Eskozia: «Ez nagusia, ez bigarren mailakoa; independentziarako errepidea bihurgunetsua izango da»

Eskozia.jpegEskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) Legebiltzarrean gehiengo osoa lortu duela jakin bezain laster, oposizioa independentziari buruzko erreferendumaren data zehazteko eskatzen hasi da. Hala ere, badirudi SNPk poliki eman nahi dituela pausoak, eskumen gehiago eskatuz hasita. The Scotsman egunkariak editorial batean adierazi duenez, erreferendumerako bidea ez da erraza izango.

Alex Salmondek zuzentzen duen Eskoziako Alderdi Nazionalak garaipen historikoa lortu zuen joan den asteko Eskoziako Holyrood Legebiltzarrerako hauteskundeetan: 129 diputatuetatik 69 bereganatu zituen. Laboristek eta toryek, berriz, inoizko jipoirik handiena hartu zuten: 37 eta 15 diputatu besterik ez zituzten lortu, hurrenez hurren. Aipatzekoa da parte-hartzea nahiko txikia izan zela, % 51,1ekoa (duela lau urtetik % 0,6 jaitsi da), baina aldeak oso handiak dira, eta hauteskunde sistema gehiengo osoak eragozteko pentsatuta dagoela kontuan hartuta, emaitzak are adierazgarriagoak dira.

Horregatik, oposizioa urduritzen hasi da eta Salmondi erreferenduma lehenbailehen deitzeko eskatu dio, batzuek pribatuki, eta beste batzuek publikoki, adibidez: Eskoziako toryen buru Annabel Goldiek. Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadore David Cameronen eledun batek adierazi du, aldiz, Cameronek ez duela erreferendumaren beharrik ikusten.

The Scotsman egunkariak nabarmendu du Eskoziako Legebiltzarrak erreferenduma deitzekotan, kontsulta maila bakarrik izango duela, Westminsterrek bakarrik daukalako erreferendumak deitzeko legezko ahalmena, eta Edinburgok independentzia Londresekin negoziatu beharko duela. Are gehiago, dioenez, oso posiblea da negoziazio horietan adostutakoa berriz ere erreferendumean bozkatzea eta herritarrek hainbat arlotan hitzartutakoaren arabera erabakitzea independentziak merezi duen edo ez. Ondoko arloetan, zehazki: errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, zeharkako zergak, Ipar Itsasoko petrolio etekinak, Erresuma Batuko zorra, gizarte segurantzaren eta ongizatearen finantzazioa eta kudeaketa, eta etorkizuneko segurtasun zein defentsa indarren ahalmena.

Westminsterrek erreferenduma laster deitzearen aldeko eta kontrako argudioak ere eman ditu Eskoziako egunkariak. Ona, Eskoziako Legebiltzarreko alderdiek datozen bost urteak gai beragatik borrokan ez igarotzea. Txarra, SNPren aurkako «mugimendu politiko makurtzat» jo daitekeelako eta «ondorio oso txarrak» eragin ditzakeelako. «Eta halako aldaketa konstituzional handi baten gainean bozkatzeko, aurreko legegintzaldian baino gehiago eztabaidatu behar da».

Erreferenduma egin aurretik, hiru pauso eman behar dira, The Scotsmanen arabera: lehenik, Eskoziako eskumenen lege proiektuari heldu; bigarrenik, independentziari eta horren ondorioei buruz sakonago eztabaidatu;  eta azkenik, independentziari buruzko erreferenduma egiteko batzorde bat sortu.

SNP-k lehenengoari ekin dio. Joan den legegintzaldian, Eskoziako Legebiltzarrak bertako eskumenak ugaltzeko lege proposamen bat egin zuen. Orain, Westminsterren aztertzen ari dira, eta irailean Eskoziako Legebiltzarrera itzuliko da, berriz bozka dezaten. Baina, bitartean, Salmonden alderdia proposamen horretan jasotako eskumen sorta indartzen ahaleginduko da; zehazki, maileguak hartzeko ahalmen handiagoa lortzen, sozietateen gaineko zerga bere gain hartzen eta gaur egun Erresuma Batuko koroaren mende dauden Eskoziako lur eta ondasun higiezinak eskuratzen. Dagoeneko Erresuma Batuko Eskoziarako Estatu idazkari Michael Moore liberalarekin bildu da eta bi aldeek jarrera baikorra adierazi dute.

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...