Atez atekoa Bruselan

zaborraBrusela hirian zehar funtzionatzen du atez ateko zabor bilketa sistemak. “Ondo dago guztiek duten birziklapenaren kontzientzia hori, baina sistema oso zikina da; batez ere udan, beroarekin zaborrak usain txarra botatzen duenean. Gainera, Brusela hain hiri turistikoa izanik, itsusi egiten du”, dio Vanessak, urtebete Belgikako hiriburuan pasa ostean.

Sistema sinplea da: Zabor mota bakoitza homologatutako poltsa berezi batzuetan botatzen da; gardenak dira –barruko edukia ikusteko– eta Bruselako armarriaren irudia dute. Poltsa horiek kalean utzi behar dira, etxeko atariaren ondoan normalean, asteko egun jakin batzuetan: astelehenetan, papera, plastikoak eta organikoa, hiru poltsatan bereizita; eta ostiraletan, organikoa berriz ere. Astearteak zabor “handiak” ateratzeko egunak dira: altzariak, obra-hondakinak… Beira, aldiz, edozein egunetan atera daiteke, kaleetan hainbat edukiontzi baitaude jarrita, batzuk beira gardenarenarentzat eta besteak koloretako beirarentzat.

“Sistema oso zikina da, ez baitira beti poltsa guztiak jasotzen”, dio Vanessak. Zabor bilketaz arduratzen direnek plastikoaren poltsa batean paper zatiren bat dagoela ikusten badute, edo organikoarenean plastikoren bat, adibidez; ez dute poltsa hori jasotzen. “Stop” ikurra duen pegatina jartzen diote eta zegoen tokian uzten dute jabeak akatsa zuzendu dezan. “Zer gertatzen da? Poltsak ez daudela identifikatuta, beraz, ez da erraza izaten poltsa hori zeurea den edo ez ikustea”. Gainera, batzuek, nahiz eta poltsa berea dela ikusi, ez diote kasurik egiten eta hor uzten dute, ez baitute berriro etxera igo nahi. Beraz, poltsa kalean geratzen da “betiko”.

Horrez gain, auzo bakoitzeko zabor bilketa orduak ez dira beti zehatzak izaten. “Gutxi gorabehera jakin behar duzu noiz pasako diren, eta deskuiduz ordua pasatzen bazaizu, lanean egon zarelako edo ahaztu egin zaizulako, zabor poltsa kalean geratzen da bila pasatzen diren hurrengo egunera arte”. Horrez gain, ez dago larrialdiko gune kasu horietan zaborrak uzteko. Bilketakoak pasa badira, pasa dira, eta hor konpon!

“Ideia bezala ondo dago, jendea behartu egiten baitu birziklatzera. Ezer ere ez edukitzea baino hobea bada. Baina, sistema bezala, esparru praktikora eramanda, asko du hobetzeko”.

6 pentsamendu “Atez atekoa Bruselan”-ri buruz

  • Galder Gonzalez 2012-03-27 10:30

    Horregatik garrantzitsua da jakitea nor den birziklatzen ez duena, zaborra bakoitzarena delako.

  • Xan.Harriague 2012-03-27 10:53

    Berriro ere gogoa ematen dit eztabaida honetan parte hartzeko, eta atez atekoaren alde egiteko, baina paso egingo dut. Nik Hernaniko kasua ezagutzen dut, eta egokia iduritzen zait.

    Egia erran, hasi naiz pentsatzen eztabaida honi garrantzia gehiegi ematen zaiola. Anekdota bezala, joan den astean Tolosan aritzen den lagun batek kontatzen zidan han “gerra” zegoela alde eta kontrakoen artean, eta biak gure zerbeza eskuan, “Alta, ez duk hainbesterako”

  • Ni Usurbilen bizi naiz, Hernani eta Oiartzun ondo ezagutzen ditut eta garbiak ote dauden zalantzak dauzkanak bertara joan eta iksutera gonbidatzen ditut. Lotsagarria da batzuek eredu zabor sortzaile honi irtenbidea ematea oztopatzeko hartzen ari diren lana.
    Bestetik, gehienek ezagutuko duzue azken hamarkadetan hondakinak Atez Ate bildu den Donostiako Alde Zaharra. Inork jotzen al du leku zikintzat? Ba hondakinak Atez Ate biltzen dituzte dagoen bertsiorik zikinenean: Nahasita eta poltsa lurrean utzita.

    http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/atez-ate-donostiako-alde-zaharrean/

  • Ni, berez, atez atekoaren alde nago, eta erraustearen kontra. Birziklatzen ez duena zigortu egin behar dela uste dut. Baina alde txar bat ikusten diot edukiontziak kentzeari: besterik ez duelako horietan janaria eta beste aprobetxagarriak biltzen aritzen denari ez dio batere onurarik egingo.

  • halako irudiak (zamar boltsak kalean) neure herrian ere ikusten dira, eta ez daukagu atez atekorik. Kontenedoreak dauzkagu, sarritan gainezka egiten dutenak.

  • Peru Dulantz 2012-03-28 09:02

    Nire auzoko edukiontziak askotan daude gainezka eta usain txarra dariela. Ez dut ulertzen, ezin dut ulertu atez atekoaren aurka batzuek hartu duten jarrera oldarkor eta amorru hori. Zein da birziklapen-tasa handiena lortzen duen eta erraustegia eraikitzea ekidin dezakeen bilketa-sistemaren aurka ari diren horien benetako interesa?