Badatozkigu berriro zentral nuklearrak?

Badatozkigu berriro zentral nuklearrak? –

Duela 50 urte eztabaida beroa genuen geure artean argindarra sortzeko zentral nuklearrak behar genituela eta. Hala ere, euskal herritar gehienok garbi geneukan aurreikusita zeuden lau zentral nuklearrak ez zirela eraiki behar Hego Euskal Herrian. Proiektu erraldoi horiei aurre egiteko, euskal populua mobilizatu zen eta ETAk ere bat egin zuen xede horrekin. Aldiz, euskal eliteak nahi zituen zentral horiek eraiki, bestela “azak jatera eta kandelen argiekin bizitzera behartuak egongo baikinen”, itxuroso azaldu zigun bezala Xabier Arzalluzek. Geroztik jada bost hamarkada egitera goaz eta, zorionez, jelkide buruaren aurreikuspena oraindik ez da bete.

Badatozkigu berriro zentral nuklearrak?
Arg: Eduard Maluquer

Nuklearraren aldeko urte sutsu haiek lausotzen joan ziren, batik bat AEBetan Three Mile Island-eko istripua gertatu ostean 1979an; are gehiago, nuklearraren aldeko indarra ahulduko zen Txernobylgo leherketa erradioaktiboen karietara 1986ean; eta azkenik, errematea, 2011ko Fukushimako hondamendiak emango zion argindarra sortzeko metodo arriskugarri honi.

Geroztik, zentral nuklearrak ixteko urratsak ematen hasi ziren hainbat herrialdetan, hala nola Alemanian, Suedian, Espainian edo AEBetan (Kalifornian), baina ez Frantziako Estatuan, non berriki Macron lehendakariak aurreikusi baitu zentral nuklear berriak eraikitzea, nahiz arazo larriak dituzten herrialde horretako zentral gehienek: instalakuntzen herdoilketa, erreaktoreak hozteko ibaietako uraren beroketa jasangaitza, zeinak eragin negatiboa baitu ibaiaren fauna eta floraren gainean.

Orain arte ekologista gehienak zentral horien aurka zeuden, baina Alemanian bertan zatituta daude, baita Suedian zein AEBetan ere

Gaur egun, energiaren krisialdian murgilduta gaude eta EBko herrialde orok, elektrizitate kontsumo maila euste aldera, zentral nuklearren gaia mahai gainera ekarri digute. Halaber, trantsizio energetikorako energia nuklearra garbia dela aitortu du Europako Batzordeak, Frantziako Estatuari amore emanez; are gehiago, kontsumo premiak okertu egin dira Errusiak daraman gas politikaren ondorioz, elektrizitatea ekoizteko kostuak larriki hazi baitira.

Egoera honetan, zentral nuklearrekiko jarrera politikoak mugitzen ari dira, batik bat ekologisten artean. Izan ere, orain arte ekologista gehienak zentral horien aurka zeuden, baina Alemanian bertan zatituta daude, baita Suedian zein AEBetan ere.
Hala ere, hondakin erreaktiboen auzia konpontzeke dago eta irtenbide egokia aurkitzea ez da erraza izango. Adibidez, AEBetan zentralen inguruan pilatzen dituzte eta Europan ere irtenbideak aurkitu nahian dabiltza agintariak. Suitzan, Alemaniako muga ondoan, hondakin horien gordelekua eraikitzen ari dira 800 metroko lur azpiko buztinezko zulo batean, non hondakin erreaktiboak altzairuzko upeletan ipiniko diren. Finlandia ere lurpean sartzeko egitasmoak gauzatzen ari da. Horrela gordeta, 100.000 urtetan kontrolpean egongo omen dira hondakinak, izpi erreaktiboak isolaturik utzita lurpean.

Azkenik, eta hau ere ez da txantxetako arazoa, gaur egun zentral nuklearrak eraikitzen dituzten herrialdeen artean, batik bat, Errusia eta Txina daude. Adibidez, Errusia munduan zehar 30 zentral eraikitzen ari da eta egitasmoaren finantzaketa Errusiak berak ematen du, baita zentrala uranioz hornitu ere; halaber, mantentze lanak errusiarren esku geratzen dira, eta inbertitutako diru kopurua elektrizitatearen fakturen bidez itzuliko zaie zentralaren egile errusiarrei.

Haatik, zentral nuklearraren aldeko mugimendu elitista martxan jartzen ari da eta uholde hori gelditze aldera, jendarteak erantzun beharko du, bestela auzoan ipiniko dizkigute.

ARGIArentzat egindako klaborazioa

Badatozkigu berriro zentral nuklearrak?

Badatozkigu berriro zentral nuklearrak?

Krutwigen Lagunak ekimena

2 pentsamendu “Badatozkigu berriro zentral nuklearrak?”-ri buruz

  • Arrazoia duzu 50 urte pasa eta ‘aza jaten eta kandelekin argitzen’ ez gaudela esatean, baina komeni da ikustea zein izan den kostua, erregai fosilekin ornitu baititugu gure etxeak.

    Ez dut esango energia nuklearra panazea denik, ezta enpresa eta gobernuek honekin ere jolasten ez dutenik, baina dituen kostu eta eragin guztiak kontuan hartuta, energia berriztagarri batzuk baino aukera hobea da ekologikoki, eta zer esan erregai fosilekin alderatzen badugu.

    Energia berriztagarriek ere badituzte beraien alde ilunak, eta beharrezkoak dira, baina oraingoz ez dira nahikoak. Emisioak jeitsi eta erregai fosilak alde batera utzi nahi baditugu, berriztagarriek nuklearrei eman beharko diete eskua.

  • Zenbat CO2 tona isuri ditugu beldurrak bultzatuta?

    Norbaitek al daki zenbat metro kubiko behar dira orain arte mundu osoan ekoiztu diren hondakin nuklear guzti guztiak modu seguru batean biltzeko?

    Norbaitek al daki mundu osoan historio osoan zenbat jende hil den istripu nuklearrek eraginda? Zenbat kilometro karratu erabili eta bizi ezinean sortu diren?

    Inor al dago erabaki eta apostu txarren kalteak neurtzeko prest?