Rikardo Arregiri buruzko pelikula

‘Zutik’ Rikardo Arregiri buruzko pelikula –

Zutik’, Rikardo Arregiri buruzko pelikula, azaroaren 27an estreinatuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean

Ainara Mendiolak zuzendu eta maluta* filmsek ekoiztu duen Zutik filma azaroaren 27an, 19.00ean, estreinatuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean (doan eskainiko da).

Zutik Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragileari buruzko pelikula laburra da. 1965etik 1969ra arteko ibilbidea islatzen du; artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jendearekin biltzen eta hainbat proiektu sortzen buru-belarri zebilen garaitik abiatuz, auto istripuz hil zenera artekoa.

Bere pentsamenduan eragina izan zuten hainbat egoeraren bidez irudikatzen da ibilbide hori -mahai baten ingurukoak guztiak ere-, baita egoera horietan bizitako giroaren bidez ere: logelako bakardadea, etxekoen berotasuna, askotariko gizarte eragileekin izandako eztabaiden suhartasuna. Eta, azkenik, Usurbilen, euskarari, euskal kulturari, gizarteari eta politikari buruzko ezusteko hitzaldi batean, bera baino helduagoak eta itzal handikoagoak ziren agintari, eragile eta artisten aurrean (Gaur eta Ez Dok Amairu taldekoak), gauzak aldatu behar zirela aldarrikatzeko ausardia. Gaur, Rikardo hil zenetik 50 urtera, hitzaldi horrek gaurkotasuna izaten jarraitzen du eta Rikardoren itzala sumatzen da oraindik ere.

Pelikularen ondoren, zuzendariak eta protagonistak (Mikel Arregi) solasaldia egingo dute. Jarraian mokadutxo bat eskainiko da. Asistentzia konfirmatzeko: info@malutafilms.eus helbidera idatzi.

Mikel Arregi. Mikel Arregi (Andoain, 1988) Rikardo Arregiren iloba da dokumental honetako protagonista. Bere lehenbiziko lana da.

Ainara Mendiola. Ainara Mendiola Mirasolain (Errenteria, 1978) Gizarte eta Komunikazio Zientzietan lizentziatu zen, EHUn. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian kazetari aritu ondoren, itzulpengintzan hasi zen lanean. Gaur egun, maramara* taldearen hizkuntza zerbitzuak enpresan aritzen da, ikus-entzunezkoen arloan espezializatuta. Gidoigintzari eta dokumentalgintzari buruzko ikastaroak egin ditu, Donostiako Larrotxene kultur etxean. Zutik bere bigarren filma da (lehenbizikoa Menchu Gal margolariaren inguruko dokumental bat izan zen).

Maluta* films.  Donostian sortu zen 2008an eta orduz geroztik hainbat lan ekoiztu ditu: Albaitari laburra eta Menchu Gal dokumentala (2012), Tres60 (2013) film luzea, Odola Odol (2015) dokumentala, Bagoaz! websailaren bi denboraldi (2017, 2018). Iaz, Oier Aranzabalen Margolaria pelikula aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian. 2019an Haizearen egia fikziozko film laburra eta Ainarak webdoka eta Apaiz kartzela dokumentala ekoitzi ditu.

‘Zutik’ Rikardo Arregiri buruzko pelikula

Estreinaldiak: Azaroak 22

‘Zutik’ Rikardo Arregiri buruzko pelikula

Euskal pantailaren gunea