Zuhibar eta Zuhigaraitxipi

Zuhibar eta Zuhigaraitxipi –

Pausutik Urruñara doan errepidea igota eta Teilatubaitako gaina gibelean utzirik, Urruñako sartzera iristen gara. Baina Arotzenia ostatuaren pareko sargunera iritsi baino hogeita hamar bat metro lehenago bada bidexka bat ezkerrean, Zugazti Motor den lekutik gora sartzen dena. Suhibarreko bidea du izena. Seinale gehienetan Suhibar azaltzen bada ere, tarteka Zuhibarreko bidea ere agertzen da euskarazko hainbat seinaletan, hau da z letraz idatzirik. Gorago joanik bada beste bide bat Suhigaraiko bidea izena duena. Gorago Zuhatxipiko bidea dugu. Hortik Gora Sokorriko Ama Birjinaren kaperara daraman bidea dago, Gailurrera iritsi gabe bada bide gurutze bat, eta bertan bada 1932an eraiki zuten harrizko otoitz-gurutze ederra. Ezker aldera doan bideak Zuhibarbordako bidea izena du. Muinoaren gainean eta magaletan  aipatu kaperaz gain, badira baso ederrak, tarteka hariztegi ederrak ikus daitezkeelarik. Muinotik jaitsiz eta Zokoa aldera joanez Suhiberri kanpinarekin topo eginen dugu.

Jadanik, irakurle, konturatu zara suhi edo zuhi hitzaz ari naizela idazten. Ene ustez, lehena, hau da, s letraz idatzirikoa, frantsesaren s txistukaritik dator, euskal z letraren antza duena. Ene irudikoz, euskaraz z letraz idatzi beharko genuke: zuhibar, zuhigarai, zuhatxipi, zuhiberri, zuhibarborda, zuhigaraitxipi… Zuhi hitza zahar-zaharra da eta gure toponimian bizi-bizirik dirau. Ezkurdun zuhaitzen basotxoa erran nahi du, hau da, hariztegia, ameztoia… Horrela erraiten digu Aita Pierra Lhandek bere hiztegian.

Zuhibar eta Zuhigaraitxipi
Hariztia Etxalarren. Arg: KSarasola (wikimedia)

Baina utz ditzagun ortografia alde batera, eta ikus dezagun labur-labur Urruñarekin eta zuhi hitzarekin loturiko bi pertsonaia. Lehena Graxiana Zuhibar da eta bigarrena Joanes Zuhigaraitxipi. Ikus ditzagun banan-banan:

Graxiana Zuhibar XVIII. mendeko emazte urruñarra dugu. 1750. urtean Frantziako gobernamenduak tabakoaren gaineko zerga ezarri zuen. Aipatu urteko martxoaren lehenean, Urruñako emazte talde batek protesta egiteko elgarretaratze bat egin zuen herriko plazan. Dirudienez, elizaren barruan hainbat txikizio egin zuten eta, hori estakurutzat harturik, Urruñako agintariek armada zuten deitu. Soldaduek, plazara iritsi orduko, tiro egin zuten bildutako emazteen aurka, eta bertan hil zituzten Graxiana Zuhibar, Maritxu Dithurbide eta Agustina Irigoiti. Emazteekin batera, baziren hainbat gizon ere, horietako bat Jean Lapitz, Bixitola etxeko jauna. Hau ere bertan tiroz hil zuten. Azken honen izena zikintzeko, emaztez jantzirik zegoela zabaldu zuten.

Joanes Zuhigaraitxipi, berriz, hendaiarra zen sortzez, geroxeago Baionan etxe bat erosi bazuen ere. Familiatik zetorkion itsasoarekiko lotura. Itsasgizon eta kortsario ospetsua izan zen. Hainbat idazlek eta ikerlarik baionarra zela zabaldu duten arren, Édouard Ducéré (1849-1910) baionar liburuzain, artxibozain eta historialari ospetsuak ongi frogatu zuen Zuhigaraitxipi itsasgintzari loturiko Hendaiako familia bateko semea zela.

Abizena edo deitura  Urruñako Zuhigaraitxipi baserritik zetorkien. Ez dezagun ahantzi 1654ra arte Hendaia Urruñako auzotegia izan zela.

Joanes Zuhigaraitxipi 1640 eta 1646 urteen artean sortu zen Hendaian. 1694ko irailaren 10ean, “L´Aigle” ontzian kapitain zihoala, Ternuako Fourillongo badiako Saint John’s  portuari egin zion eraso. Lema gidatzen ari zela, Saint John’s-eko kanoiek botatako metrailak hil zuen. Ternuako Plazentzia herrian ehortzi zuten. Aditu ainitzen ustez, Joanes Zuhigaraitxipi dugu Lapurdik eman duen kortsariorik handiena.

Euskaldunok, bizi garen egoera kolonialean dela eta, ainitzetan ez dugu gure historia, behar bezala,  ezagutzen. Bada tenorea, gure iraganaz ardura gaiten eta gero askea egin dezagun.

Zuhibar eta Zuhigaraitxipi

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Zuhibar eta Zuhigaraitxipi”-ri buruz

  • Historia ezezagunak, niretzat bederen. “askea egin dezagun”, diozu: zer askatzeko? Iragana? Gure herria?

    ZUHI toponimo-erroari buruz, lehen aldiz aurkitzen dut hor aurrizki gisara. Atzizki gisa, adibidez Saraitzu…etab.

    – ZU edo SU berdin da; AUZ/AUS erroaren laburdura da, ALTUERA adierazten duena.

    – HI osagaiari buruz, HEGI erroaren laburdura dela uste dut.

    Horrela, ZUHI horrek zera adieraztu du: HEGI ALTUA

    Segi, Joseba, gure historiak eta ixtorioak arakatzen.

  • Elosegi Xabier 2021-10-25 00:01

    Milesker Joseba gertakari latz horren berria agerturik.
    Xuxentze tipi bat heriotza horiek 1750-02-28koak ziren. Martxoaren bateko heriotze-agirian garbiki aipatzen da “tués La veille”..
    Osagarri gisa erran behar da bortzgarren biktima bat izan zela, Kokobaitako 20 urteko Marie de Messanges. Hain zuzen, 1750-03-03ko heriotze-agirian, aipatzen da, “décéda la veille des blessures qu’elle reçut par un détachement D’Artois et une brigade de la marechaussée qui s’étaient rendus ici pour apaiser une émeute de femmes”.
    Zer izigarrikeria! Zer krimenak “bakearen” izenean!
    Noiz Urruñako karrika berri bat bortz urruñar horien izenak ez daitezen betikotz ahantziak izan?

  • Joseba Aurkenerena 2021-10-25 10:06

    Mila esker, bihotzez, Josu Naberani eta Xabier Elosegiri, zuen iruzkinetan eman dituzuen datuengatik.