Ali Lmrabet: “Prentsa independentea Marokoren mapatik ezabatu zuten”

Ali Lmrabet: “Prentsa independentea Marokoren mapatik ezabatu zuten” –

Ali Lmrabet: "Prentsa independentea Marokoren mapatik ezabatu zuten"

Ali Lmrabet diplomatiko eta kazetari marokoarra Tetuanen jaio zen 1959an. Rif hiria jatorri duen 12 anai-arrebako familian nagusiena dugu. Batxilergoa amaitu eta Parisera jo zuen Literatura eta Enpresen Kudeaketa Sorbona Unibertsitatean ikasteko, non lektore lanetan ere ibili zen. Hiru hizkuntzatan mintzatzen da: arabiera, frantses eta gazteleraz.

90eko hamarkadaren hastapenetan, enbaxadore-orde gisa jardun zuen bi urtez Marokok Buenos Airesen duen enbaxadan, enbaxadorearen ustelkeria salatu eta Rabaten ardura eskaseko lanpostu batera igorri zuten arte.

Le Quotidien du Maroc argitalpenean zebilen kazetari eta lagunak egunkarian zutabe bat eskaini zionean murgildu zen Lmrabet kazetaritzan. Demain aldizkaria sortu eta ez zen urtebete itxi egin ziotenean. Demain Magazine eta Duman ere sortu zituen, azken hau arabieraz. Denak daude debekaturik egun.

Marokoko prentsa librearen aitzindari da bere jarduna eta, bere iritzia plazaratzeak estatu marokoarraren errepresaliak pairarazi dizkio; kartzelaratu eta isun ekonomikoak jarri dizkiote. Gose greban ere egon da hainbat aldiz.

2005eko apirilan, dinastia alauitarraren gobernuak Marokon kazetaritzan jarduteko hamar urterako debekua jarri zion, propaganda marokoarrak historikoki baieztatu duenaren aurka, Tindufeko sahararrak Fronte Polisarioak bahitu ez zituela eta errefuxiatuak direla adierazi zuelako. Gainera, 50.000 dirham-eko (5.000 euro) isuna jarri zioten eta epailearen ebazpena egunero publikatu zuten hilabetez bi egunkaritan.

Ali Lmrabet

ZuZeu: Lmrabet Jauna, aurkezpen labur honi so eginez, prentsa librearen eta adierazpen askatasunaren babesean borrokatu zarela ikus dezakegu. Zein da prentsaren egoera zure herrialdean egun?

Ali Lmrabet: Prentsaz oro har ala prentsa independenteaz ari zara? Zeren, bigarrena ez da existitzen jada. Ezabatu egin zuten mapatik. Kazeta lan konplexu hau askatasunez egin nahi eta ezin duen kideren bat besterik ez da gelditzen orain.

ZZ: Zure iritziz, norantz doa kazetaritza egungo munduan?

AL: Internet bidezko informazio globalerantz goazela uste dut. Idatzizko medioen zein ikus-entzunezkoen monopolioa apaltzen ari da. Honek ez du esan nahi desagertuko direnik, duten postua galtzear daudela baizik. Estatu Batuetan, esaterako, norbanakoen blogen bidez egiten diren kanpainek eragin itzela dute. Orain, esklusiba baduzu, web, blog, mikroblog ala Facebook orrian konta dezakezu. Publikatzeko baliorik ikusten badiote joko dute gainontzekoek zuregana. Zuek nirekin egin duzuen bezala.

ZZ: Nola jarraitzen du Lmrabetek eguneroko aktualitatea? Hedabide tradizionalen bidez (egunkariak, irratia, telebista) ala blog eta sare sozialetan publikatzen den hiritarren kazetaritzara jo al du?

AL: Prentsa asko irakurtzen dut, arabiera, frantses eta gazteleraz, nazionala zein nazioartekoa. Telebistari gutxi begiratzen diot, nahiago Interneten bidez informatu.

ZZ: Facebooken duzun profilari esker, zure herrialdearen egoera jarrai dezakegu. Esan al genezake Facebook egunkari digital gisa darabilzula? Zer iritzi duzu sare sozialez?

AL: Facebooken konturatu naiz irakurle andana dudala oraindik. Nire herrialdeko irrati, telebista eta medio tradizionaletan debekaturik nago. Ezin dut lerro bakar bat ere idatzi prentsan ebazpen juridiko baten aginduz. Horrexegatik erabaki dugu lagun talde batek informazio webgune bat sortzea. Instalazioa amaitzear gabiltza. Sare sozialek badute informazio jakina hedatzeko funtzioa. Herrialdeari buruzko punta-puntako informaziorantz goaz gu, esan bezala, prentsa independentea existitzen ez den herrialdean. Umore apur bat ere erantsiko diogu.

ZZ: Albora dezagun une batez prentsa eta hitz egin dezagun herri sahararraz.

AL: Herri sahararra existitzen dela esatea ere debekaturik dago Marokon. Ezin duzu askatasunez eztabaidatu gatazkaren inguruan. Badut burua bere lekuan duen lagun mordoa, Marokon zein atzerrian bizi direnak, Sahararen kontuan zure iritzia ezin duzula eman babesten dutenak, “batasun nazionala” jokoan baitago. Baina, gatazka hor dagoela erantzuten diezunean, “azalekoa” eta aljeriarrek asmatua dela esaten dizute. Ez dut zalantzan jartzen Aljeriak Fronte Polisarioa babesten duenik Maroko aurkaria ahultzeko, baina gatazka sahararra azalekoa dela esatea gu engainatzea beste xederik ez duen gezurra da.

ZZ: Hamar urtez kazetaritzan jarduteko ezgaitu zintuen 2005ean gobernuak; propaganda marokoarrak historikoki baieztatu duenaren aurka, Tindufeko sahararrak ez zituela Fronte Polisarioak bahitu eta errefuxiatuak direla adierazi zenuelako. Nola bizi izan zenuen esperientzia? Non zeunden une hartan?

AL: Mertzenario eta arnegari saharar bat erabili zuten, El Aaiuneko Gobernu Marokoarraren Ordezkaritzako funtzionaria, kasualitatea! NBEk inoiz babestu izan duen iritziarekin bat zetozen adierazpen haiek “difamaturik” sentiarazi zutela adierazi zuen mertzenarioak epailearen aurrean. Ni gabe ospatu zen epaiketa eta egun berean kondenatu ninduten. Badakit erregearen erabakia izan zela eta, Marokon profesionalki kaltetu nauen arren, kanpoan idazten jarrai dezaket eta interneten egiten dut. Pentsatzen dudana esaten jarraitzen dut.

ZZ: Zer deritzozu Euskadik, Sahararekin elkartasunez, haur sahararrek udako oporretan hilabete batzuk kanpamenduetatik urrun eta familia euskaldunekin bizikidetzan pasa ditzaten antolatzen dituen proiektuaz?

AL: Niri oso ondo iruditzen zait, besterik ez zen falta.

ZZ: Zer dute zure ustez komunean Euskal Herriak eta Saharak?

AL: Gobernu zentralarekin ados ez dauden herriak dira biak. Horrez gain, euskaldunek espainiar izan nahi ez dutela esan eta beren etorkizuna askatasunez erabaki dezakete. Lehendakaria ere badute, abertzale ala españolista izan, beren izenean hitz egiten duena. Sahararrak berriz, bitan daude banaturik: Mendebaldeko Saharan eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan, non Mohamed Abdelaziz gune independentista sahararraren ordezkari den.

NDI0Ng==

ZZ: Hitz egin dezagun zure herrialdeaz, geografikoki hain gertu eta, era berean, hain ezezagun.

AL: Hogeita hamar bat milioi laguneko herrialdea da, herriak ez aukeratu izana, Mohamed Profetaren oinordeko dela legez eta inongo proba zientifikorik gabe baieztatuz konpentsatu nahi duen gizon batek zuzentzen duena. Ezagutzen al duzue zuek Jesukristoren oinordekorik? Nik ez.

ZZ: Erregea dena dela pentsatzen duen bitartean gizarte marokoarrak aurrera egingo ez duelako tesiari eusten diozu zuk.

AL: Marokoarren subkontzientean, erregea dena da eta berak soilik konpon dezake guztia. Hemen aldaketak “goitik” datoz. Ba izan dezagun logika sinesmen honekiko: has gaitezen “goikoa” aldatzen.

ZZ: Uste duzu marokoarra bezalako herri bat modernizatuago egongo litzatekeela erlijioak pertsonen bizitzetan duen eragina izango ez balu?

AL: Arazo faltsua da. Turkia alderdi islamista kontserbadore batek zuzentzen duen herrialde musulmana da. Eta, Turkia herrialde modernoa da, erakunde egonkorrak ditu eta baita Europako Batasunean sartu ahal izateko ilusioa ere. Ez dezagun ahantzi islamista turkiarrak izan zirela Konstituzioa modernizatzeko erreferenduma eskatu zutenak; eta, irabazi egin zutela.

ZZ: Gibraltarreko itsasartea ezkutuan gurutzatu zenuen, pateran zurekin zetozen etorkinen azalean jartzeko asmoz. Konta iezaguzu esperientzia.

AL: Konplexua, liluragarria eta arriskutsua. Paterara igo aurretik, inoiz eman zidaten aholku baliotsuena emango zidala eta jarraitu behar nuela esan zidan bitartekariak. Patera hondoratzekotan, gainontzeko etorkinengandik urrundu behar nintzen, gehienek ez baitzekiten igerian eta edozeri helduko zioten. “Gaiztoa izan behar duzu, zure bizitzan soilik pentsatu, ostikada eta ukabilkadak eman eta ahal bezain azkar urrundu, beraiekin ez urperatzeko”. Latza aholkua.

ZZ: Gobernu marokoarrari komeni al zaio gazteek herrialdetik alde egin eta atzerritik mantentzea beren familiak, bidez batez, gazteria gogaitua izanagatik nazioarteko kritikak jasotzea ekidinez?

AL: Ba bai. Estrategia ona da, ekonomikoa ez ezik, politikoa ere bai. Gazte konformagaitz gutxiago. Baina, immigrante hauetako asko beren herrialdea uztera derrigortu dituen erregimenaren babesle sutsu bilakatzen dira, Europan dena ondo doakienean ere. Irria eragiten didan kontraesana da.

ZZ: Azal iezaguzu nolakoa den elkarrekin bizi nahi duen bikote gazte baten egoera Marokon.

AL: Ezin dute legeak onartzen ez duelako. Legea betetzen ez duen jende asko badagoen arren, hiri handietan bereziki, Damoklesen ezpata buru gainean daramate. Emakume marokoarrek badute lan merkatura sartzerik; edonola, ezkongai ala ezkongabe rolak ezartzen zaizkie.

ZZ: Badu hiritar marokoarrak gizarte segurantza egun?

AL: Ez. Estalpen nazional eta derrigorrezkoa eskaintzeko lege proiektua landu da Ordezkarien Ganberan, baina beste hainbat proiektu bezala, bertan behera gelditu da. Oraingoz, Gizarte Segurantza duen gutxiengoak ere ordaindu behar izaten ditu hainbat botika eta ebakuntza kirurgiko. Marokoko ospitalera bazoaz, zure izara, buruko eta estalkiaz gain, ebakuntzan josteko erabiliko duten haria ere eraman beharko duzu.

ZZ: Zer pentsatzen duzu botere banaketaz?

AL: Ametsa da gure egoeran. Ez dezagun ahantzi Mohamed VI.a errege izateaz gain, gobernu-buru, sinestunen gidari, Aita Santu nazional eta herrialdeko aberastasun zabalenaren jabe dela. Imajina ezazu Espainiako Juan Carlos I.a Borboikoa, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Antonio Maria Rouco Varela eta Emilio Botínen boterea pertsona bakarrarengan.

ZZ: Sistema politiko okerrenen artean onena dela esan ohi da demokraziaz. Zer deritzozu zuk horri buruz?

AL: Tira, mendebaldeko Europako estatuetan egun duten demokrazia inperfektua eta bere burua jainkoarekin parekatzen duen estatuburuaren agindupean bizitzearen artean, ez nuke asko pentsatuko nik.

ZZ: Nola azalduko zenioke XXI. mendeko haur bati herrialde garatutzat ditugunetako askotan herriak sufragio unibertsal bidez aukeratu ez dituzten monarkak politikagintzako ordezkari goren izatea?

AL: Iraganetik eratorria da. Existitu beharko ez litzatekeen kontua da. Zentzuzkoagoa iruditzen zait erregea gobernuak idatzitako diskurtsoak irakurtzen dituen txotxongilo hutsa baino, gobernatzeko boterea duen norbait izatea. Errege honek badu aginte betearazlea, eta erortzen bada, zinez erortzen da. Errespetu handia diot Juan Carlos I.ari. Edonola, Iñaki Anasagastik monarkiaz dioenarekin bat nator. Kartzelaratu nindutenean familiari eman zion laguntza eskertu nahi diot hemendik bide batez.

ZZ: Zein iritzi duzu zure herrialdeak Frantziarekin duen harremanaz, agintari politiko frantsesekin dituen laguntasun eta lotura ekonomikoez?

AL: Marokoko benetako botere den Majzének Frantziako boterearen esfera altuena kolonizatu duela pentsatzen dut tarteka, eta baita nahi duena egin eta esanarazten diola ere.

ZZ: Eta Espainiako monarkia eta klase politikoa?

AL: Gure erregea Juan Carlos I.aren iloba izanik, erraza dute monarken arteko harremana. Klase politikoari dagokionez, frantsesak bezalaxe, espainiarrak ere noizbait dominatuko dituztela pentsatzen dute marokoarrek.

ZZ: Eta elkarrizketa amaitzeko, Lmrabet jauna, nola ikusten duzu etorkizuna?

AL: Pertsona baikor amorratua naizen arren, nire etorkizunari dagokionez, ezkorra naiz oso.

ZZ: Zure bizitza arriskuan ikusten duzu?

AL: Kontuak kontu, ondo egiten dut lo.

Galdeketa laburra:

  • Zein literatura mota duzu gustuko? Hegoamerikarra.
  • Zein da irakurri duzun azken liburua? Bernard Lewisen “Semitas y Antisemitas”.
  • Zein da zure abesti gogokoena?  Mehdi Hassanen “Kesariya balam”.
  • Zein izan da ikusi duzun azken pelikula? La Sombra del Miedo.
  • Telebista saio gogokoena? Bat bera ere ez.
  • Zein da zure plater gustukoena? Dilistak.
  • Lurrin bat: Davidoff.
  • Hiri bat: Bartzelona.
  • Zuhaitz bat: Palmondoa.
  • Animalia: Zezena, “tradizioz” torturatzen ez duten herrialde batean.
  • Eramango zenuke ezer irla huts batera? Nire familia txikia.

Yolanda Mendiola/Irati Elizalde  (Argazkiak: A.L.)

Irudia | Azoka | Henry | Creative Commons By SA
Irudia | Ali Lmrabet | ZZ | Creative Commons By SA
Irudia | Ali Lmrabet Saleko gartzelan | AL | Creative Commons By SA
Ali Lmrabet, magreb, Maroko
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude