Arte txikia handi

Arte txikia handi –

Ondarearen mundua ikasterakoan eta ikertzerakoan, arte handiak tratatu izan ditugu ezinbesteko gure ondarearen harribitxi bezala: arkitektura, eskultura, pintura…

Arte txikia handi

Baina badira beste arte batzuk dekoratiboak edo txikiak deitu direnak: oihalak eta brodatuak, miniaturak, altzariak, bitxiak, tresna erabilgarriak eta haien diseinua… Hauek, eguneroko bizitzaren parte izan dira beti eta sarritan ez zaie benetan daukaten balioa onartu. Azken urteotan sarriago aztertu dira, beharbada, arte handietan ia dena aztertuta zegoelakoan, edo haiekiko asperduraz, edota historiografia korronte berriek ikuspuntua txikiari jarri diotelako, bazterreko gisa begiratu denari eta, baita ere, elementu hauek ondare inmaterialarekin lotura estua izan ohi dutelako askotan.

Arte txiki hauetan, apaingarriak daude, baina baita eguneroko bizitzarako beharrezko erremintak. Goilara baten diseinua perfektua da bere izaeran, gurpilarena bezala, eta, era berean, ederra izan daiteke: erabilgarria eta gizateriaren ondarea.

Azken aldian, zientzia eta teknologia artikulu eta dokumental hainbatek azpimarratu egin dute txiki iruditzen zaizkigun arte eta ondare hauek, etorkizunera begira izan dezaketen erabilera berritu eta garrantzitsua, ondareaz haratago. Zerbaitegatik babesten dute japoniarrek ondare gisa, gauzak baino, horiek egiteko eta fabrikatzeko jakituria (adibidez, zeramika egiteko artisau lanaren ezagutza). Ezagutza horiek, diseinu egokiekin, elementu berriak egiteko balioko baitute.

Adibidez, Bolivian ehuntzen dakiten emakume aimara talde batek neurrira egindako gailuak sortzen ditu, metalezko hari meheak erabiliz, bihotzeko arazoak dituzten jaioberriei bizitzen laguntzeko. Eskuz ehundu behar dira eta bakoitza umearen neurrietara egiten da.

Giza zelulekin sortutako haria erabiliz ere, bi orratzen bidezko puntuaren eta kakorratzaren moduko teknikaz, behar den neurriko eta formako ehun naturalak sortzen ari dira, sendatzeko injertoak egiteko (azalean, organoetan…).

Bihotzeko gaixotasunekin jarraituta, bihotzera odola daramaten arteriak estutu egiten direnean arterioesklerosiagatik eta tronbo arriskua dagoenean, stent izeneko gailuak jartzen dizkigute, odol fluxua ziurtatzeko. Stent horietako batzuk papiroflexiaren tolesturetan oinarrituta egiten dira, gailua komeni den neurrietara zabal dadin. Tolestura horietan oinarritzen ari dira ere unibertsoaren formaren eta mugimenduaren inguruko azken teoria batzuk eta errobotikan ere erabilera daukate.

Berriro ere, txikitzat izan duguna, handi eta garrantzitsu dela erakusten digu bizitzak eta ondarea zein ezinbestekoa den etorkizuna eraikitzeko.

Arte txikia handi