«Somaliako aliantza gaiztoa: komunikabideak, diru-emaileak eta giza laguntzarako erakundeak»

SomaliaAspaldiko partez, uda honetan, komunikabideetan berriz ere somaliarren sufrimendua ikusten ari gara, edonoren bihotzak erdiratzeko moduko irudi lazgarriak: ume gosetien sabel puztuak, bularra emateko esnerik ez duten zimurrez betetako emakumeak, eta hezur huts diren errefuxiatuz betetako kanpalekuak. Horiekin batera, NBEk nazioarteko herrialdeei diru-laguntzak emateko egin dien eskariaren berri iristen zaigu, baita gobernuz kanpoko erakundeak herritarren artean dirua biltzeko egiten ari diren kanpainen berri ere. Baina Rasna Warah-k The West African webgunean adierazi duenez, errealitatearen zati bat bakarrik erakusten digute.

Rasna Warah-ren arabera, gobernuz kanpoko erakundeek goseteari buruz esaten dutena bakarrik helarazten digute komunikabideek, dela egoera larrian dauden lurraldeetara kazetariak bidaltzeko bitartekorik ez daukatelako, dela besterik gabe erakunde horien bertsioan bakarrik oinarritzen direlako. Hala, ez dute errealitatea osotasunean aztertzen, ezta gosetearen zergatiak ere, eta somaliarrak biktima huts gisa agertzen dira.

Kazetariak giza laguntzaile izandako Michael Marenen The Road to Hell: The Ravaging Effects of Foreign Aid and International Charity liburua (Infernurako bidea: atzerriko laguntzaren eta nazioarteko ongintzako erakundeen ondorio suntsitzaileak, 1997) aipatu du. Hark idatzi zuenez, «afrikar gosetien irudia Mendebaldeko arketipo kulturala da, judu diruzaleena eta arabiar koipetsuena bezala». Bestalde, Linda Polman kazetari holandarraren ikuspegia ere jaso du. «Komunikabideak ez dira ia saiatu ere egiten giza laguntzarako agentziek zabaltzen dituzten datuak eta zenbakiak independenteki egiaztatzen, eta NBEko agentzia batekin lan egin nuenean ikusi nuenez, oso maiz puzten dituzte edo datu okerretan oinarritu». Azken finean, Polmanek The Crisis Caravan (Krisiaren karabana) liburuan adierazi duenez, haientzat Somaliako edo beste herrialdeetako hondamendiak «negozio aukerak» dira eta diruzaletasuna zein GKEen arteko lehia sortzen dute.

Nekazaritzan espezializatuta dagoen eta Kenyan bizi den Ahmed Jama ekonomilari somaliarrak ere adierazi du egoera artifizialki larriagotzeko joera dagoela, gobernuz kanpoko erakundeek diru gehiago bildu dezaten. Jamaren iritziz, oso litekeena da lehortearen ondorioz oso kaltetutzat jo diren leku askotan janari faltarik ez izatea, adibidez: Shabelle eskualdean. Izan ere, iaz uzta oparoa izan zuten.

Jamaren ustez, nekazaritza eta abeltzaintza politika sendorik ez dagoenez, lehorteek berehala gosetea ekartzen dute, baina 1980ko hamarkadara arte, esaterako, zereal premia gehienak aseta zeuden, Gobernuaren eta nazioarteko erakundeen inbertsioei esker. Michel Chossudovsky ekonomialariak liburu batean jaso zuenez, garai hartan, nazioarteko komunitateak Somaliari egiturazko neurri zorrotzak ezarri zizkion, eta horrek aleen inportazioarekiko mendekotasunaz gain, erregai, ongarri eta nekazaritza inbertsioen garestitzea ekarri zuen. Bestalde, giza laguntza gisa elikagaiak bidaltzeak, maiz, bertako nekazaritza suntsitu du eta, gainera, Gobernuak merkatuan saldu izan du, barne gastuei aurre egiteko.

Larrialdian dauden munduko toki ia guztietan, gerra jauntxoek, miliziek eta soldaduek etekina ateratzen diote giza laguntzari, zergak ezarriz edo armak erosteko lapurtu eta salduz.

Rasna Warah-k nabarmendu duenez, «nahita aipatu gabe uzten den beste kontu bat da giza laguntzarako erakundeek biltzen duten diruaren zati handi bat haien gastu administratiboak eta logistikoak ordaintzeko erabiltzen dutela». «Nire ustez, herrialde batean dauden diru-emaile eta giza laguntzarako erakundeen kopuruaren eta pobrezia mailaren artean harreman estua dago», gaineratu du.

Somaliako egoerari buruzko beste artikulu batzuk:

Somalia: terrorismoaren aurkako borroka globala eta krisi humanitarioa (Horace Campbel)

Nazio Batuen Erakundearen Somaliako Proiektuak erantzunik gabeko galdera gehiegi uzten ditu (Ahmed Jama)

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...