[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko frontea

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko frontea –

George Orwellek duela laurogei urte, espainiar Gerra Zibilean, egin zuen bezala, Kataluniara egin dut bidaia bere urratsen atzetik, honakoan grial berria bihurtu den demokraziaren atzetik. Nirekin daramatzadan “arma” bakarrak motxilatxoa eta sakeleko mugikorra dira. Lau egunetan zehar “borroka fronteak” ibiliko ditut. Saiatuko naiz lehendik ibilitako bideak sahiesten, eta borroka guztietatik at utzitakoei ahotsa ematen, beraiek baitira albo-kalteak pairatu ohi dituztenak.

Barbastrora (Huesca) heldu eta, Kataluniako mugatik gertu jada, dena dago bare, ezerk ez du iragartzen kilometro gutxira imajinatu ezinezko ondorioekin jaregin den gatazka. Orain laurogei urte, espainiar Gerra Zibilean, lur hauetara heldu zen George Orwell, kazetari eta idazle britainiarra, Franco jeneral faxistaren altxamenduak eraso zuen Errepublikaren aldeko defentsan luma utzi eta Mauser fusil zahar bat hartu zuena.

Hemen, Barbastron, ematen du ez dutela auzoko dituzten katalanei zuzenean eragiten dien gatazkaren berri. Ez dago orain arte izan duten bizitza aldatuko dien zerbaiten etorreraren zantzurik.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko fronteaEz dira gaiari buruzko pintaketak ikusten, ezta afixak edo Cincaren ezkerraldean dituzten auzokoekin talka eragin lezaketen identitate ikurrik ere. Hemen, jendartea gehien kezkatzen duena olibondoen, almendrondoen, laboreen eta mahastien uzta arriskuan jartzen ari den lehorte gogorra da, horiexek baititu bizibide Aragoiko somontanoar eskualde honek. Hori bai, duela gutxi Duo Dinámicok Grausen, Barbastroren iparraldera emandako zuzenekoaren berri ematen dituzten afixak eskegita daude oraindik.

Monzon zeharkatu dugu (espainiar Gerra Zibilean garrantzia izandako beste herri bat), eta antzekoa da paisaia. Kale nagusiko balkoi batean eskegitako espainiar bandera batek baino ez du paisaia zakartzen. Aterpe bila diruditen afrikar gazteak espaloietan dabiltza, hara eta hona. Apur bat aurrerago, Fragan, Guardia Zibilen kuartelak erabat estalia du aurrealdea, Espainiar Erresumaren banderarekin.

Hegoalderago, eta Monegroen ertzean, Villanueva de Sijenara iritsi gara. Bostehun biztanle baino gutxiago dituen Huescako herria da, Aragoiko Gobernuarekin bat eginda Kataluniako Generalitatearekin auzi bat duena epaitegietan, orain hamarkada batzuk Sijenako monasteriotik ondasunak lapurtu zizkietela uste dutelako. 1999Tik herriko alkate izan den Ildefonso Salillasekin egin dugu berba, PARekoa (Alderdi Aragoiarra). Hasteko epaitegien bitartez egin dituzten eskarien laburpen zehatza egin digu, eta “lapurtutako ondasun guztiak beraien benetako jabeari itzuliko zaizkio, hau da, Villanueva de Sijenako herriari”, dio erabat sinestuta. Atze oihal politikoa du auzi honek? Egin diogu galdera zuzena, saihestu ez duena: “Ez. Nire aldetik gutxienez, ez. Gurea den kultur ondarea itzultzeko baino ez dugu eskatzen, guztiz legezkoa deritzogun eskaria, eta beti saiatu izan naiz auzia alde horretatik eramaten, komunitateen arteko gatazka edo afera politikoetan sartu gabe”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko fronteaUrrutirago joanda, “begira, ni Barça zalea naiz -adierazi digu-, eta nire familiaren parte garrantzitsu bat Katalunian bizi da. Gertatzen dena da orain bizitu eta polarizatu egin dela guztia, gertatzen ari den guztia, batez ere azken hilabete hauetan. Hemen, herri honetan, urte asko dira bere garaian, 60 eta 70eko hamarkadetan, Kataluniara emigratu zuen jendea uda pasatzera etortzen dela. Batzuk oso sentimendu katalana dute eta beste batzuk ez, baina lehen eztabaidagai ez zena monotema bihurtu da egun”. Alkatearen aburuz, legalitate konstituzionala onartu, hauteskunde sistema frantziarra kopiatuta espainiarra aldatu, eta elkarren artean hitz egiten hasi beharra dago, lehenbailehen; “gaia usteltzen utzi da, bi aldetako muturrak hor ari dira sare sozialetan, elkarri egurra ematen, baina ez da entzuten batzuekin ez besteekin ez dagoen jendearen ahotsa”.

Bukatzeko, “azken hamarkadetan Katalunia eta Euskadi gobernatzeko erabili ditu Madrilek. Lehen Pujol Aznarrekin konpontzen zen bezala, orain EAJ da Rajoyrekin bat egin duena. Aldiz, gu aragoitarrak, ez dugu zeresanik botere kontuetan. Beraz, ez ditzatela kromoak aldatu besteen kontuekin”.

.

Lehen esteladak

Serósen barna sartu gara Katalunian, Leridatik. Segre ibaiaren gaineko zubi batean ikusi dugu lehen estelada. Aurrerago, Maials zeharkatu dugu, urriaren 1eko erreferendumaren aldeko afixez eta bandera independentistez josia dago. Beste horrenbeste Granadellatik, izen bereko mendikatearen azpian dagoen Cornudella de Montsanterako bidean. Adierazpen eta zarata guda bihurtu den prozesu katalanaren barruan, toki baketsu batera jo dugu, Sant Joan de Codolarreko mendi magalean gordeta dagoen Montserrat Domingoren bila, baseliza batean bizi den XIX. Mendeko 74 urteko anakoreta. Eguraldiak laguntzen duenean, antzina inguruko herritarrek bizilekutzat hartu zituzten kobazuloetan egiten du lo oraindik ere. Almendrondoz, intxaurrondoz eta mahastiz betetako bidexka batetik gora eginda heldu gara berarengana.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko frontea

Leihoan, Omnium Cultural herri plataformako afixa batek egin digu ongi-etorria, isildutako adierazpen askatasunaren ikurra daramana. “Urriaren 1ean bozkatu egingo dut, noski baietz. Ezingo didate eragotzi. Tarragonan izan nintzen kanpainaren irekieran, dena zen poza, lasaitasuna eta kantu baketsuak”. Zirraraz mintzo da. “Katalanak oso baketsuak gara, eta orain `votarems, votarems…´ oihukatzea bortxa dela esaten digute. Ni indarkeriaren aurkakoa naiz, ez dut indarkeriarik erabili nahi, ezta jendarte katalanak ere, baina gure herriaren etorkizuna erabaki nahi dugu, bakean eta askatasunean. Gerra ostea bizi izandakoa naiz, etxean katalanez kantatzen eta hitz egiten genuen Guardia Zibila gure herrira etortzen zen arte. Ibilbidetxoa egin eta kafea hartzen zuten gurean, eta aitak esaten zigun beraien aurrean txintik ere ez esateko. Askoz beranduago, malkotan izaten zen irratian lehen aldiz Santa Espinaren musika eta `Els Segadors´entzuten zuenean, eta garai haietara itzularazi gaituzte orain”.

Ilunabarra da Sant Joan de Codolarren. Montserrat garai berrietara egokitu eta ermitau bizitzarekin jarraitzen saiatzen da. Kexu da, aurreko mugikorraren ordez eman diotena ondo ez dabilelako eta mendien artean wifirik ere hartzen ez duelako. Etxeko lanak egiten dituen bitartean, irratiaren bidez “hirian gertatzen ari denaz” informatuta egoten saiatzen da. Hori bai, ez dela beldur dio, eta Rajoy presidenteari zer eskatuko liokeen galdetzen diogunean, argi mintzo da: “Ni ez naiz inor Rajoy presidenteari ezer esateko, baina edozein modutan errespetu gehiago eskatuko nioke, pertsonen askatasunarekiko. Horixe da bizitzan konturik garrantzitsuena ene ustez, lege gorena, pertsonen arteko elkarbizitzarako oinarrizko printzipioa, gutxienekoa. Nik hemen jende asko hartzen dut, eta ez diot inori aterik itxiko Alderdi Popularrekoa edo Ciudadanosekoa izateagatik”.

Igande honetan Montserrat bozkatzera joango da, beti egin izan duen legez. “Goizeko zazpietarako bertan izango naiz, nire hauteslekuan, zortzietarako mahaia eratu eta bederatzietarako jendeak, nahi izanez gero, bozkatu ahal dezan. Govern-ak bozkatu ahal izateko askatasuna defendatzen du, ez besterik. Jendeak hitz egin dezala bozka bidez. Eta gainera -gehitzen du-, ez da Puigdemont afera hau aska dezakeena. Herria da erabakitzen ari dena, eta gero eta gehiago gara askatasunez bozka emateko eskubidearen aldekoak, izan BAI bozkatuz ala EZ bozkatuz, abstentzioz edo nulu bozkatuta”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Aragoiko fronteaGaua da jada, eta hemendik, urrutira, Siuranaren gaztelu musulmanaren silueta sumatu dezakegu, Historiaren eta denboraren igarotzez eraitsia. Islamaren lehen lerroko defentsa, Kataluniako errekonkistaren azken gotorlekua izan zen, eta berau hartzeko lau Konderen zaldunak izan ziren beharrezko. Gertatzear zen gudaroste katalanaren erasotik ihes egiteko, azken “erregina mairua” zaldi gainean amildegitik behera egin zuen. Kondairak dioenez, zaldiaren herrak utzitako markak ikusgai dago oraindik ere gotorlekuko harrietan. Bihar Bartzelonara helduko gara, urriaren 1era begira borrokaldirik garrantzitsuena bizi duen hiria.

.

* [Katalunia: matxinada demokratikoa] #katU1 erreferenduma burutzear zela idatzitako sorta da. Erredakzioan itzulia.

.

[Katalunia: matxinada demokratikoa II] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”
[Katalunia: matxinada demokratikoa III] Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa”
[Katalunia: matxinada demokratikoa IV] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala
[Katalunia: matxinada demokratikoa V] Hautetsontziak lege eta borren aurka
Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea Aragoiko frontea
#katU1, Aragoiko frontea, George Orwell, Katalunia, matxinada demokratikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude