Amed-Stalingrado

Amed Stalingrado

Amed StalingradoAmed-Diyarbak|r-Amida-Dikranagerd. Izen ezberdinak toki berbera izendatzeko. Kurdistan iparraldeko hiriburua da eta gobernu turkiarraren menpe dago. Azkenaldian ez da ezer asko agertu hedabideetan hiri honen inguruan, baina tamalez, hau da orain daukan itxura. 5000 urteko hiria 100 egunetan horrela geratu da.  Ez da tiro saio batek uzten duen ondorioa; ez da auto bat lehertzeak eragin dezakeena. Gerra irekia da. Estatu turkiarra daukan guztia erabiltzen ari da herri kurduaren aurka.

Iruditzen zait 1943an, irratia eta egunkariak egon arren,  jendeak ez ziola neurria hartu Stalingradori. Unean bertan jendarteak ez zuen hiri horretan gertatu zenaren transzendentzia barneratu. Egun hedabidez eta sare sozialez ipurtzuloraino egon arren, antzekoa gertatzen zaigula iruditzen zait. Erresistentzia kurduaren bozeramailetako batek lau haizetara oihukatu zuen: “Kobane Stalingrado da“.

Ez diogu neurria hartzen. Ez hori bakarrik, ez diogu neurria hartzen Europa egiten ari den nazkagarrikeriari; zer suposatzen dion Turkiak gizateriari.

Kurduek gogor eta kasik bakarrik eutsi diote Daeshi; iraultza politikoa izateaz gain, biziraupenagatik. Behin milaka eta milaka europar gosez eta zarpailduta irteten ikusi zituen munduak, Hego Amerikara bidean; orain Europak berdin datozen errefuxiatuei ateak itxi eta itzultzeko esaten die. Bi faktore hauek baliatu ditu Turkiak bere mesederako.

Errefuxiatuen aferari esker, Turkiak 6000 milioi euro jaso ditu Europar Batasunarengandik. Oso tentela izan behar da diru hori errefuxiatuen onerako erabiliko dela pentsatzeko; eman dutenek oso ondo dakite. Turkiak diru hori Europaren harresia izateko xahutuko du, eta bere lurretan eta aldamenean ez dadin nazio aske bat sortu.

Kurduek Daeshi eusten diote; Turkiak kurduen aurka sekulako sarraskia darama aurrera. Ea, “Je suis Paris” guzti horiek, atera harrien azpitik. Ameden ez dute harrien azpitik ateratzea beste aukerarik.

Amed Stalingrado

Zer duzu buruan “Amed-Stalingrado”-ri buruz

  • Inn Luzuriaga 2016-04-07 01:03

    Hik esan dek, Turkiak ireki eta ixten ditu iturri guztiak, nazioarteko korporazioen aginte-taldearen giltzarria da, petrolioa bideratzeko, Israel babesteko, kontrolatu ezin dituen mugimenduak eta gobernuak suntsitzeko, eta Europan geratzen diren burujabetza-apurrak erabat ezabatzeko, TTIP itun transatlantikoaren negoziazio ezkutuak direla eta, datorren estatu-kolpea… 😮