zuzeuk urtebetetzea, lau, bost, sei, zazpi…

ZuZeuk urtebetetzea, lau, bost, sei, zazpi…

2013-04-14

Zorionak ZUZEU!!! Lau urte betetzen dituzu gaur. Ez da zifra borobila, baina badu bere sinbolismoa. Legealdi batek lau urte irauten ditu normalean, lizentziaturak lau urtekoak izan ohi dira, eta Olinpiar Jokoak edo munduko futbol txapelketa ere lau urtero ospatzen dira. Ez da zifra txarra beraz, atzera begiratu eta elkarrekin bizi izandakoa gogoratzeko.

ZuZeuk urtebetetzea, lau, bost, sei, zazpi...

2009ko apirilaren 14an jaio zinen, Espainiako errepublikaren egunean, asteartez.  Gaueko 22.00etan. Erditze normala. 2,9kg. Onartu beharra daukat ez zinela munduko haurrik ederrena, hazi ahala hobetzen joan zara, askoz politago ikusten zaitut orain. Eta ez, orain jarraitzaile mordoxka bat duzun arren, zurea ez zen jaiotza mediatikoa izan, nahiz eta agurtzera pasa zirenen artean baziren Anjel Lertxundi edo Joxe Aranzabal bezalako pertsona ilustreak.

A ze lanak ematen zenizkigun  Hasier Etxeberria eta bioi:  xatarrak aldatu, biberoia eman, mimatu…  Ez zinen oso negartia, baina beti gose, hori bai.  Eskerrak bazela inor inguruan laguntzeko prest:  Izaskun Perez, Nagore Vega, Oier Aranzabal,  Joseba Derteano, Xabier Gantzarain, Imanol Epelde, Jon Benito eta beste hainbat. Bai, arreta asko eskatzen zenigun, baina zaintzen zintugun, eta orain ikusten zaitudan bakoitzean harro sentiarazten nauzu.

Negar egiteari utzi eta oinez ikasi zenuenean aurkeztu zintugun, eta ez edonola. Ezagutzen dudan lehen twitprentsaurrekoa  egin genuen, ZuZeutik.  (Ez dut aurkitzen orduko bideoa hura, baina hor nonbait egongo da baldin eta egia bada ez dela ezer suntsitzen ahal). Zuzeneko irudiak zure URLtik eskaini genituen eta galderak twitterreti egin zizkiguten. Horretan ere tendentzia sortzaile. Lau urte geroago  beste batzuek dagoeneko gustua hartu diote prentsaurrekoak birtualki egiteari, baina antza Twitter bidez galderak egitearena ez dute sekula argi ikusi.

Ordutik aurrera, pixkanaka, hazten joan zara, zure egikera eta nortasuna definitu dituzu  -nola gustatzen zaizun politika eh! – eta lagun berri asko egin dituzu bidean. Eszeptikoak zureganatu dituzu eta fan talde leiala duzu.  Eta esperimentuak egiteko astia ere aurkitu duzu, papereko aldizkari horrena bezala. Bai, noizean behin badituzu horrelako kapritxoak.

Baina eskatu diguzuna baino askoz ere gehiago eman diguzulakoan naiz. Desertuan haizea altxatzera etorri zinen, Interneten euskaldunok aurki dezakegun informazio, iritzi eta eztabaida eskaintza zabaltzera, euskarazko albistarien panorama berritu, astindu, harrotzera. Lau urte beranduago Internetzale euskaldun askoren plaza bilakatu zara. Plaza horretan ditugu eztabaida sutsuak, barre algarak, kontzertu intimoak, hausnarketa sakonak…

Plaza izaten da bizitza sozialaren erdigunea, norbera bere aldetik ibili beharrean  hobeto egoten baikara elkarren ondoan. Baina ez da plazarik erabiltzailerik gabe. Izan ere, plaza al da funtzio sozial hori betetzen ez duen plaza? Erabiltzaileen esku (zure esku irakurle/zuzeulari) dago beraz etorkizuna. Eta etorkizuna horizontala da. Zorionak.

(Periodismociudadano)

ZuZeuk urtebetetzea, lau, bost, sei, zazpi…

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.

8 pentsamendu “zuzeuk urtebetetzea, lau, bost, sei, zazpi…”-ri buruz