Zinemako euskarak (“Loreak” I)

Altaïr aldizkariaren arabera, iazko sorpresa izan zen “Loreak” filma, ez bakarrik sariei eta kritikari dagokionean, baita publikoa kontutan hartuta ere, 50.000 lagunek ikusi baitzuten, ez da gutxi. Gainera, kopuruak gora egingo du Hollywood-erako bidean jarri izanak bigarren aukera bat emango baitio aretoetan.

Zinemako euskarakOscar sarietako lehian, finaleko azken bost filmeen artean sartuko balitz, euskarazko lehena litzake “Loreak”; eta Ingelesez besteko atalean izan diren hizkuntzen artean hiztun kopuru txikienetakoa du euskarak.

Antzeko zerbait jazo zen 1993an, Fernando Truebaren “Belle Epoque” filmak Oscar saria eskuratu zuenean. Orduan lehiakide izan zuen Paul Turner zinemagilearen “Hedd Wyn” lan britainiarra -Ellis Humhrey Evans poetaren bizitza kontatzen du-; 800.000 hiztun inguru dituen galeseraz filmatua.

.

Hizkuntza ez hegemoniko gutxi

Ingelesez besteko filmez berba egiterakoan, Oscar sarietan frantsesa, espainiera eta italiera izan dira nagusi; beti ere Altaïr aldizkariaren arabera. Beraiekin batera, japonierak, suedierak, danierak, errusierak eta alemanierak ere izan dute tokia, oso zinemagintza indartsua dute-eta.

Alta, munduan hiztun gehien dituen hizkuntzak, mandarin txinerak, 90eko hamarkadan lortu zuen lehen hautagaitza, Zhang Yimou zinemagilearen “Ju Dou” filmarekin. Hindiaren kasuan -Indiako hizkuntza nagusia eta munduko laugarren hiztun kopuru handiena duena-, nahiz eta zinemagintza aberats bat duen hizkuntza izan, hiru hautagaitza lortu izan ditu Oscar sarietarako, 1947an Vittorio De Sica zuzendariaren “Sciuscià” saritu zutenetik; Ingelesez besteko filmen atalean lehen saritua.

Arabierak eta portugesak ere ez dute inoiz saririk jaso. Lehena europako ekoizpenetan baino ez da entzun, eta bigarrena lau film brasildarretan (eta “Orfeu negro” frantziarrean). Ehun milioitik gora hiztun dituzten bengalera, indonesiera edo urdua ez dira sekula Oscar sarietarako hautagaitzetan entzunak izan.

Orain arte adierazitako guztiagatik ere, badira Oscar saria jasotako filmak, hizkuntza ez hegemonikoetan filmatuak izan direnak: estonieraz, tibeteraz, islandieraz edo mongolieraz; Europako zinemaldi nagusietan baino gehiago.

Cannes, Venezia, Berlin eta Donostian (Europako A motako zinemaldietan), a priori ikuspuntu irekiagoa izan eta munduko edozein bazterretako filmak erakutsi arren, aniztasun gutxi dago film sarituen hizkuntzei dagokienez, eta ingelesa da nagusi. Cannes-en, esaterako, ingelesezez, frantsesez eta italieraz filmatutako lanek erdietsi ohi dute Palma. Saritutakoen artean gutxi dira hizkuntza ez hegemonikoetan filmatuak; tailandieraz egiten duen Lung Bunmi Raluek Chat” edo txineraz eta hindiz berba egiten duen film bana dira salbuespena. Venezian vietnamera agertzen da sarituen artean eta Berlinen xhosa, Sudafrikan berba egiten dena. Gurera etorrita, Donostian, eta hizkuntzei erreparatzerakoan, aurtengo garailea dugu aipagarri, islandieraz filmatutako “Sparrows”.

Zinemako euskarak

Hollywood-eko akademiak “Loreak” hautatu eta euskara Oscar sarietako lehian sartuko balitz, zinea munduko beste hizkuntza eta parajeetara zabaltzeko ahaleginean beste urrats bat litzateke, Altaïr aldizkariaren arabera. Zinemagintza aberats eta interesgarriak oso dira besteak beste Indian, Txinan edo Nigerian; gurean ezezagunak badira ere. Zinema, literatura bezala, mugak zeharkatzeko modu ezin hobea da, mendebaldekoon buruetako zonalde ilunak argiztatzeko bederen.

Zinemako euskarak