«Mendebaldeak Sirian esku hartzen badu, gauzak okertu egingo dira»

Siria2.jpeg4Siriako armada oposizioa ankerki zapaltzen ari dela adierazi du The Independent egunkariko korrespontsal Patrick Cockburnek. Hala ere, bere ustez, han gertatzen ari dena gerra zibiltzat ere jo daiteke, eta nazioarteak ez du militarki esku hartu behar. Bestalde, Siriako Gobernua kritikatzen dutenak Bahrainen gertatzen ari denaren aurrean isilik geratzea kritikatu du.

 

«Siriako armada demokrazia eta Bashar al Assad zein bere erregimena agintetik kentzea eskatzen ari diren manifestariak modu odoltsuan zapaltzen ari da. Deraa hiriko kaleetan, lurperatu gabeko hilotzak daude», adierazi du The Independent egunkariko korrespontsal Patrick Cockburnek. Gobernuak eutsiko al dio? Korrespontsalaren ustez, Al Assaden aldekoen eta aurkakoen indarrak parekatuta daude, eta bi faktorek baldintza dezakete emaitza: batetik, protestei eusteak; eta, bestetik, armadan zatiketak sortzeak. Dena den, bigarren aukera ez du garbi ikusten.

Herrialde arabiarretan matxinadak sortu zirenetik bost hilabete igaro direlarik, ez da garaipen argirik izan, Cockburnen ustez. Tunisian eta Egipton, elite politikoak eta militarrak urtetan agintean izandakoei bizkarra eman die, horrela status quoan aldaketa handiak gertatzea saihestu ahal izango dutelakoan. Bahrainen, monarkiak, Saudi Arabiaren eta Golkoko beste herrialde sunita batzuen laguntzaz, matxinadak desagerrarazi ditu, eta jarraitzaileak beldurrarazten ari da.

Siria Bahrainen bide beretik doala idatzi du korrespontsalak. «Dirudienez, joan den astean, Bashar al Assadek eta bere ingurukoek ondorioztatu zuten egiteko prest zeuden kontzesio mugatuak ahultasun gisa interpretatu zirela. Hala, segurtasun indarrei armarik gabeko manifestariei tiro egiteko eta kaleetan oposizio zantzu oro ezabatzeko agindu zieten».

Hala ere, Cockburnek nabarmendu du nazioarteak ez duela esku hartu behar. Gogorarazi duenez, 2001ean, AEBek talibanak agintetik kendu zituztenean, afganistandarrak pozik zeuden, baita irakiarrak 2003an ere, Hussein kendu zutenean, baina horrek ez zuen esan nahi autokraziaren aurkariak batuta zeudenik, benetako indarra zeukatenik, edo aurreko agintariak bezain ustelak edo ezgaiak ez zirenik. Horrez gain, ez zeuden prestatuta atzerriko armadak beren herrialdeetako buru nor izango zen aukera zezaten onartzeko. «Mendebaldeak arrazoi humanitarioengatik lagundu nahi dituela dioen herrialdeetako biztanleek haren benetako altruismoaz eszeptikoak izateko arrazoiak dauzkate», adierazi du Cockburnek. Horren adibide gisa zera aipatu du, Erresuma Batuko Gobernuak 2002an British Petroleum eta Shell enpresekin Irakeko petrolioa banatzeko egin zituen negoziazioak. AEBetako enpresak banaketa horretatik kanpo utzi nahi zituzten.

Baina bada bestelako arrazoirik ere atzerriko esku-hartzearen aurka egoteko. «Gatazka hauek gerra zibilen ezaugarri batzuk behintzat badituzte: badira Gaddafi koronela babesten duten tribuak, eta badira oposizioa giza eskubideen aldeko aldarrikapenek erakusten dutena baino sektarioagoa eta suniten aldekoa dela uste duten siriarrak ere». Gobernuak gutxiengo alauitarraren babesa dauka –Assad familia, eta erregimeneko elite politikoa zein militarra talde erlijioso horretakoa da–, baita kristau eta druzoena ere. «Atzerriak Sirian gertatzen ari dena arindu dezake, baina ez du aldatu behar».

Erresuma Batuak eta beren aliatuek Siriako «triskantza» gaitzestea ontzat jo du Cockburnek, baina nabarmendu duenez, «gaitzespen hori sendoagoa izango litzateke Bahraingo torturei, desagertzeei eta hilketei buruz hain argi hitz egin izan balute».

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...