Ali Lmrabet kazetari marokoarrak epaiketa irabazi

Ali Lmrabet kazetari marokoarrak epaiketa irabazi
zuzeuphoto

Ali Lmrabet kazetari marokoarra hitzaldi bat ematen ari zen 2005 garren urtean Almeriako Unibertsitatean inmigrazioari buruz. Hizketan ari zenean, Saïd Ida Hassan, Maghreb Arabe Pressek (MAP) Madrilen zeukan ordezkaria, oldartu egin zitzaion eta iseka hasi jendartetik. Besteak beste esan zion, Ali Lmrabetek argitaratutako artikulu batean, Espainian zeuden marokoar guztiak terroristak zirela idatzia zuela Espainiako egunkari handi batean.

Bistan da hitzaldi hura ez zela batere ongi amaitu, eta Alik salaketa jarri zuen Almeriako Epaitegian, ez baitzitzaion iruditzen Ida Hassan-ek egindako ekintzak loturarik zuenik kazetaritzarekin edota albiste agentziaren zeinahi funtziorekin. Erraza zuten esandakoa egia zela frogatzea, gezurra izan, ordea.

Jazarpena salatu zuen, gertatutakoa Mohamed VI garrenaren erregimenaren bere kontrako enegarren erasoa zela esanez, eta bai kazetaria eta bai agentzia, biak, eraman zituen auzitara.

Orain, Almeriako epaitegiak, Aliri eman dio arrazoia eta Said Ida Hassan kazetaria eta MAP agentzia zigortu ditu Espainiako bi egunkari handitan sententzia argitaratzera, epaiketaren gastuak ordaintzera eta Ali Lmrabet berari 12.000 €  kalteordaina ematera.

Sententziaren kopia bat bidali digu Alik:

Ali Lmrabet kazetari marokoarrak epaiketa irabazi

Pertsonaia handia da Ali Lmrabet Marokon, herrialde hartako kazetaririk ospetsuena, seguru asko. Batez ere, 2000 urtean berak sortutako Demain agerkaria itxi eta debekatu ziotenetik.

Gurean izan zen egunetan, jakinmin izugarria erakutsi zigun Euskal Herriarekiko. Galde eta galde egiten zigun berak, eta guk, zela edo hala, erantzun. Izango da emaztea kataluniarra duelako, eta haren ikuspegia  Kataluniarekiko ez delako oso desberdina geuk geure herriaz dugunarekiko.

Izanak izan, guk kontatu genizkionak baino agitzez interesgarriagoak gertatu ziren Alirekin ikasi genituenak. Esate baterako, Saharari buruz zeukan ikuspegia, edota Hamas mugimendua ezin daitekeela terroristatzat hartua izan esaten zigunean eta zergatik hori. Egun haietan, Bin Ladenen atzetik zebilen amorratuta, harekin nahi zuen elkarrizketa,  kosta ahala kosta. Inork halakorik lortzekotan, Ali da gizona. Gainera, Ali izan zen mundu arabiarrean, Netanyahuri egindako lehen elkarrizketa egin eta argitaratu zuena. Eskandalu bat.

Hala ere, bere testigantzen gaina  Malika Ufqir-en kasua kontatu zigunean gertatu zen, esan baitzigun nola ukan zituzten general disidente marokoarraren alaba eta haren familia guztia, hogei urtez desagertuta baldintza negargarrietan. Alik zehatz eta mehatz kontatzen zuen dena, desertuaren erdiko ziega beldurgarri haiek eta hura guztia, deskribapen lazgarrietarako aparteko dohainak dauzkala erakutsiz batera. Izuturik entzun genizkion denak.

Mendebaldea eta Ekialdea, biak ederki ezagutzen ditu Alik, eta badu mundua ikusteko ahalmen bat guk ez daukaguna. Halaber, Sorbonan ikasia izaki, ezin onartu du bere herriarentzat Mohamend VI garrenaren monarkia ustelaren gidaritza. Esaten zigun: zuek ez dakizue zer den Erregea aldi berean Aita Saindua izatea. Ba horixe daukagu guk Marokon, geure bizitza soziala, politikoa eta erlijiosoan manatzen duen agintari bat eta bakarra, ahalguztiduna, Jainkoaren parekoa. Eta kontu gehiago ere bai, Mohameden VI garrenaren izaerari eta ustelkeriari buruzkoak, hobe ditugunak hemen ez argitaratuta.

Telefonoa zuen joka etengabean, eta ez zuen hartzen, mahai gainean jarritako marmitakoari ekiten zion bitartean. (Eginak ditugu hamaika hobeak, baina ez zion muzinik egin, hala ere). Badakit nor den deitzen duena, esaten zigun. Eta geroxeago eman zigun argibidea. Antza, Mohamed VI garrenak bere lekutik kendutako Barne Ministro ohia zen telefonora deika, gizon anker eta doilor bat, ehunka hildako eta torturaturen erantzulea, Aliren laguntza eskean zebilena aginterik gabe geratutakoan: izorra dadila!

Badakigu Ali ez dela dena urre, ezagutzen baitizkiogu pare bat lagunarte batere aholkagarriak ez direnak. Eta gainera, kazetari handia izanagatik, handiagoa duela konspiraziorako ahalmena. Baina zer nahi duzue, ba, poztu egiten gara, inoiz edo behin, bere aldeko halako zerbait gertatzen denean.

Ali Lmrabet kazetari marokoarrak epaiketa irabazi 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)