Zuzeuko erredakziotik oharra: EIEren albistea kendu dugu

MTQwOA==

Gertatutakoa (etikaren partia)

Naiara Ibar izeneko EIEko langileak, gutun bana bidali zien herenegun arratsean 350etik gora idazleri. Gutun horretan, bere lanpostuarekin gertatzen dena kontatzeaz aparte, berak EIEri buruz duen ikuspegia agertzen zuen, eta elkarteko partaide bakoitzari, gogoeta eskatzen zion, egin beharreko biltzarraren aurrean.

Zuzeuko editoreoi oso interesgarria iruditu zitzaigun bai gaia (EIEren funtzioa eta martxa), eta bai Naiara Ibarrek planteatzen zuen gogoeta. Iruditu zitzaigun gai aparta zela gure erabiltzaileentzat, ikusirik atzerago ere literatura eta idazleen inguruko albisteek gurean izaniko harrera bikaina. 

Hala, bada, gutuneko pasarte batzuk aukeratu eta albiste gisa argitaratzea erabaki zen, pentsatuz, bide egokia zatekeela eztabaida publiko bat, Ibarrek planteatzen zuena burutzeko. (Azken finean, EIE bazkideena da, baina diru publikoz elikatzen da eta euskalgintzari eta gure irakurleei dagokien gaia ere bada).

Eta bai, zalantzak izan genituen, geure izen-abizenarekin jasotako gutun bat Zuzeun erabiltzeko orduan. Hala ere, etikoki onargarria zela ebatzi eta argitaratzea erabaki genuen, esan bezala, Zuzeuko erabiltzaileen interesekoa izango zelakoan.

Gutun pribatua?

Gutun pertsonal bat publikatzea legezkoa ote? Hasteko, zeharo ezmorala, idatzi zigun gutunaren egileak iruzkinetan, legearen kontrakoa ez ote den galdetuz batera. Niri ere ez zait bidezkoa eta morala iruditzen modu pribatuan bidalitako gutun bat publiko egitea, idatzi duenaren kontsentimenturik gabe, bederen, idatzi zigun Zubeldia idazleak.

Eta gauzak nola zeuden ikusita, albistea erretiratzea erabaki genuen eguerdi aldera. Galdera batzuk zintzilik geratu zitzaizkigun, ordea. Hortik dator gaurko gogoeta hau guztia.

Izan al daiteke gutun pertsonal edo pribatu, era masiboan bidaltzen den gutun bat? Gutun hori 350tik gora pertsonari bidali zitzaion, teorian denak idazleak eta, gainera, euretako asko… kazetariak! Argian, Berrian, Zuzeun eta beste mila lekutan gauza guztiez idazten dutenak. Zein zen Ibarren asmoa, ba, horietako bakoitzak gutuna jaso eta ixilpean gordetzea? Han idatzita zetorrena inork ez aireratzea?

Ez dugu uste pertsonalki ezagutzen dugunik  Ibar andere edo andereñoa, baina segur ez dela halako gauza bat sinesteko bezain inuxentea. Kontua gordean nahi bazuen, zertarako ibili horrela barreiatzen albistea hainbeste jenderi? Spam moduan bidalitako zerbait, har al daiteke gutun pertsonaltzat?

Guk uste genuen, gutunaren zatiak argitaratzeak, eztabaida bizitu eta aitzinaraziko zuela, hain juxtu, Ibarrek nahi zuen zentzuan: zertarako dago Elkartea, zein du egitekoa, etc?

Moralaren partia

Bai Ibarrek eta bai Zubeldiak, biek, moralaren kontrakotzat jo dute guk egindako gutunaren zatien argitaralpena.

Ulertzen dugu ikuspegia, baina moraltasuna eskatzen hasteko, norberak bete behar du lehenik baldintza hori eta guretzat spam zirikatzaile bat dena, bi bazkide hauentzat kontu  pertsonala edo pribatua bada, argitu beharko da, Ibarrek ez ote duen bere gutun pertsonal bat bidaltzeko, berea ez den datu base bat erabili.

Erran nahi baita, EIEk dauzkan bazkideen datuak, konfidentzialtasunean eman zaizkiola EIEri eta ez beste inori, ez eta ere Naiara Ibarri, guk dakigula. Datu horiek EIEk erabil ditzake bere informazioak bazkideei pasarazteko, eta ez beste ezertarako. Ez dirudi hori Naiara Ibarren eskumena denik, gutun pertsonala bidaltzeko. Kontuz, beraz, besteoi moraltasuna eskatzean.

Irudika dezagun Athletic futbol taldeko zuzendaritzan, edo beste edozein elkarte handitan lanean dabilen informatikari, idazkari edo bazkideen datu basea eskura daukan edonor, hasten dela bazkide guztiei eta bakoitzari gutun bana bidaltzen euren eposta pertsonalera, lan kontratua amaitzen zaiola esanez eta ez dagoela konforme Athleticen funtzionamenduarekin eta gogoeta egin behar luketela bazkide guztiek, etc. Normala eta bidezkoa ote?

Amaitzeko

Honen guztiaren ondoren, Elkarteak berak atera du agiri bat, hain juxtu, Naiara Ibarrek bazkideen artean gutun bat zabaldu duela eta. Pentsatzekoa da, beraz, Naiara Ibarrek ez zeukala baimenik berarentzat berea ez zen gauza bat erabiltzeko, helbideen datu basea esan nahi da.

Oraintxe, ez dakigu morala ote den EIEren zuzendaritzak pertsonalki bidali digun Adierazpen Instituzional horretan dioena hona ekartzea, baina funtsean dio eskertu egiten duela EIEren alde Ibarrek egindako lana, baina ez dituela haren hitzak eta egintzak baloratuko.

Eta hala amaitu dugu beti lez desbideraturik, funtseskoaz mintzatu gabe: zer demontre gertatzen da EIEn?

Irudia | Kezkatik kezkara | Adriano Agulló | Creative Commons By SA
EIE, literatura
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

8 pentsamendu “Zuzeuko erredakziotik oharra: EIEren albistea kendu dugu”-ri buruz

  • Naiara Ibar 2010-02-04 10:21

    EIEko bazkideei igorritako gutuna, eurentzat soilik zen, noski. Ez zen inondik inora eztabaida publiko bat sortu asmoz idatzia, bazkideei hausnar dezaten eskatuz idatzia baino. Hori ez da kontua, ordea. Egilearen baimenik gabe argitaratu zenuten gutuna, eta atzo legezkoa ote zen ez banekien ere, gaur bai. Ez da legezkoa. Beraz, mesedez, ez jarraitu afera honekin. Datu-basearen kontuan “berea ez den datu base bat erabili du” aipatu duzue… Bazkide zareten aldetik, jakin beharko zenukete bazkide guztiok dugula “bazkideen txokoan” den informazioa erabiltzeko eskubidea. Hau duzue nire azken mezua, argitu beharrekoak argituta daudelakoan nago. Ez dut beste ezer esango.

  • Gari Garaialde 2010-02-04 11:07

    Erabat kanpotik eta barruan gertatzen denaz ezertxo ere jakin gabe idatziko dut iruzkin hau, baina EIEn dauden edo ez dauden arazoen inguruan baino, atzoko sarrerarekin gertatutakoa komentatu gura nuke.
    Ez dakit legezko den edo ez, etiko den ere dudak dauzkat, egilearen baimenik gabe egin zelako.
    Ala ere, jasotzaileak ez du inondik lapurtu, berak jaso du gutuna! eta horrekin zer egin zeinek erabakitzen du?
    Neri norbaitek gutun bat bidaltzen badit, zein da gutunaren jabea?
    Neri kontatzen didatena kontatzeko, iturriaren baimena behar dut?
    Agian Naiararen izena ezkutatu eta edukina bakarrik publikatuta egokiago litzateke?
    Ez dut uste gaiztakeriz egin zela esateko inolako biderik dagoenik. Nik sarrera irakurri nuen, eta neri kezka iritsi zitzaidan (Zuzeuren eskutik esan nahi baita), eta ez kaka nahasteko gogoa.

  • Putre-kazetaritzaren beste adibide bat, zoritxarrez. Itsusia izan zen atzokoa argitaratzea, eta itsusiagoa da egileari publikoki barkamenik eskatu ez eta egurra ematea, gainera! Ez zen lan handia baimena eskatzea bada! Errazagoa da “kaka” zabaltzea, badaezpada, eta gero zalantza izan zenutela esatea. Bazkide baten gogoetarako deia “spam” izenarekin bataiatzea ere gogorra da gero. Zuena bai spam kazetaritza! Puntu asko galdu dituzue.

  • Iñaki Zubeldia 2010-02-04 12:09

    Uste dut Naiararen gutuna begirunez eginda zegoela eta ezin zitekeela spam-tzat hartu. Nik ez nuen hala hartu behintzat. Arazo bat planteatzen zigun bazkideoi barne bide batetik, hau da, bazkide guztion esku dagoen datu base batetik. Beraz, ez dut uste horretan akatsik dagoenik, bazkide guztion esku baitago fitxategi hori. Bestalde garbi zegoen mezu hura barne gogoeta bat sortzeko zela, ez EIEtik kanpora “kaka” nahasteko, lehenago ere egin zen bezala. Honek ez dio elkarteari ezer positiborik aportatzen. Eta nahiko garbi zegoen Naiara ez zihoala mendekuz inoren aurka, elkartearen gaitz (gaixotasun, nahi baduzue) estruktural eta endemiko bat gure begien aurrean jartzera baizik: utzikeria, inkomunikazioa bi aldeetatik, zuzendaritza aldetik seguru asko eta dudarik gabe beste bazkideon aldetik, askotan gehiegi arduratzen ez garelako daukagun elkartearen osasunaz eta aurrera eraman nahi dituen proiektuez.
    Gariri esan nahi nioke nik gutun bat bidaltzen badiot polemikoa izan daitekeena, bera ez dela gutun horren jabea, mezuaren hartzailea baizik. Ni izango naiz mezuaren jabea eta igorlea, eta erantzule naizen aldetik pentsatu nahi dut nire gutunaren hartzaileak diskrezio nahiko edukiko duela ni istiluetan ez sartzeko eta besteen ahoetan hizpide bezala ez jartzeko.
    Besterik ez. Ea behingoz argitzen joaten den idazleen artean egon litekeen arazoa ahalik eta diskrezio handienarekin, prentsa horiaren eredu gaizto eta antzuetan erori gabe.

  • Argitutuko ote da behingoz EIEren lehendakariaren jarrera kontu guzti honetan? Gogoratu behar dugu Hasier Rekondo, ni neu, kanporatu zutela duela urte eta erdi eta Bilboko egoitza itxi zutela inongo justifikaziorik gabe. Honez gain, egungo lehendakariak eta bere aholkulariek dirua xahutu besterik ez dute egin azken lau urteotan eta langileen kontra jo dute behin eta berriz eurek inongo plan estrategikorik ez dutenean. Dakidanez oso giro zakarra dago bulegoan oraindik orain eta justifikatu ezin diren soldatak lan gutxien egiten duten langileen eskuetan. Poteoan ezagututako lehendakariaren lagun baten txostena erabili zuten ni kanporatzeko eta orain Naiarari antzeko zerbait gertatu zaio, dirulaguntzak urritu direla aitzaki oraingo honetan. Megalomania gailentzen denean honelakoak suertatu ohi dira

  • Urtzi Urrutikoetxea

    Hedabideak gaiari interesgarri baderitzo, horren berri emateko eskubide osoa dauka. Gutuna pribatua dela? Tira, beti egon dira ñabardura horiek gainditzeko erak. Abstrakzioa egin dezagun kasu zehatzaz, demagun Athletic-eko kide historiko batek gutun pribatua idazten diola, zuzendaritzako kide bati edo ehunka kideri, bost axola, atzerritarrak fitxatu behar direla esaten. Gutuna bere horretan argitaratzea ez da legezkoa beharbada, baina kazetariak erraz lor dezake beste norbaitek gutun horren berri ematea, eta kitto, badauka material argitaragarria. Beraz, euskal mundu txikian dauden eztabaidak publiko orokorrarentzat ere argitaragarri direla uste badu hedabide batek, zilegitasun osoa dauka horrekin albistea egiteko. Hori da kazetaritza: “hedabide honek jakin du XXXX elkartean hau eta beste jazo dela, eztabaida dagoela, batzuek haserre daudela honegatik eta horregatik…”

    Bestea, prentsa-oharren eta adierazpen ofizialen transkribapena, beste zerbait da, ez kazetaritza.

  • EIE diru publikoz elikatzen bada, ez al dugu guzti-guztiok, bazkide izan ala ez izan, erakunde horren berri jakiteko eskubidea? Sekretupan gordetako kaka-nahaste guztiak kanporatzeko?

  • Nik ikusten dudana: aparataje handia eta ilusio gutxi. Lehengo zuzendaritzarekin, hortik zehar erraz entzuten den zerbait da, baja nabarmen batzuk egon ziren. Oraingoarekin, bajak barik, langileen kaleratzeak. Elkarte bat da, ez lagun arteko talde bat. Normala ere izan liteke. Baina ez dago oskurantismo lar kontu honetan guztian? Zergatik ez da azalpenik emoten? Nori egiten dio mesede elkarte ahul batek? Eta idazleek, zer diote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude