Atahualparen azkena

Atahualparen azkena –

Andeen erdialdean sortutako inken kultura handia espainiarren konkista eta kolonizazio prozesuarekin bukatu zen. 1531. urtean Francisco Pizarro espainiar konkistatzaile bihozgabea inken lurraldean sartu zen bortxaz, suz eta odolez, eta 1532an, trikimailu baten bidez, Atahualpa enperadorea atxilotu zuen. 1533an, sasi epaiketa baten ondoren, lepoa bihurrituta hil zuten. Urte berean Cusco hartu, jauregi eta hiriak suntsitu, urrea ebatsi eta biztanleak esklabotzat hartu zituzten. Azken enperadorea, Tupac Amaru I.a, 1572an hil zuten burua moztuta. Hauxe da kolonizatzaileen legea: Gurea gure eta zuena ere gure!

Atahualparen azkena

Margolana: Juan Lepiani

Dena den, badirudi inken legendetan zorigaiztoko patu hori igartzen zuten kontakizunak zirela. Itsaso bestaldetik virakotxa deitzen zituzten gizon  bizardunak itzultzekoak zirela  eta horiek inken inperioari amaiera emanen ziotela zioten. Eta horrela izan zen, Europatik joandako jendailak Amerika osoa menperatu, umiliatu eta ustiatu baitzuen.

Horren guztiaren berri ematen digun Igarpen txarra izeneko inka ipuina euskaraturik ekarri dut lerro hauetara. Izan dadila itzulpen hau Ameriketako jatorrizko herriei eskaintzen diedan omenalditxo xume, umil, baina bihotzetik sortua.


Kori Dutxizela, Atahualpa enperadorearen emazte eder eta maitagarria, ohatzetik jaiki zen eta tenplura joan zen Eguzki jainkoari eskerrak ematera. Erregina zoriontsua zen, eta bihotza alaitasunez gainezka zuen, enperadorea, bere senar maitea, Quitora itzultzen zelako. Kori Dutxizelak eskerrak eman zizkion Eguzki jainkoari eta senarra onik itzultzeko zion eskatu. Atahualpa bihotz osoz maite zuen, eta gogoaren kontra onartu behar izaten zituen senarrak inperioa ongi gobernatzeko egin behar izaten zituen ateraldiak. Aldarearen aitzinean belaunikaturik, hori dena zuen buruan erregina ederrak. Denbora luzez egin zuen otoitz, eta jauregira itzuli zenerako eguna iluntzen hasia zen.

Hurrengo egunean, eguzkia hodeiertzetik atera orduko, erregina esnatu zen. Neska zerbitzariak harengana joan ziren, goizero egiten zuten bezala, baina harrituta gelditu ziren erregina negarrez ari zela ikustean. Horietako neska batek galdetu zion:

  • Zergatik ari zara gaur negarrez, horrenbeste maite duzun senarra itzultzen den egunean?

Erreginak malkoak xukatu zituen eta hasperenen artean honela erantzun zion:

  • Nire adiskide onak, jakin ezazue negar egiten dudala izugarri amesgaiztoa izan dudalako. Ez dit deus onik igartzen. Amesgaizto horretan ikusi dut itsasoz bestaldetik etorritako gizon bizardunek enperadorea preso hartzen zutela. Gizon horiek zurbil-zurbilak ziren, ilargia bezain zuriak, eta metalezko jantziak zeramatzaten. Ilaje handiak aurpegia estaltzen zien eta oso mintzaira bitxi eta arrotzaz mintzatzen ziren. Nire senar maitea besoak eta zangoak loturik zeukaten, eta arrastaka suzko meta batera zeramaten. Ene! Ez dut oroitu nahi! Azkenean, bertan hil zuten lepoa bihurrituta.

Neska zerbitzariak isil eta zurbil gelditu ziren. Horietako batzuk negarrez ari ziren. Horietako batek erregina kontsolatzen ahalegindu zen.

  • Lasai zaitez, erregina gurea, eta dei itzazu azti igarleak. Agian zure ametsa interpretatzen jakinen dute. Ziur naiz ez dela zuk pentsatzen duzun bezain ikaragarria.

Kori Dutxizelari aholku ona iruditu zitzaion eta lehenbailehen, azti jakintsuei bere amesgaiztoaz galdetzea deliberatu zuen.

Neska zerbitzariak apain eta dotore jantzi zuten. Erresuma osoan nehoiz ez zen horrelako emakume ederrik ikusi. Haren ile adats luzea ikatza bezain beltz eta distiratsua zen, aurpegi ederra eta beltzarana zuen, eta begiak beltz-beltzak eta betile handiz inguratuak. Jantzi eder haiekin jainkosa bat zirudien. Kopetan urrez, harribitxiz eta luma sakratuz beteriko koroa zeraman. Zilarrezko hariz egindako tunika koloretsuak bere gorputz ederra zuen estaltzen. Urrezko lepokoak tunikaren gainean ikus zitezkeen eta metal bereko eskumuturrekoek bere beso ederrak apaintzen zituzten.

Horrela jantzi ondoren, inperioko aztirik jakintsuena deitu zuen eta amesgaiztoan ikusitakoaren berri zehatza eman zion. Erreginak bere kontakizunarekin amaitu zuelarik, aztia isil-isilik gelditu zen, arras zurbil, eta dardarizo urduri batek gorputz osoa mugitzen ziola. Erreginak, horretaz konturaturik, galde egin zion:

  • Azti jakintsu handia, erraidazu otoi, zer igartzen du nire amesgaiztoak?

Aztiak triste samar begiratu zion eta honela zion erantzun:

  • Ez nazazu behartu, erregina gurea, zure amesgaiztoan ikusi dudanaren berri ematera. Jarrai ezazu horren erranahirik ulertu gabe. Hobe duzu.

      Baina erreginak dena kontatzeko agindu zion.

  • Horrela nahi baduzu, erregina gurea, ikusi dudana kontatuko dizut. Amesgaizto horrek inperioaren bukaera eta enperadorearen heriotza igartzen ditu.

Erreginak garrasi ttipi bat bota zuen eta bi eskuez aurpegia estali zuen. Aztiak pentsatu zuen hobe zuela erreginaren samina errespetatzea eta burua makurtuz agurtu ondoren ganberatik atera zen.

Kori Dutxizela jauzi batez altxatu zen eta negarrez jauregitik alde egin zuen. Haizeak ile adatsa harrotzen ziola, tenplura joan zen eta jainko-jainkosen aitzinean belaunikatu zen. Eguzki jainkoari eskaintzak egin zizkion eta igarkizuna bete ez zedin luzaz egin zuen otoitz.

Egunak eta gauak iragan ziren, baina Atahualpa ez zen nehoiz itzuli.

Tragedia aire bat Quito hiriaz nagusitu zen. Herritarrek otoitz egiten zuten enperadorearen alde. Kori Dutxizela isil zegoen. Harrizkoa zirudien. Malkoak ez ziren bere begietatik isurtzen eta bere ahotik ez zen kexu ttikienik ere ateratzen. Sufrikario handia zuen bere barnean.

Itxaropenak ezabatzen ari ziren denen bihotzetatik. Egunak eta gauak etengabean iragaten ari ziren eta enperadore handia ez zen hiriburura itzultzen.

Halako batean, mezulari bat iritsi zen hirira. Akitua zetorren eta ahozko mezu bat zekarkion erreginari. Emakume ederraren aitzinean zegoela, horrela erran zion:

– Enperadore handia Cajamarcan hartu zuten preso. Gero virakotxek hil egin zuten.

Hori erran ondoren, mezulari akituak konortea galdu eta jauregiko zolara jausi zen. Hango zerbitzariek jaso eta ohatze batera eraman zuten.

Amesgaiztoa errealitate bilakatua zen. Hiri osoan, negar handiak entzuten ahal ziren, baina Kori Dutxizelak malkorik isuri gabe jarraitzen zuen. Ez zuen hitzik ere erraiten. Pittaka-pittaka kadiratik altxatu zen eta logelara zen abiatu. Neska zerbitzarietako bat gibeletik joan zitzaion, baina erreginak, keinu batez, bakarrik uzteko eskatu zion.

Erregina logelara sartu eta ohatzearen aitzinean makurtu zen. Urrez eta harribitxiz apainduriko kutxa zabaldu zuen, eta eskua barrura luzatuz, bi gauza atera zituen. Lehenik, Atahualpak oparitu zion urrezko domina moduko bat, eta ondoren, kolore bitxiko hosto ttipi idor batzuk. Esku batez, bere senar maiteak oparitutako domina estutu zuen, eta beste eskuaz hosto ttipi idorrak ahora sartu eta poliki-poliki murtxikatzen hasi zen.

Bere azken hitzak hauek izan omen ziren: “Atahualpa, nire senar maitea, laster izanen nauzu berriz zurekin!”

Atahualparen azkena
Atahualparen azkena

Atahualparen azkena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia