Zubiak eraikiz, Jazzaldia

Zubiak eraikiz, Jazzaldia –

Haize bolada baten antzera, heldu bezain agudo alde egiten dute jazz doinuak gure herritik, uztailean beti. Jaialditzarretan azkena, gaur Ruben Blades panamarrak irekiko duen Donostiako Jazzaldia, «kulturen arteko zubiak» eraiki nahi dituena.

Ruben Blades, hondartzako izarra.

Hamazazpi oholtza eta ehun zuzenekotik gora dakartza Donostiako Jazzaldiak -erdiak baino gehiago doan-, “eta egitaraua integratzailea”, Miguel Martinen aburuz. Jaialdiko zuzendariak aurkezpenean egin zituen adierazpenok, aurtengo egitarauaren zertzelada nagusiak, ohi bezala, lagungiroan balego bezala ematerakoan; eta eskertzen da.

Gaurtik igandera bitarte, uztailaren 25etik 29ra, 53. Jazzaldiak izar handiak jasoko ditu, jazzarekin lotura zuzenagoa –Chick Corea, Gregory Porter– edo zeharkakoagoa izan –Ruben Blades, Caetano Veloso-; doinu latinoak eta brasildarrak ere izango dutelako tokia Donostiako festibalean. Baina baita horren ezagunak ez izanagatik arreta bera merezi duten musikariak ere.

“Uste dugu integratzailea dela egitaraua, kulturak integratzen dituela”, azpimarratu zuen zuzendariak, eta hiru adibide eman: Fakin Hussein, munduko perkusionista garrantzitsuenetakoak Dave Holland legendarekin eta Chris Potterrekin hirukotean egingo duen jazz eta indiar musikaren arteko uztarketa; gaztarotik Frantzian bizi den Naïssam Jalal txirula jole siriarrak Rhythms of Resistancerekin egingo duen jazzaren eta ekialdeko musiken arteko “zubi zoragarria”; eta arabiar musikako legenda, Rabih Abou-Khalil laud joleak egingo duen nahasketa, azken hamarkadetan jazz musikari itzaltsuenekin jo baitu han eta hemen. “Eta integrazio hori ez bakarrik oholtzan, entzuleen artean ere nahi genuke, jatorri ezberdineko eta adin ezberdineko zaeen artean; espero dezagun horrela izatea aurten ere”.

.

Gazteak oholtzara

Aurtengo Jazzaldiak duen beste ezaugarri nagusienetakoa gazteek izango duten parte hartzean dago. Hasteko, Donostian izango den izar nagusietako batek, etorkizuneko jazz kantari nagusienetakoa izango denak, Cécile McLorin Salvantek (azaleko argazkirako hautatu dugu), ez ditu oraindik 30 urte bete; bi formatutan joko du Jazzaldian, batean Trinitate Plazan eta bestean hurbilagoko formatuan, Victoria Eugenian eta eguerdiz.

Trinitate plazako lehen kontzertuan, bihar uztailak 26, jazz berriaren erakusle diren izenak entzuteko aukera izango da, batetik Jacob Collier enfant terriblea, 1994an jaioa!, eta bestetik R + R = NOW izen kuriosoaren atzean bildu den koadrilla zirraragarria, besteak beste Christian Scott tronpeta jolea eta Robert Glasper teklatu jole ospetsuak tartean dituena.

Eta gainontzean zer? Oholtza gainean kantari eta piano jole “apartak” izango direla ere nabarmendu nahi izan zuen Martinek.

Kantarien artean, bi izen baino ez zituen aipatu, Curtis Stigers eta, bestetik, Mikel Laboaren omenez Iñaki Salvadorrek atondu duen omenaldian -bihar uztailak 26, 12.30ean Victoria Eugenian- talde lanean kantatuko duten bi ahots, “gureak”, Ainara Ortega eta maria Berasarterenak -euskal musikariek presentzia handia izango dute doaneko oholtzetan-. Eurovision irabazi zuen Salvador Sobral ere izango da Jazzaldian! eta jada agortuak ditu emanaldiko sarrerak, Martinek azken zuzeneko hau aipatu ez bazuen ere.

Piano joleei dagokionez ere, ez zuen Brad Mehldau aipatu, ezinezkoa baita izen guztiak ahotan hartzea, Benny Green ilegorria eta Gogo Penguin hirukoteko Chris Illingworth bai ordea.

Egitarauari “gordinean” gainbegirada bat eman ondoren, beste bi kontu aipagai, aurtengo Jazzaldia dela-eta.

Batetik, aurten bi izango direla Donostia Saria jasoko duten musikariak. “Emakumea bata, ibilbide luzea eta dotoretasun handia duen Mary Stallings -ostiralean kantatuko du, eguerdiz, Victoria Eugenian-, azken hamarkadetan jaso duena merezitako onarpena”. Euskal herritarra bestea, “Baionan jaiotako Michel Portal. 82 urte ditu eta zalantza barik europear jazzeko klarinetistarik nabarmenena da; beti abanguardian”. Bi emanaldi izango ditu Donostian, biak igandean eta Victoria Eugenian; eguerdikoan jasoko du saria.

Bestetik, Miguel Martinek aurkezpena bukatu baino lehen nabarmendu nahi izan zuenez, gero eta gehiago dira Jazzaldiaren bueltan egitarau berezia antolatzen duten tabernak; “jaialdia hedatzen ari da”. Zuzeneko musikaz aparte, gainera, bi erakusketa ere izango dira ikusgai -Lanzagorta jazz afitxa egileari buruz-, eta jazzari buruzko mahai-inguru eta bestez aparte, Euskal Filmotekarekin batera, elkarlanean, oso ziklo interesgarria ari da proiektatzen Jazzaldia Tabakaleran.

Zubiak eraikiz, Jazzaldia Zubiak eraikiz, Jazzaldia Zubik eraikiz, Jazzaldia Zubiak eraikiz, Jazzaldia
Donostia, jazz uztaila, Jazzaldia, musika

2 pentsamendu “Zubiak eraikiz, Jazzaldia”-ri buruz

  • Giri eta bertakoen postureoa, instituzioen aurpegi garbiketa (“kulturaren alde”), parranda, “jazza” (esango didazue Izarok jazza jotzen ote duen, kalitate mnusikala gorabehera) eta beste ezerren gainetik negozioa galanta.

  • Urte osoan inork ez du jazza entzuten Donostian. Itxurakeria hutsa da Jazzaldia, eta mundu guztiak daki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude