Zirkoaren magia zugan badago

Cirque du Soleil edo Cirque Éloize itzal handiko taldeek gure oholtza nagusienak sarri zapaldu eta ikusentzuleen eskerrona jaso arren, gurean oraindik orain ere arte arrotz samarra da zirkoa, are gehiago Kukutza eraitsita Koblakari bezalako euskal konpainiak egoitza barik utzi zituztenean.

Baina behar beste arreta eta laguntza ez izan arren, zirkoaren magia zugan badago, baduzu non ikasi eta gozatu gurean ere.

ZAWP proiektuaren barruan dagoen Karola Zirko Espazioak akrobazia, aereoen eta klown ikastaroak ematen dituzte, besteak beste. Ikusgai duzuen bideoak 2015eko ikasturtean landu eta ikasitakoa agertzen du, ikastaro bukaeran egin zuten erakustaldia baita.

Ezin asmatuko dugu etorkizunean Karola Zirko Espazioko ikasle gazteak -neskatoak, gehienak- arestian aipatu ditugun nazioarteko konpainien pareko arrakasta erdietsiko duten, baina ez dago ukatzerik ondo pasatzen dutela!

 

Zirkoaren magia zugan badagoZAWP

Karola Zirko Espazioak “zirko eta kale antzerkia zabaltzea” du helburu eta konpainia profesionalei entseguetarako gune apropos bat eskaintzen die, 700 metro koadrokoa; besteak beste Malas Kompanias Zirko Taldea, ZirKale, Shakti Olaizola, La Glo Circo eta La REssistance dira egun espazioko kide.

Zorrotzaurre Art Work in Progress esan nahi du ZAWP hitzak -2008an hACERIA Arteak elkarte kulturaletik jaio zen mugimendua-, egitasmoak Deustuko Erribera auzoan eta Zorrotzaurre penintsulan hutsik eta utzita dauden tailerren eraikinak berreskuratu baititu arte disziplina ezberdinen garapenerako. Guneak, aipatutako artelan eta ikuskizunak erakutsi baino, sortu egiten ditu bertan, eta sortze prozesuan parte hartzera gonbidatzen du sarri bisitaria.

Besteak beste, eta Karola Zirko Espazioarekin batera, ZAWP-en daude arte eszenikoetarako gune Pabellon 6 eta Garabia ZAWP Aretoa ere.

.

* Beste bideo labur bat, Karola Zirko Espaziaok orain hiru urte, UDA ZAWP 2012 egitarauren barruan eman zituen tailerrak eta ikuskizuna laburbiltzen duena.

Karola Zirko Espazioa, klown, tailerrak, zirkoa, zorrotzaurre, ZWAP

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude