Abenduaren 21eko bezperan

Abenduaren 21eko bezperan –

Lau egun eskas geratzen zaizkigu Kataluniako hauteskunde aurreratuak egin arte. Gaurko egoera ikusirik (155. artikuluaren arabera autonomia behin behineko kendua; katalan abertzaleak espetxeratuak edo Belgikara erbesteratuak; bertako aferak zuzen Madriletik zuzenduak) hauteskunde autonomikoez mintza gaitezkeenik ez dezakegu esan. Gauza bat irabazia izan da behintzat: Espainiako Gobernuak ezarritako Puigdemont jaunaren kontrako euro-agindua «linboetara» igorria izan da. Baina kasu, hauteskundeak irabazi ala ez Puigdemont jauna Kataluniara itzultzea oso zuhurra denik ez dakigu; Espainiako PP-ko gobernuak beste buztanik ukan dezakeen katu txartzat jo dezakegulako.

Abenduaren 21eko bezperanKatalunian eta Espainian antikatalanistak diren «Ciudadanos» eta PP alderdiek izugarrizko intoxikazio kanpaina eramaten dute, bertako abertzaleak «golpista»-tzat joaz eta Belgikan Puigdemont jaunak duen aliatu bakarra «Vlaams Belog» Flandriako alderdi eskuindar–pronazia dela salatuaz. Berri hauxe irakurri nuen ABC egunkarian.

Demokrata eta internazionalista bati baino gehiagori bere aulkitik jauzi egiteko irrika emanen ziezaiokeen salaketa horrek; hain zuzen ere, Flandriako alderdi abertzale guztiak ez dira eskuin muturrekoak eta Kataluniako abertzaleek jakin badakite 1936-garren urtean, euskaldun gudariek bezalaxe, naziengatik sufritu zutela: Gernikako bonbardaketa eta Companys-en exekuzioa beste askoren artean. Espainiolista eskuindarrek ez dute ezer esan ultra eta pro-nazi taldetxoek gogorki katalanen aurka manifestazio bortitzak antolatu zituztelarik. Salatu dute aldiz, Kataluniako eskola liburuetan Espainiako estatua multinazionala izaten dela irakastea; eta hala dela ezin da ukatu.

Espainiolistek edo Unionistek hedatzen dituzten gezur horiek ondorio txarrak ukan ditzakete gehiengo isila deitzen den hautesleen saldoan; askotan politikan isilik dagoenak indartsuaren alde ematen du bere botoa, edo indarren arteko harremanak aldatzen direlarik, garaile bihurtzen ari denaren alde. Hots, beldurraren politikaren menpe izaten ahal da gehiengo isila delako hori.

Baina beste alde batetik baliteke urriaren lehengoan gertatu den poliziaren indarkeriaren aurrean independendisten kopurua emendatzea. ETA-ren borrokaren urte gogorrenetan esaten zuten Madrileko agintariek ETA-k Katalunian atentatu asko egiten zituela Mediterraneoko herrian zegoen elkar bizitza, bake giroa eta indarkeriarik gabekoa gorroto zituztelako. Baina nork eten zuen Kataluniako bake giroa erreferendumaren egunean bertan? Kataluniako independentistek ez baizik eta Espainiako indar armatuek.

Jalgipenaz abenduaren 21-eko hauteskundeen garrantzia azpimarra dezadan jarraian emandako lerroetan:

  • Abenduaren 21eko bezperanEspainiak legez kanpokotzat jo duen erreferendum zilegi eta demokratiko baten aurka dira abenduaren 21eko hauteskundeak.
  • Europaren Mendebaldean bere nazio aniztasuna osoki aitortzen ez duen estatu batean egiten direlako.
  • Gaurko estatuen mugak sakratutzat eta ezin aldatuzkotzat jotzen dituen politikarientzat fenomeno apartekoa ez delako: Eskozian onartua izan da erreferenduma eta Korsikako abertzaleen garaipenaren aurka ez dute asko egin Frantziako agintariek, estatu hau Espainia baino zentralizatzaileago izan arren.
  • Autonomien estatua zalantzan ezartzen dutelako.

Bati baino gehiagori bururatzen dakioke galdera hori: zer izan daiteke hauteskunde hauen emaitzaren ondorioa? Nire ustez independentistek kopuruz galtzen badute, gauzak lehenago bezala segituko dute, baina independentisten borroka lasaia ez da horretan geldituko.

Beste alternatiba liteke independentistek irabaztea, baina Espainiako Gobernuak ez onartzea, eta 155. artikuluarekin jarraitzea. Halako kasu batean Puigdemontek erbesteko Kataluniako Errepublikako gobernu bat osa lezake Belgikan edo Andorran. Espekulazio hutsak dira naski, baina azken alternatiba horrek Europako beste nazio ukatuentzat ondorio baikorrak ukanen lituzkeelakoan nago.

Jakes Lafitte Enbata
Abenduaren 21eko bezperan

Ingeniaria.

Zer duzu buruan “Abenduaren 21eko bezperan”-ri buruz

  • Irabazten diren erreferendumak zure normak, zure zentsoa eta zure kontrolarekin izaten dira. Hots, libreak izan ez gero.
    Galtzen direnak: okupanteen normekin, okupanteen zentsoarekin eta okupanteen kontrolaren menpe.
    Bi hauteskunde mota daude: hauteskunde konstituienteak (Urriaren 1koak) eta hauteskunde destituienteak (Abenduaren 21koak).
    Arrazonamendu politikoa berreskuratu behar dugu, lehen baino lehen.
    Hona hemen artikulu bat zentsu hortan:
    http://hamabost.net/categorias/mentes-lucidas/