A tonga da mironga do kabuletê

A tonga da mironga do kabuletê –

Buenos Airesen euria egiten duenean, Argentinako film batean sentitzen naiz. Hauetan taxiak agertzen dira, bikote bat eta, batzuetan, tango bat entzuten da. Agian, El mismo amor, la misma lluvia (Campanellaren filma, Ricardo Darínekin) gogoratzen duzue.

A tonga da mironga do kabuletêHala ere, udazkeneko egun euritsuetan, Pazziollaz gain, beste musika mota bat entzungo nuke. Oso egun malenkoniatsuak direnez (egia esan, nik oso galiziarrak direla esango nuke), fadoak eta bossa nova ondo geratzen zaizkie egun horiei.

Orduan, bossa novari buruz hitz egiten, Vinícius de Moraesek eta Toquinhok Argentinan egin zituzten diskoei buruz hitz egin behar dut. Biak oso onak dira, batean Maria Creuzak abesten du beraiekin eta, beste batean, Maria Bethâniak. Nik disko-jogailu bat buruan daukadala pentsatzen dut, musikak etortzen zaizkit burura ametsetan (bai, ametsek musika daukate batzuetan) edo egunean zehar. Eta egun euritsuetan bi abesti agertzen zaizkit: martxoa bada, “Aguas de março”  Tom Jobimek eta Elis Reginak abestua; bestea “Que maravilha!” Vinícius-ek, Toquinhok eta Maria Creuzak egindakoa.

Dudarik gabe, denbora makina izango banu, Viníciusen kontzertu batera joango nintzateke, Buenos Airesen hobeto. Hemen egin zituen diskoak entzuten ditudanean, o Capitão do Mato Vinícius de Moraes, poeta eta diplomazialaria, Brasilgo zuririk beltzena (hark bere burua horrela aurkezten zuen) zuzenean entzutea asko gustatuko litzaidakeela uste dut. Alabaina, nire amets honetan arazo bat bakarra aurkitzen dut, bere azken aurkezpenetan Argentinan militarrak zeuden eta, gainera, berarekin pianoa jotzen zuen musikaria, Francisco Tenorio Cequeira Junior, desagerrarazi zuten.

Viníciusen musikek tristura  apur bat daukate. Hark esaten zuen bezala,  tristurak beti itxaropen bat dauka: tristura izateari uztea.  Gainera, oso poeta ona izateaz gain, bere etorria asko gustatzen zait. Dakigun bezala, diktadura baten bitartean, poetek esan nahi dituzten gauzak esateko beste modu bat aurkitu behar dute. Beraz, nola bidal ditzakegun pikutara militarrak (edo beste pertsonak ere bai) Viníciusek asmatu zuen. Brasilgo diktadura militarraren bitartean, Viníciusek eta Toquinhok “A tonga da mironga do kabuletê” idatzi zuten. Diskoan Nago hizkuntzan irain bat dela esaten dute; orduan haiek, militarrak konturatu gabe, protesta moduan erabiltzen zutela suposatzen da.

Azken esaldi horren ondoan, batzuetan abesti hori Macri pikutara bidaltzeko erabiltzen dudala  idatziko nuen. Baina hori pentsatzen ari nintzenean, txirrina entzun dut; hortaz, jaitsi naiz. Mutil bat arropa eskatzen pasa da euripean. Orain ziur nago abesti hori abesteko momentu onena dela. Mesedez, lagun iezadazue, abestu ezazue nirekin.

A tonga da mironga do kabuletê
A tonga da mironga do kabuletê

Eskola publikoko irakaslea naiz