Aldarteak eta galderak Kataluniatik

IMG_3009Biharko V-a mobilizazio arrakastatsua izango denik, inork ez du zalantzan jartzen. 530.000 lagun izena emanda daude bezperan. Besterik da, irailaren 12ko ajea; Diadaren gozoa kostata dastatuko dute, aho-eztarriak lehortuta baitaude. Azalduko dut: independentisten aldartea ez da 2013ko Via Catalana-ren atarikoa. Gorago daudelako -galdera eta data zehaztuta- erortzean min handiagoa egiteko aukera dute. Berehalako ziurgabetasunak ilusioari kosk egin dio.

Bi hilabete barru egin beharrekoa den galdeketa baztertzea kolpe latza litzateke, oraindik agertu ez den plan argiagorik garatu ezean. Gainera, bi alderdi nagusien mezu kontrajarriak ikusita, fedea behar da gaur gaurkoz B plan bideragarru bat adostuta dagoela pentsatzeko.

Orain arte batuta ibili direnen artean arrakalak sortu dira, eta ezin jakin azaroaren 9a bitartean zenbat zabalduko diren. ERC eta ANC Generalitatearekin auskan dabiltzala ikusita, Pujol auzia tarteko, Mariano Rajoy eroso dago, apurrik ere mugitu gabe.

Junquerasek “desobedientzia zibila” aldarrikatu du hautestontziak jartzeko, ANCk “Ibarretxerena ez da errepikatuko”, ziurtatu du, eta bitartean Artur Mas “legez kanpo” bozkatzea ez dela ganorazkoa esaten dabil. Ganorazkoa ez dena itun bera sinatu duten ERC-CDC publikoki eztabaidan ibiltzea da, itxurakeria hutsa izan badaiteke ere. Ez da giro, eta ez da gero balizko apustuen emaitzak aurreikusteko modurik. Urduri, ANCren leloak dioen bezala, orain baita jarrera eta ekintza politikoak gauzatzeko unea (ara es l’hora). Prozesu hau telebistako serie bat balitz, azken denboraldian geundeke, protagonista zintzoak zein gaiztoak erortzen diren une kritikoan.

Azaroaren 9an galdeketa egingo den ala ez, zalantza hori, harrak fruta bezala ari da alderdien batasuna eta gehiengo independentistaren osasuna higatzen. Eta gero zer? Aldarte kontua da. Intsektizidarik nonbait?

Azaroaren 9ra arteko bi hilabeteak lozorroan pasa nahi lituzkete askok -Diada barne- bitarteko gorabeherak saihesteko. Esan beharrik ez da, independentziaren aurkakoak gaiaz are aspertuago daude, trenen talkatik ezer onik aterako ez dutelakoan.

Zenbat tinta ari den gaiaz isurtzen! Tartean, Empar Moliner Ara egunkariko zutabegileak gaurko alean idatzitako galdera: “Mas president agurgarria, galdeketa baztertu egiten badugu legez kanpokoa delako, nork sinistu dezake aurrerago plebiszitarioak deituko dituzula, are ilegalagoa den aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko? Zer pasako da bitartean, denbora ez bada?”.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Aldarteak eta galderak Kataluniatik”-ri buruz

  • Politika fikzioa: demagun Kataluina badoala epe laburrean (2-3 urte). EH ez dago fase horretan, baina epe ertainera (10 urte) Kataluina joateak aukerak ireki ahal ditu ala luzaroan itxi?
    -Imaginatu Kataluniako pisurik gabeko Espainia. Hipermegaespainolatutako Espainia. Akaso horrek EHko gizarte zibila eta alderdi politiak mugiaraziko ditu. AUKERA
    -Ala imaginatu, Kataluina joanda, euskaldunekin ez direla hain samurrak izango. Errotik, indarrez moztuko dute edozein ekimen. MEHATXUA
    Non ikusten duzue gure lekua joku horretan?

  • Barkatu akatsak, telefonoan idaztearen desabantailak…. Ulertzen dela uste dut