Agur eta ohore, Daniel Vidart

Daniel Vidart –

Daniel Vidart, Uruguaiko antropologo ezaguna hil berria dela eta, ozeanoz alde honetatik azken agurra eman nahian, idazki xume hau. Izan ere, nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, Montevideoko Fellini jatetxean egin zuen liburu-aurkezpen batean. Ordurako urtetan sartuta egonik ere, gizon jantzia eta jakintza handikoa zela erakutsi zuen. Entzuleen artean, besteak beste, garai hartako Uruguaiko Hezkuntza ministro Simón andrea, maisu zaharraren hitzei adi, gu bezalaxe. Gizon handiek —eta ez handi-nahiek— duten xalotasun eta apaltasunaz agurtu gintuen euskaldunak ginela adierazi ziotelarik. Euskal arbasoak izateaz harro baina harrokeriarik gabe, Vidart abizenaren etimologiaz aritu zen, Lapurdiko Bidart herriaz, eta gizon apala bezain jakintsu batekin solasean ari ginela ikusi nuen. Nire xumean, euskarazko nire liburutto bat eman nion opari, eta apalategian harrotasunez gordeko zuela erran zidan.

Daniel VidartUruguaiko antropologo, ikerlari, poeta eta intelektualik handienetako bat izanik, panegirikoren beharrik ez du Daniel Vidart maisuak, hor baitaude bere liburu eta bere idazkiak. Jakintsu xalo eta amultsu honi egin dakiokeen omenaldirik handiena, agian, bere idazkiak eta obrak ezagutzea eta ezagutaraztea da. Los fugitivos de la Historia  liburuaren aipuak artikulu batean baino gehiagotan baliatu dut, baina azpimarratu eta aholkatu nahi dut Vidartek berriki idatzitako artikulu mamitsu bat, Sobre la falta de pensamientoque hoy nos acoquina e identifica,  —Pentsamendu faltaz, gaur egun makaltzen eta ezaugarritzen gaituenaz— bizi garen garaiaz zer pentsaturik ematen duen artikulu mamitsua.
 

Izan ere  politikari neoliberalak ikusita, Ameriketan ez ezik ozeanoz alde honetan ere “buru pentsalarien falta” begi-bistakoa da, eta Rio de la Plata ibaiaren bertze aldean Macri badute, Frantziako Estatuan Macron dugu, Iparraldekoendako kalte; eta mugaz alde honetan Casado, Rivera, Esparza, Chivite eta enparauak ditugu Hegoaldekoen kalterako, hauteskunde kanpaina hauetan ageri-agerian gelditu denez behin baino gehiagotan: eskematik ateratzerik ez dakiten erdi-ipurdiko hizlariak, maila ezin eskasagoko eztabaidak, eskola-patio bateko maila politiko negargarria erakutsiz… salbuespenak salbuespen.

Daniel Vidart maisuak hizkuntza klasikoak maite zituenez gero, zilegi bekit, amaitzeko, aipu klasiko bat baliatzea haren omenez: Sit Tibi Terra Levis, edo hainbeste miresten zuen euskaraz esanda, Lurrak goxo har beza bere baitan… eta bego geure gogoan.

 

Azaleko argazkia: delsol.uy
Daniel Vidart
Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude