3.300km eta 30kg mundu hobe baten alde

Oscar-Rando

Oscar Rando 42 urteko katalanak oinez 3.300km egiteari ekin dio egun hauetan, Se hace camino al andar erronkari alegia. 30kg galdu nahi ditu eta gramo bakoitza 2,5 eurotan saldu, mundu hobe baten alde.

 

Ziurrenik ere zuetariko askok ez duzue Oscar Rando ezagutuko. 1972an jaio zen Bartzelonan. Bere burua giza ekintzailetzat jotzen du. GATS izeneko elkarte batean ari da, eta krisiak gogor eragin diela eta, ezohiko erronka bota dio bere buruari: 30kg galtzea Espainiako Estatuan barrena 3.300km eginez oinez. Jendearen borondateari esker galtzen duen gramo bakoitzeko 2,5 euro eskuratzea espero du. Oscarrek 130kg ditu, eta berak dioen bezala, nonbait beharra ere badauka. Egun hauetan ekin dio erronkari Sevillatik abiatuta, eta dena ondo joanez gero, Espaina eta Galizia zeharkatu ondoren, apirilaren 8an izango dugu gurean, Euskal Herrian. Damba euskal musika taldearen Mi Camino kantua aukeratu du bidelagun, hura izango baita erronka honen ereserkia.

GATS edo lan sozial elkartuaren taldea duela 11 urte sortu zen Prat de Llobregat-en (Katalunia). Helburua: Munduaz leku hobe bat egitea. Horretara heltzeko hainbat ekimen antolatzen dituzte, ingurugiroaren aldeko kanpainak, integrazioaren aldeko ekintzak, bitartekaritza lanak auzo zailetan, enpleguak sortzeko elkarlanak, kontzertuak, festibalak eta gisa horretako hainbat gauza. Egingo dituen 3.300km horietan horren berri eman nahi du Oscarrek, baita bide beretik lan egiten duten tokian tokiko eragileen esperientziak jaso ere. Hiru hilabete ditu horretarako, eta egunean 20 euro baino gehiago ez ditu gastatu behar.

Haren ibilbidea jarraitu nahi baduzue, hemen daukazue haren bloga: www.sehacecaminoalandar.org , eta hemen, berriz, lagundu nahi duen elkartearen web orria, GATSena alegia www.gats.cat . Zuen ekarpena egin nahi baduzue, hemen egin dezakezue www.migranodearena.org/oscarrando5, internet bidez ordainketa seguruak egiteko plataforma da. Euskal Herrira iritsiko denean, harekin harremanetan sartu nahi baduzue, helbide elektroniko honetara idatz dezakezue xan@damba.info .

GAUZA AGERIA