina halaxe egin zuten.

Han ordea, ez dute bakerik eraiki, borrokarako bidali zituzten eta halaxe ari dira egiten. Hura gerra bat da eta agintariek badakite hori. Komunitate internazionalaren, NBEaren eta “bake misioa” izenaren bermea izan arren, handik heltzen diren berriek guda dela ziurtatzen dute.

Azken hilabeteotan talibanen erantzuna bortizki gordindu da eta AEBtako eta gainontzeko herrialdeetako tropek ezin diete aurre egin. Bertako herritarrek ere ez dituzte kanpotik heldutako militarrak atsegin, euren herrialdea kaosa bilakatu dela ikusi baitute. Egunerokoa gerra lazgarria dela egiaztatu baitute.

Atzoko hildakoa ere gerraren ondorio da, ez bakea eraikitzearen alboko kaltea.