Palestinatik Donostiara zubiak eraikiz

FM, Suhel Nafar, Safaa Arapiyat, Sorkun eta konpainia kontzerturako ensaiatzen, Gari Garaialderen argazkian.

Fermin Muguruza eta Javier Corcueraren Checkpoint Rock dokumentalarekin amaitu zen Giza Eskubideen VII. Zinemaldia, baina festak Egian jarraitu zuen Fermin Muguruza bera eta hainbat abeslari palestinarren eskutik. Itsu-itsuan joan ginen gehiengoa, zer topatuko genuen jakin gabe, baina mentalitate irekiarekin. Aurkituko genuenarekin disfrutatzeko asmoz eta FM tartean egoteak ematen duen bermearekin.

Amal Murkusen ahots indartsuak eman zigun ongi etorria, Naseem Dakwerren lauta eta Kher Fody poetaren djembearen laguntzarekin . Baina Safaa Arapiyat hip hop abeslari gaztea izan zen giroa pizten hasi zena. Letrak Arabieraz izaki, hizkuntzaren oztopoa Ingelesaren laguntzaz eta taula gainean duen energiarekin gainditu zituen.

Entsegu gutxi egiteak dakartzan arazoak begi bistan gelditu ziren, ordea. DJ Z ez zebilen eroso. Safaaren baseekin asmatu ezinik aritu zen eta bizpahiru aldiz eten izan behar izan zituzten abestiak. Baina publikoa horrelakoak barkatzeko prest azaldu zen.

DAM taldeko Suhell Nafar raperoak hartu zuen Safaaren testigua eta berehala ikusleak arabieraz edo, kantatzen edo, jarri gintuen. Bad Sound System irundarrak ere pasa ziren taulatik, baina Fermin Muguruzarekin hasi zen benetako festa. Abesti ezagunak, euskaraz, eta dantzatzeko moduko ska-reggae erritmoekin. Arrakastarako formula kontrastatua.

Hala ere, bada ez bada ere, aspaldian kontzerturik eman gabe zegoela aitortu zuen FMk, baina Jon Elizalde, Sorkun eta DJ Zrekin batera, konpondu ziren agerraldi txukun bat egiteko. Horretarako, azken diskako –Asthmatic Lyon– eta aurreko lanetako abesti ezagunak eskaini zituzten. “Azoka Eguna”, “Puzka”, “Urrun”, “Big Beñat” eta “Dub Manifest” besteak beste.

Unerik handienak iristear zeuden ordea. Fermin Muguruzak bere lagun palestinarrak berriz gonbidatu zituen oholtzara Linton Kwesi Johnsonen Reggae Fi Peach abesti esanguratsua kantatzera. Euskaraz eta Arabieraz kantatu zuten, berriz entzuteko gogoz utzi ninduen bertsio berria eskainiz.

Hemen duzuena ingelesezko bertsio originala da.

Ehunaka ahots “Checkpoint Rock, zubiak eraikiz, harresiak erautsiz” leloa kantatuz amaitu zen kontzertua. Ez dugu -ez nik, ez gehiengoak, nik uste- inoiz egon garen kontzertu onenen artean gogoratuko atzokoa. Baina ez ginen horretara joan. Palestinar kultura hango musikari eta poeten bitartez ezagutzea da proiektu honen helburua. Musikari palestinarrekin solidaritate eta komunikazio zubiak eraikitzea. Atzo ikusitakoagatik, lortzen ari direla esango nuke.

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.