«AEBek Palestina ezagutu behar dute»

Bake negoziazioak ezinezkotzat jo ditu Rosenbergek. «Garai batean, estatu palestinarraren sorrera israeldarren eta palestinarren artean negoziatuko zen ustea oso zabalduta zegoen. Orain ez. Negoziazio zuzenen hil-kutxako azken iltzea Benjamin Netanyahu lehen ministroak jarri zuen, Obama presidenteak 90 egunez kokaguneak hedatzeari uztearen truke eskaini zion 3,5 mila milioi dolarreko diru-laguntza gehigarriari uko eginda. […] Israel palestinar asko bizi diren eta kolonoek beraiek nahi ez dituzten lur batzuk emateko prest egon daiteke. Baina ez du onartuko ondoan estatu palestinar bat sortzea». Bestetik, palestinarrak ez daude etsitzeko prest. «Ez dago zalantzarik Palestinako Aginte Nazionalak negoziatzeari uko egin diola. Ez ditu bere errendizioaren baldintzak negoziatu nahi, ez beste alternatiba batzuk izanda».

Bere ustez, alternatibarik egokiena hauxe da: AEBen zuzendaritzapean, Eki Jerusalem hiriburu izango duen estatu palestinarra sortzeko ebazpen bat ezartzea. 2002an, herrialde arabiarrek adierazi zuten Israel publikoki ezagutzeaz gain, hari bakea bermatu eta harremanak normalizatzeko prest zeudela, 1967ko gerraren aurreko mugetan (Lerro Berdea deiturikoa) estatu palestinarra sortzearen truke. Alabaina, Israelek uko egin zion eskaintzari eta, ondoren, AEBek.

Geroztik aurrerapausorik ez dela eman nabarmendu du Rosenbergek eta, gaur egun, zail ikusten du beste urratsen bat egitea: batetik, Tel Avivek ez duelako nahi; eta, bestetik, datorren urtean AEBetan hauteskunde orokorrak egingo dituztenez, Obamaren gobernuak ez duelako arriskurik hartu nahiko.

«Horrek guztiak esan nahi du agian palestinarrek beren kasa egin beharko diotela aurre auziari, Zisjordania, Gaza eta Eki Jerusalemen estatu palestinarraren sorrera aldarrikatuz, NBEren babesarekin». PANek iragarri duenez, dagoeneko 109 herrialderen babesa jaso du, besteak beste, Brasil, Argentina eta Errusiarena. Zenbait iturriren arabera, Txinak ere laster emango dio. Bestetik, Europar Batasunak PAN etorkizun hurbilean independente izateko oinarri instituzionalak jartzen ari zela adierazi zuen abenduan eta, urte honetarako, hasteko, 100 milioi euroko laguntza ematea onartu zuen. Hori baino aste pare bat lehenago, EBko 26 goi agintari ohik estatu palestinarra unilateralki aldarrikatzearen alde zeudela baieztatu zuten, komunikabideetara bidali zuten gutun baten bidez. Sinatzaileen artean, Europako Atzerri Politikako goi-komisario izandako Javier Solana eta Europako Batzordeko presidente izandako Romano Prodi zeuden.  

Rosenbergek estatu palestinarra sortzeko bi oztopo ikusten ditu. Bata, Israelgo Gai Publikoetako Amerikako Batzordearen (AIPAC) presiopean, AEBek alde bakarreko aldarrikapena eragotziko dutela iragartzea. Horren aurrean, gatazka konpontzearen alde daudenei lanean hasteko eskatu die, Obamak ez dezan urratu Washingtonek estatu palestinarra sortzeko eman zuen hitza. Beste arazoa, Zisjordanian eta Gazan boterean dauden bi alderdien, Al Fataren eta Hamasen, agintekeria da. Hala ere, estatua sortuz gero, palestinar guztiek bozkatu beharko dute eta segur aski ez dute gehiengo osoa lortuko.    

«Berrogeita lau urteko okupazioa nahikoa da, bai palestinarrentzat, bai israeldarrentzat. Eta AEBek hitza betetzeko ordua da».

Jatorrizkoa testua ondoko helbidean irakur daiteke: english.aljazeera.net/indepth/opinion/2011/01/201111971544820372.html

Palestina ezagutu beharra

Irudia | Palestina ezagutu beharra | Ezezaguna | LGPL

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...