Argi bezala imajinatzen duguna

Argi bezala imajinatzen duguna –

Mumbain, Prabha erizainaren errutina aldatu egiten da, banandutako senarrarengandik espero ez duen oparia jasotzen duenean. Anu, bera baino gazteagoa den pisukidea, alferrik saiatzen da bere mutilarekin bakarka egoteko toki bat hirian bilatzen. Kostako hiri batera egindako bidaiak euren desioak gauzatzeko eremua aurkitzeko aukera emango die.

Argi bezala imajinatzen dugunaKapadiak oso modu inteligentean irudikatzen du Mumbaiko errealitatea. Ospitalea, sukaldeko gauzak, kaleko olanak, argiak, bai eta erizainen uniformeak ere urdinak dira: kolore hori maiz agertzen da filmaren ekoizpen-diseinu handian, baina zeruertza ikusi nahi dugunean, ikusmena oztopatzen duten eraikin erraldoiekin egiten dugu topo («Gero eta dorre altuagoak eraikitzean, egun batean Jaungoikoa ordezkatuko dutela uste dute», dio Parvatik). Istorioa kostaldeko herrira eramaten denean, urdina jantzietan eta setetan ere ugaritzen da, baina berdin zeruan eta itsasoan: askatasun sentsazioa errealagoa da, zabalagoa, eta hori Prabha eta Anuren garapenean ere nabaritzen da. Behin urruti, Mumbaik memoria urrun bat dirudi, mantenu ekonomikoa eta ezer gutxi gehiago eskaintzen duen leku bat (lehen erdian, Prabharengan, hirian geratzeko arrazoi bakarra ikusten duen doktore batek iradokitako ideia). Bai, bizitza egonkorra dute, baina hori da dena? Prabhak eta Anuk gizarte honek ematen diena baino haratago doan zerbait amesten dute.

Prabha, erizain lanetan ari den emakume batek, Mumbaiko erdigunean egiten ari diren desfile batean bildutako jendetzaren aurrean adierazten du: «Ametsen hiria da hau, baina nahiago dut ilusioen hiritzat hartu». Payal Kapadiak badaki ametsak desagertu egiten direla, baina ilusioak galdu edo aurkitu egin daitezkeela; beti dute probabilitaterako ate bat irekita. Ilusioaren ideia horretatik abiatuta –argia irudikatzea, izenburuak adierazten duen bezala– eskaintzen digu Payal Kapadiak bi maitasun kontrariaturen erretratua. Prabhak galdutako maitasunarekin egiten du amets, Alemaniara joan zen gizonarekin, agian egunen batean itzuliko denarekin. Baina, benetan existitu al zen maitasun hori?

Ez dakigu Prabha maitasun galdu horren oroitzapenean kokatuta dagoen ala ez, baina badakigu agian berak eraiki duen nahigabe baten preso dagoela. Prabharekin batera, Anuren pertsonaiarekin egingo dugu topo. Prabharekin alokairua partekatzen du, eta gazte musulman batekin dabil ezkutuan. Anu konbentzituta dago bere maitasunaren indarraz, baina beldur dio konbentzio erlijiosoen zein tolerantzia sozialaren botereari. Hala ere, bere ilusioari forma emateko prest dago. Maitasun nahigabetuen istorio bikoitz batetik abiatuta, Payal Kapadiak hainbat gauza azaltzen dizkigu: maitasun bat nola eratzen eta amaitzen den, maitasunaren presentziak sortzen dituen taupadak, bere kontraesanak, eta nerabezaroan edo heldutasunean sentimenduak onartzean dagoen desberdintasuna.

«Freskotasuna eta argitasun emozionala dago “All We Imagine As Light” lanean; erotismo sutsu eta ilaunarekin, zein azken une misteriotsuekin batera bizi diren gizatasun eta gozotasun aberasgarriak, hain zuzen ere»

Hiritik urrun, bere kezka arrazional eta komertzial guztiekin, Prabhak lasaitua aurkitzen du eta, bere trebetasun profesionalak krisi batean lan egitera behartuta daudenean, errebelazio moduko bat du. Errebelazio haluzinatzailea da neurri batean, bere senarrarengandik, eta bere zoriontasunetik zein etorkizunetik hainbeste denboraz bananduta egon izanak zer esan nahi duen erakusten diona. Baina, era berean, fabula moduko bat bezala ikus daiteke, mirari literal bat, Prabhari bere senarraren existentzia (eta ondorioz, berea) urte hauetan guztietan nolakoa izan den eta bizi behar izan duten iluntasunaren izaera azaltzen diona. Aldi berean onirikoa eta amets batetik esnatzea bezalakoa da.

Ziurtasun-gabezia erromantiko eta emozionalak estaltzen du emakume horien bizitza, eta zorigaiztokoagoa eta larriagoa bihurtzen da, telenobela baten modukoa, hainbeste jende dagoen hiri handi batean garatzen delako, baina, egia esan, bakarrik zaude. Prabhak eta Anuk Parvatyri laguntzea onartzen dute, ospitalean lana utzi eta kostaldeko jaioterrira itzultzen denean, neurri batean, Mumbaitik ihes egiteko. Beste biek ekipajearekin laguntzen dute, baina Anuk bere arrazoiak ditu leku urrun horretara aitzakia batekin joateko.

Modu sentikorrean filmatua, All We Imagine As Light inolako diskurtso espliziturik gabeko filma da, frogatu beharreko tesirik gabea, literatur azpimarraturik gabea, ikusleei sermoirik egiten ez diena. Kapadiaren filmak emakumeen sororitateaz hitz egiten du ia xuxurlatua, baina sarkorra den ahotsarekin; eta manikeismo antzurik gabe egiten du, pertsonaia maskulinoei (emakumeak bezain bakarrik eta galduta) protagonisten duintasun, samurtasun eta hauskortasun bera emanez; kultura -eta erlijio- hesiez hitz egiten du, transzendente jarri gabe; borroka ukaezinez hitz egiten du, baita guztiaren eta guztien aurka berpizten diren itxaropenez ere. Kapadiaren ahotsa, errespetuzkoa eta ia isila, urrunago iristen da: zintzoa eta zirraragarria da. Hiri iskanbilatsu eta nabarraren zarataren erdian, kamerak bidea egiten du Prabha, Anu eta Parvatyri euren buruak berriz deskubritzeko eta hondartzako txosna baten argipean etorkizun posible batekin amets egiteko aukera eskaintzeko, bere sortzaileak bere bizi-indarrean sinesten duelako; merezi duten ametsa amesteko duen gaitasunean, hain zuzen ere.

Ez dago ez heroirik ez biktimarik film eder eta hunkigarri honetan. Cannesko 2024ko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria jaso duen zinemaren mirari bat da.

Galde 46 udazkena/2024

galdeArgi bezala imajinatzen duguna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude