Zorioneko aurkikuntza

Zorioneko aurkikuntza –

Oso erromantikoa iruditzen zait ezusteko aztarna arkeologiko batek, bat-batean, ordura arteko historiagintza ofiziala kolokan jar dezakeelako ideia. Eta herenegun Aranzadi Zientzia Elkarteko eledunek iragarritako aurkikuntza kontakizun hegemonikoaren dogmak iraultzen dituen horietako bat izan liteke. Arkeologoek jakinarazi zuten ekainean burdin aroko esku itxurako brontzezko xafla bat aurkitu zutela Irulegiko aztarnategian, Nafarroan; artefaktu horrek baskoiera zaharrezko izkribu batzuk zituela zizelkatuta; eta izkiriatutako hitz horietako bat, gainera, identifikatuta zutela: “Sorioneku”.

Zorioneko aurkikuntza

Nago zorioneko irudiaren ikerkuntzak orain arte egiazkotzat hartutako aurreiritzi asko desmuntatu ditzakeela, besteak beste, erromatarren garaiaren aurretik euskara ez zela sekula idatzia izan, edota idatzi zenean latinetik hartutako grafiaz baino ez zela egin. Baina aurkikuntzaren garrantzia gora behera, badago arreta ematen duen gauza bat, alegia, zer dela eta itxaron behar izan dugun XXI. mendera arte gisa horretako aztarna bat aurkitzeko, edo beste era batera esanda, duela bi mila urtetik gora euskara idatzi egiten bazen, zergatik ez ote den lehenago eta beste leku batzuetan arrasto gehiagorik aurkitu.

Gakoa lagun historialari batek eman zidan lehengoan: “bilatzen dena baino ez da aurkitzen, eta aurkitu nahi dena baino ez da bilatzen”. Alegia, ikerkuntza arkeologikoa erakunde publikoek sustengatzen dute, eta erakunde horien agintaritzan politikariak daude, eta politikariek nekez inbertituko dute baliabiderik estatus quo ideologikoa kolokan jartzen duen ebidentzia zientifikorik bilatzeko, izan ere, estatus quo horrexeri zor diote duten botere jarreran betikotzea. Boterean dagoenak boterean jarraitzea bermatzen dion kontaketa elikatzen duten ebidentziak baino ez ditu nahi eta horiexek bilatzera bideratuko ditu baliabide publikoak.

Kultura hegemonikoek eta inposatuek beti jokatu dute horrela. Begira diezaiogun bestela Israelgo kasuari. Hutsetik sortutako estatu artifizial horrek fikziozko errelato biblikoetan oinarritu du Palestina historikoaren lurraren gainean bere ustezko eskubide historikoak aldarrikatzeko justifikazioa. Kontakizun hori elikatuko duten ebidentzia zientifikoak bilatzen milioikako baliabideak inbertitu ditu azken zazpi hamarkadetan estatu hebrearrak; Jerusalem, esaterako, goitik behera zulatuta daukate Salomonen azken tenpluko adreilu bat edota David erregearen espartina bilatzeko indusketa lanetan; eta alferrik, nekez aurkituko baitute fantasiazko pertsonaia baten zantzu arkeologikorik. Nolanahi ere, arkeologia balio estrategikoko zientzia da Israelgo estatuarentzat, interes nazionaleko diziplina, hainbesteraino non 48ko eremuetako palestinarrek, Israelgo hiritartasuna daukatenek, debekatuta daukaten arkeologia ikasketak egitea, segurtasun arrazoiak tarteko.

Gauza jakina da mundu osoan eta garai guztietan zehar historia irabazleek idatzi dutela, baina aste honetan, sikiera, irribarre txiki bat atera digu pentsatzeak noizean behin zorioneko aurkikuntza batek kontakizun ofizial hori pitzatu dezakeela.

Zorioneko aurkikuntza Zorioneko aurkikuntza

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

Zer duzu buruan “Zorioneko aurkikuntza”-ri buruz

  • josu naberan 2022-11-27 20:01

    Bai dela garrantzitsua aurkikuntza hori,

    Eta balio esatea, hizkuntzalariek zein hedabieek erraiten duten moduan, “incertidumbres” daudela (pozik entzunen dizute hori Iruña-Veleiaren nagazionistek!)
    Baina euskaldunok dagoeneko hortzak berdinduta dizkiagu.

    Nik neuk ere dezifrau diat honeskeru testu famatu hori, eta hurrengo ondorio hauek atera:

    1-testu euskera/iberikoa dela; hainbat berba ageri dare iberierazko: TIR, TER, TA…etc
    TIR (bikaina) TER (parajea) TA (leuna, bailara).

    2- eta hainbat gauza ateratzen direla euskerazko: aditz primitiboa (TA-AN-EIÑ-EN); EIÑ-EN adizkia bera, eta beste haibat sekretu. Adibidez *SORIO-EIÑ-EN-UKU: “leku (UKU) zorionez (ZORIO) betea (EIÑ-EN)”

    lehenik, azaldu behar da ezen jatorrizko Z zergatik bihurtu de S : “irregultasun” (horrela deitzen diote hizkuntzalariek) bat gertatu delako. Zergatik, diot nik, den-dena explikatu behar delako. Bada, bi bokal elkartzean, kasu honetan O-E, halako irregulitateak sortzen direlako beti.

    3- EKU ez da ezer. UKU erroa, bai ostera: “leku/lekua”

    4- eta gero bokal eta kontsonante saltsa hori, “ofizioko hizkuntzalariei “incertidumbres” sortzen dizkiena nahasi-mahasia.

    5-Baina ez nahasi ez mahasia, profesta: letra-kodeak dira. Hots, bokal eta kontsonante horien azpian berbak daudela
    Hortaz, bokal edo kontsonante horietariko bakoitzaren azpian, hori irakurtzean hitza ezagutzen zuen zekazki:

    E letraren azpian bazekiten “EKUSU” iberiera zegoela (ikus ezazu) eta dena horrela:

    N T N dioen azpian, eusl aditz primitiboa zegoela *TAN-EIÑ-EN-….etab.

    Beraz, euskera (oso ongi) eta iberiera (berdinki ongi) ez dakienak, ezin du dezifratu testu hori.

    Eta hori da gertatzen zaiena ofizioko hizkuntzalariei.

    Esan dezatela zer gertatzen zaien argi eta garbi: ez direla KAPAZ TESTU HORI INTERPRETATZEKO.

    Izan daitezela sikeran zintzoak.