«Aurrerapausoa da, baina jazarpen politikoak aurrera jarraituko al du?»

ZELAYA.jpegEstatu kolpe bidez agintetik bota zuten Manuel Zelaya presidente ohia Hondurasera itzuli zen, joan zen larunbatean, Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Elkartearen laguntzaz. Hondurasko gaur egungo gobernuak agindu duenez, Zelayari segurtasuna bermatuko dio eta Herri Erresistentziaren Fronte Nazionala legeztatuko du. Mark Weisbrot ekonomialariak Znet webgunean adierazi duenez, herrialde hartako egoera larria da oraindik ere, baina Zelaya bertan egoteak gehiegikeriak geldiarazten lagun dezake.

Armadak 2009ko ekainaren 28an kendu zion presidentetza Zelayari, Konstituzioa erreformatzeko erreferendum bat antolatu nahi zuelako, presidente kargua betetzeko agintaldi kopuruaren muga ezabatzearren. Weisbrot ekonomialari eta Washingtongo Ikerketa Ekonomiko eta Politikoko Zentroko zuzendarikideak adierazi duenez, ez dago frogatuta Ameriketako Estatu Batuek lotura zuzena izan zutela, baina argi dauka Barack Obama presidentearen gobernuak hauteskundeen bidez gobernu kolpistaren zilegitasuna lortzeko «ahal zuen guztia» egin zuela. Amerikako gainerako herrialdeek eta nazioarteak, berriz, kritikatu egin zituzten. Hala, OEAtik (Amerikako Estatuen Erakundea) kanporatu zuten.

Aurtengo apirilean, Kolonbiaren eta Venezuelaren bitartekaritzari esker, Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Elkarteak (CELAC) eta Porfirio Lobo buru duen Hondurasko Gobernuak Zelayari erbestetik itzultzea ahalbidetzeko akordioa sinatu zuten: Cartagenako Hitzarmena. AEBek eta Kanadak ez beste Amerikako herrialde guztiek osatzen dute erakunde hori eta iaz sortu zen, neurri batean, Honduraseko kolpearen ondoren Washingtonek OEA manipulatu zuela uste baitzuten. Akordioa sinatutakoan, AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek babesa eman zion. «Honduras OEAn berriz onartua izan zedin presioa egiten aritu da, azken urte eta erdian, alferrik. Hitzarmen honek Honduras berriz onartzeko bidea irekiko duela suposatzen denez, [Clintonek] Washingtonen garaipen gisa aurkez dezake, baina ez da hala, inolaz ere», iragarri du Weisbrotek, eta hala izan da. Asteazkenean zabaldu zion berriz ere atea OEAk Hondurasi, 32 herrialderen oniritziarekin. Venezuelak ez zuen lortu estatu kolpearen erantzuleak auzipetzearen aldeko konpromisorik, baina hala ere Hondurasen alde egin zuen; Ekuadorrek, berriz, aurka, «goizegi» delakoan –Ekuadorko presidente Rafael Correak bere kontrako estatu kolpe saio bat salatu zuen iazko irailean–. Hondurasen OEAko ordezkari izango den Jorge Ramóm Hernándezek esan zuen adiskidetzearen alde egiten jarraituko duela, denek «elkar besarkatu eta barkatu» arte.

Cartagenako Hitzarmenaren arabera, Gobernuak giza eskubideen alde egingo du, estatu kolpearen eta errepresioaren aurka egin zuen Herri Erresistentziaren Fronte Nazionala legeztatuko du, erreferendumak egitea ere legezkoa izango da, eta Dominikar Errepublikan babestuta zegoen Zelayaren zein erbestera jo behar izan zuten beste hainbat lagunen segurtasuna bermatuko du. Hain zuzen, Zelayak 2013ko hauteskundeetara aurkeztu nahi du, Herri Erresistentziaren Fronte Nazionalaren buruzagi gisa.

Human Rights Watch nazioarteko erakundeak eta Hondurasko giza eskubideen aldeko hainbat taldek salatu dutenez, estatu kolpearen ondoren, armadak dozenaka lagun hil ditu –horien artean, Herri Erresistentziaren Fronteko kideak, nekazariak, sindikalistak eta kazetariak–, baita bestelako gehiegikeria ugari egin ere. Dena den, Zelaya Hondurasen egotea urrats bat dela adierazi du Marc Weisbrotek: «Hedabide eskuindarren monopolioa hauts dezake, eta hori errepresioaren aurka egiteko erabiltzen badu, eragin positiboa izan dezake».

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...