Austriako ultraeskuinak erreferendum bat proposatuko du minareteen eraikuntzari buruz

Horrez gain, musulmanek Austriako lege-sistema shariaren aurretik jarri beharko luketen ere galdetuko zaio biztanleriari. Parlamentuaren esku dago orain ekimenaren etorkizuna. Austriak ez du sekula mota honetako erreferendumik egin maila nazionalean, baina bai zenbait probintziatan.

Heinz-Christian Strache FPOko liderrak adierazi du Vienak izan beharko lukeela kontsulta hau martxan jartzen lehena “musulman gehien bizi diren lekua delako”.

Ez da Europan martxan jartzen den mota honetako lehen ekimena, joan den urteko azaroaren 21ean minareteen aferari buruzko beste erreferendum bat gauzatu baitzuten Suitzan. Kasu hartan botu-emaileen %57,5 minareteak debekatzearen alde agertu zen eta lurraldea osatzen duten 23 kantoietatik 4tan baino ez zen ezezkoa gailendu.

MzE3NQ==

Erreferenduma ordea zeharo nahaspilatuta geratzen da Shariari eta beloari buruzko galderekin, Austriako hiri-paisaia klasikoa mantentzeari buruzko eztabaida izan zitekeena horrekin inolako zerikusirik ez duten kontuekin nahastuz, eta minaretedun meskita batera joan nahi luketen musulmanak eta sharia tokian tokiko legeen gainetik jarri nahi duen gutxiengo erradikala jende bera balira bezala aurkeztuz.

Vienako eskualdeak hauteskundeak ospatuko ditu urriaren 10ean, eta inkesten arabera erreferendum hau bultzatzen duen FPO alderdi ultraeskuindarra bigarren indarra izango litzateke bozen %19rekin, bozen %50 jasoko luketen sozial demokraten atzetik.

Irudia | Bandera austriarra | Matthew Black | Creative Commons By SA