Anarko-hipsterismoa

piotrEgunerokotasuna nekeza bezain bizkorra zait azkenaldian. Mantso-antzean nabil. Egitekoak gora. Aurrera egin ezina. Atzera begirako bat bota eta gerra hasi zuena ni neu izan nintzela jabetu naiz. Garagardo botila hutsak Lavapiésen. Flashback-a. Nik aitortu nien gerra nonbait egitekoei. Menia-adierazpenaren zain nago orain. Errusiera-klaseak alde batetik; atzerapena eta Errusia. Azaroak zazpi: 1917ko urriko iraultza boltxebikearen urteurrena izan zen atzo. Urriko iraultza urriaren 25ean gauzatu zen errusiarren egutegi juliarrean. Gurea, gregoriarra, hamalau egun aurretik doa. Kutsatu nau nonbait errusiera irakasleak. Gregorio kabroi hori. Julio naiz ni, bi aste atzetik dabilena.

Weber, Sartori, Arendt, Almond, Verba, Foucault eta abar. Beste ostia batzuk. Putnam da azkena; “Kapital soziala eta ekintza kolektiboa”, dio testuak. Kropotkin aipatzen du: Anarkismoaren ideologo nagusia (XIX mendea). Igaro den urtean Madrilen bertan erosi nuen liburuxka gogoan: Piotr Kropotkin: principios y fundamentos del anarco-comunismo. Tipo jatorra. Gaizki sailkatuak daude anarkistak. Ziur nago horretaz. Manifetan giroa pizten duten bakarrak dira. Eskuzabal eta solidarioak askatasun bila. Ez dut liburuxka esku-artean, baina Kropotkinen hitz batzuk parafraseatzeko moduan sentitzen naiz:

Anarko-komunismoa moralean oinarritzen da. Gizabanakoak beste pertsona bat sufritzen ikusten badu, lagundu egingo dio, bestearen sufrimenduak norberari ere mina eragiten baitio (…) Indibidualismoak ez du fundamenturik, gizabanakoak egunero erabiltzen dituen azpiegiturak besteren batek ekoitziak baitira. Talde-lanaren bidez egin dira etxeak, eraikinak, errepideak, saneamendu-sareak eta abar.

Eta jakina, estatu ororen aurka eginen zuen: gutxiengo baten esku dagoen estatu oro (elite dominantea kapitalista ala iraultzailea izan) baitzen autoritarioa, haren ustez.

Tipo ona izan behar zuen Kropotkinek ezinbestean. Flashback-aberriro. Malasañan nago. Kropotkinen liburua tabernako mahaian ahaztuta utzi dut. Bila noa. Neska-mutiko kuadrilla bat jazarri da lehen gurea zen mahai-inguruan. Liburua eskuan du batek.

-Hi, liburu hori nirea duk.

-A bai? Tabernako atrezzoa zelakoan nengoen.

Malasañan nengoen. Moderneque lepo dagoen parranda-gunea da. Orain modan dagoen bizar luze hipster horietakoa zeraman Piotr-ek liburuaren azalean. Nahikoa tribu sozial horretako edozein txotxongilo erakartzeko. Aspaldi da Malasaña Lavapiesek ordezkatu zuela niretzat. Indies, hipsters y gafapastas al paredón: crónica de una dominación cultural (Víctor Lenore, 2014) liburua jarri da modan azken asteotan. Ez dut irakurri(ko), baina Hedoi EtxartekBerrian larunbatero egiten duen zutabeetako batean eskribitu zuenarekin amaituko dut:

«Hipsterrak dira lehenengo azpikultura, errebeldiaren itxuran, kapitalismo garaikideak ezarritako baloreak defendatzen dituena. Independentzia, sorkuntza eta berrikuntza hitzak sistemak proposatzen duen espiritu indibidualista eta lehiakorraren aurpegi atsegina dira. Eta hipsterren balizko irizpide guztiz finak lotsa beharrean harrotasuna eragiten duen kontsumismoa sortzen du».

Piotr-ek burua altxatuko balu… bizarra moztuko zukeen, seguruenik.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

Anarko-hipsterismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude