38. paraleloa (Korea III)

38. paraleloa (Korea III) –

Heriotza kopuru handia izan zen bi aldeetan, eta azkenean, 1953ko uztailaren 27an, armistizioa sinatu zen. Bertan hitzartutakoaren arabera lurraldea bitan zatituko zen, zehazki hiru urte lehenago gerra hasi zen toki berean: 38. paraleloan. Ez zuen inork irabazi, bakoitzak irakurketa bereizia egin dezakeen arren. Ameriketako Estatu Batuek “komunismoaren aurkako garaipen” gisa saldu zuten akordioa; baina iparraldean errepublika sozialista bat zen. Bestalde komunistek ere ez zuten garaipen osoa eskuratu; prezio oso altua ordaindu arren, ez zuten lortu estatubatuarrek atzaparrak kentzea Korea osotik.

38. paraleloa (Korea III)
Armistizioa sinatzen: ezkerrean estatubatuarrak; eskuinean korearrak.

Korean egindako izugarrikerietatik ikasi zuten Estatu Batuek, eta hamarkada baten buruan Vietnam erasotu zuten.

38. paraleloa (Korea III)
Pyongyang

Mezu oso garbia zuzendu zitzaion Asia osoari Korean egindakoaren bitartez: Estatu Batuen interesentzako oztopo bilakatzen zenak larrutik ordaindu beharko duzuen. Zifrak asaldatzeko modukoak izan ziren. 3 milioi korear inguru hil ziren, 30 milioiko biztanleria batetik. Tragediaren neurria izugarria izan zen. Erreferentzia gisa har dezagun Nafarroa: 300.000 biztanle ingurutik 3.000 fusilatu zituzten, populazioaren %1a. Korearren %10a  hil zuten yankiek.

Txinak aurre egin zien estatubatuarrei, eta lehen aldiz indartsu sartu zen mundu mailako xake taulan; hala eta guztiz ere, Nazio Batuen Erakundetik at egon ziren 1971 arte, AEB-k hala eskatuta. Sobietarrek, ordea, irudi ahula eskaini zuten gatazka hartan, eta orduan hasi omen zen SESB eta Txinaren arteko aldentze prozesua. 1969ean helduko zen bien arteko mugaren inguruko enfrentamentua, “gatazka sino-sobietiko” izenarekin ezagutua. Gatazka armatu txiki bat izan zuten haien artean, eta eskerrak, bien tamaina beldurgarria ikusita ez zen urrutirago iritsi.

Winston Churcillek Koreako gatazkaren inguruan esan zituen hitzak argigarriak dira oso: “Egiazki, Koreak ez du axola. Ez dut toki madarikatu horren berri izan 74 urte bete ditudan arte. Bere garrantziaren ardatz nagusia da Estatu Batuen armatze prozesua azkartu duela”.

1947an AEB-etako Defentsa Ministerioaren gastua 12.800 milioi dolar izan ziren. 1952an ordea aurrekontua jada 46.100 milioi dolarretakoa zen, eta aurrekontu totalaren erdia bideratuko zuten gastu militarretara 50eko hamarkada osoan.

Gaur AEB-k inor baino gehiago hiltzen dute, inor baino gehiago okupatu eta inor baino gehiago gastatu eta irabazi armetan. Ipar Korea afera askotan iluna denik ezin uka: kargua herentzian izatea; delituak ere herentzian izatea; pertsonalitatearen inguruko gurtze hori…

Baina ez dezagun ahantzi Koreaz ari garela, eta Korearen historia, lagunok, historia benetan latza da.

38. paraleloa (Korea III)