Zinemaldian galdu ezin dituzun filmak!

Donostia hilaren 21etik 29ra Zinemaren txoko bihurtuko da urtero legez. Kartel erraldoiak, izarrek ematen dioten glamourra, eta garrantzitsuena: pelikula kilometroak. Guk Juan González Andrés (@foteropanico) kazetari lagunari eskatu diogu, Zinemaldian galdu behar ez ditugun filmeen zerrenda bat egiteko. Denak ezingo dituzu ikusi, baina tira baduzu non aukeratu…

  • Sail Ofiziala (Lehiaketan)
Arbitrage (Iruzurra): Richard Gere eta Susan Sarandon, bi beterano handi protagonista dituen intriga ekonomikoen istorio batek zabalduko du Zinemaldia. Donostia Sari bana irabazia dute aktoreek eta zinta honekin Zilarrezko Maskorra irabazteko lehian sartzen dira. Luxuzko inaugurazioa.
Blancanieves. Ikusmira gehien sortu duen Espainiar Estatuko pelikula da. Pablo Berger bilbotarrak Grimm anaien ipuinaren ezohiko bertsio bat sinatu du, 20. hamarkadako Espainian girotuta. Torero, folklorika eta ipotxekin. Film mutua da eta zuri beltzean egina dago!
Foxfire. Laurent Cantet bezalako zuzendari bat lehiaketan izatea luxu bat da. ‘Entre les murs’ edo ‘Ressources humaines’ filmak gustatu bazitzaizkizun, ez ezazu galdu ingeleraz errodatutako bere lehen filma. Emakume elkarte baten ingurukoa, 1953 inguruan, New Yorken girotua.

Quartet. Zinemaldiaren itxiera aurtengo Donostia Sari batek zuzentzen du: Dustin Hoffmanek hain zuzen. Interprete erraldoi honek aktore bezala ezer gutxi du erakusteko jada. Baina ikusi beharko da kameren atzean nola mugitzen den, hau baitu bere Opera prima.
Beste batzuk: Aurtengo lehiaketak itxura izugarri ona du hasiera batean.  Beste pelikulak ikusteko gogoa ere edonori pizten zaio: Costa-Gavras (Le capital), François Ozon (Dans la maison), Javier Rebollo (El muerto y ser feliz) edo Lasse Hallströmena (Hypnotisören) esaterako.
  • Sail Ofiziala (Lehiaketaz kanpo)
Argo. Ben Affleck aktore baino askoz ere zuzendari hobea da. Errealizadore bezala egiten duen bere hirugarren filmarekin, Iranen egindako erreskate sekretu bati buruzko thrillerrarekin (AEBtan Oscar usaina hartu diotena), konfirmatuko al du? Bere aurreko bi filmak ‘Gone Baby Gone’ eta ‘The Town’ izugarriak dira.
  • Zabaltegi-perlak
Amour. Ezin naiz Michael Hanekeren firma daraman ezer gomendatu gabe geratu. Oraingoan Jean-Louis Trintignant eta Emmanuelle Riva beteranoen amodio istorio terminala dakar pantaila handira. Canneseko Urrezko Palmaren irabazlea.
Cesare Deve Morire. Shakespeareren Julio César interpretatzeko presoi talde batek egiten duen esfortzuaren inguruko film honekin, Taviani anaiek Urrezko Hartza irabazi zuten Berlinen.

No. Tony Manero eta Post-Mortem aparten egilea, Pablo Larraín txiletarra, Pinochetek deitutako erreferendumeko ezezkoaren kanpainan oinarritutako pelikularekin itzultzen da. Gael García Bernal da protagonista. 
Savages. Oliver Stone, zuzendari irregularraren -batez ere azken urteetan- azkena. Hala ere ezin dugu ahaztu bere garaian Wall Street eta JFK bezalako obra borobilak zuzendu zituela. Don Winslow-en liburuan oinarrituta, errepartoan Travolta eta Benicio Del Tororekin.
  • Zabaltegi-bereziak

Zuloak. Checkpoint Rock ederrarekin frogatu zuen Fermin Muguruzak dokumentalista gisa balio duela. Orain Eider Rodriguezekin batera idatzitako film batekin dator berriz pantaila handira. Arrate Rodriguezek bultzatu zuen, soilik emakumez osatutako, musika talde baten inguruko istorioa da.

Very Funny Things. Gaztelerara iztulita ergelkeria diruditen titulu batzuren atzean, ‘Desmadre a la americana’, ‘Resacón en las Vegas’ edo ‘Supersalidos’ bezalako pelikula aipagarriak ezkutatzen dira. Aurrejuzkuak alboratu!
Georges Franju. Zine eklektiko eta pertsonala egin duen, bidegabeki ahaztutako zuzendari baten filmografia ezagutu eta gozatzeko parada aparta. Bere Top 3a: ‘Les yeux sans visage’ (obra maestra), ‘Thérèse Desqueyroux’ eta ‘Judex’.
Bon apetit!
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

7 pentsamendu “Zinemaldian galdu ezin dituzun filmak!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude